Taberna, poesia eta gerrako ahotsak

Hilabete egin du tabernak itxita egon direla, Perikok gobernuko ordenantza jaso zuenetik ez du atariko sarraila ere ukitu. Bezperan jaso zuen oharra Inaxiok, teleberria atzetik entzun eta segituan abisatu zuen izeba Mertxe, ez zen izango, ba, oraindik kuadrillakoekin duela denbora luze elkartzeko lehenengo aitzakia. Hortxe zeuden guztiak, Inaxio, Mertxe eta Periko, barra inguruan azken hilabeteko istorioak medio, kontu-kontari. Bitartean, duela hilabete eta erdi kontratatu berri duen kamareroa lan eta lan dauka Perikok, ez ote duen barruko % 50 eta kanpoko % 100 kubrituko honek bakarrik. Nolatan eta, ikusi du kamareroak urrutitik neskato bat gerturatzen. Aurpegi erdia baino gehiago estalita badarama ere, nabari zaizkio begipeak emakumeari. «Eta badirudi dena kafe batekin konpontzen dela», otu zaio Mikeli.

Barrara gerturatu da emakumea, presa daukala iradokitzen duen horren antzera baina lasaitasuna izan beharko duen horren pareko. Jada lana akituko zuen Idoiak. Kafe bat eskatu du, soja esnearekin, betiere, ahal bada. Eta ostatuko gibelean dagoen mahai batean eseri da, sega-potoa une batez begiratzen duen bitartean. Gehiago begiratu nahi ez duela dakienaren gisara, gorde eta kafea itxaron du, antza, gogo handiz. Mikelek, arduratsu, «ondo?», galdetu dio Idoiari. Hitz totelka erantzun dio: «bai ala ez erantzuteko bezain galdera erraza izango balitz, ez nizuke kaferik eskatuko». Orduan ohartu da Mikel; aldamenekoak sentitzearen pisua zekarren hankartean, horregatik zeukan ohea betazpian marraztua. Eskuen artean gorputza berotu ostean, Idoiak zakutik eleberri bat atera du, mundutik at egongo bazina bezala sentiarazi baina bertaratzen zaituen horietako bat, itxuraz. Hala igartzen zuen, behintzat, bere egonaldi laburrak.

Atzeko aldea irakurtzen saiatu da Mikel barra bestaldetik, ea izenburua lortzerik duen, ea horrek esango dion zer ezkutatzen den Idoiak erantzundako ez deskafeinatu horren azpian. Bi kafe zerbitzatu eta berarengana gerturatu ahal izan ondoren konturatu da Mikel nolatan Idoiaren betazpietan irakur zitekeen, haren solasaldi laburrean legez, noraino irits daitekeen miseriak dakarren hitzen ondoeza, eta ez dela kontu zaharra harrezkero, J.S.-k bere garaian eta egun presente, askatasunaz zioena: «alde egin zezakeela susmatu genuelarik, lotu egin genuen. Batzuek, horri, “neurriak hartzea” deitu zioten». Zein izango da hitzen balioa egungo gizartean, ez bada oraingo botere formak ezartzen diena. Zein izango dira orduan, barraren alde batean eta bestean diru truk aritzen garenok hartu beharreko neurriak. Zein da barran eta hortik bestaldera aurkitzen den guda-zelaia. Poesian diote, bada, aurkitzen direla gerraren ahotsak; edo baten bat, antza, ezkutaturik, deiadar artean trabaturik soinu egiten ikasi duena.