Zertan diren egunak irail hasieran

Baliabide propioak

Autobuseko bidaia labur batean
pentsatu daitezkeenak pentsatzen
ingurukoek pentsamenduei bide ez emateko
bidezidorrak hartzen dituzten bitartean.

Kristalaren bestaldean mundua mugimenduan
nire gisa
mundua esatea gehiegizkoa da
ikusmiran dudan pieza txikian
ez baita benetako mundua ageri.

Zer ikusiko dute ingurukoek euren segapotoetan
non utzi dut nirea
zergatik ez nabil edozerekin betetzen
autobuseko bidaiak irauten duen
denbora tarte hits hori.

Inguruan ez daudenekin elkarrizketak
sare sozialetan erakutsi eta esaten direnak
norbere pentsamenduak isilarazten dituen musika
entretenimendu oro
edozer

baina nire pentsamenduek ere helburu berdinaz jardun
eta denbora tarte arraro hori betetzen dut
nire pentsamenduak diren baliabide propioz

bat gehiago naiz
autobuseko eserleku batean eserita
nora goazen jakin gabe

Zertan diren egunak irail hasieran

Eguzkia oraindik parkea argitzen
iraileko lehen egunetan udak dirau
mantentzen den bizi hau
itxuraz udazken arte egonkortzen

baina aldatzen doaz egunak
iritsi dira bidegurutze berriak
espero ez ziren zoriak
eta lanak, egiteke ditugunak

denbora gelditzen da bat-batean
parke desolatuari begira
musika iritsiz zuhaitzen argira
burua altxa bitartean

ez da askorik aldatu panorama
krisi bat tartean, aztoramena
gaixotasunean galduta askoren zentzumena.
Denborak bide berean narama

oroitzapen etengabeen erasoan
eraikitzen goaz oraina
datozen urratsek emandako mina
apaltzeko gaitasuna gure altzoan