Martxoaren 3ko gertakarietatik mende erdia igaro denean Gasteizko GKSk argitaratutako fanzinea dakargu hona. Orduko hartan idatzitakoak, gaurtik atzera begira idatzitakoak eta, batez, ere, etorkizunera begira idatzitakoak bildu dituzte. Hona hemen sarrera ematen dion testua eta fanzinea bera osorik.
Recordar a los muertos sin recordar
sus sueños es matarlos por segunda vez.
IMANOL OLABARRIA
Urtero gogorarazten digu egutegiak martxoaren 3an jazotakoa, gasteiztarron memoria kolektiboan gorriz markatutako data. Aurten, 50. urte betetzen dira 1976ko gertakarietatik, eta Gasteizko GKStik ere, gure ekarpena egin nahi izan dugu memoria iraultzailea bizirik mantendu eta haustura politikoaren aldarria eguneratzeko. Horretarako, buru belarri ibili gara kurtso hasieratik auzoz auzo gazte komiteak, hitzaldiak edota ekitaldiak antolatuz. Lan militante honen artean kokatzen dugu ere esku artean duzun fanzinea, literaturatik eta bestelako euskarrietatik ere borrokari ekarpena egin dakiokeelako ustean.
Fanzineak garai hartan gertatutakoa modu aberatsagoan zabaltzeko aukera ematen digu, belaunaldi berrietan transmisioa sustatu eta Gasteizko Sarraskian hil zituzten kideak ez ezik, horren aurretik eta horren ondoren egondako borroka guztia omentzeko eta gaur egunera ekartzeko. Memoria iraultzailea bizirik mantenzteko.
Bertan bildu ditugun testuak askotarikoak dira. Horien aurretik martxoak 3ari buruzko datuak bildu ditugu, borroka prozesuaren dimentsioaz jabetu eta testu literarioak kokatzeko. Parte hartzaileetako batzuek zuzenean bizi izan zuten garai hura: asanbladak, fabriketako piketeak, poltsa hutsen martxak, barrikadak, martxoaren 3ko sarraskia… Asko lehen lerroan egon ziren borroka prozesuan zehar. 1976ko grebari buruzko kontakizun bana eskatu diogu bakoitzari: jazotakoari buruzko hausnarketak, gogoan dituzten momentuak. Gaur egunera ekarri nahiko lituzketeenak.
Parte hartu dugun gainontzekoak gaur egungo Gasteizko gazteak gara. Gurea aurreko ziklo politikoaren ajean jaiotako belaunaldia da: mantra bat bezala errepikatu digute iraultza sozialista umekeria dela, iraganeko kontua, akaso; errebeldea izatea ondo dagoela, baina lasai egoteko, gehiegi molestatu gabe. Gure hiriaren historiak, ordea, erakusten digu aldaketa handiak posible direla. Ez garela zertan ogi apurrekin konformatu. Gure klasea, antolatuta, gai dela etsaiari aurre egiteko. Etsipenari aurre egiteko. Egungo gazteon prespektibak bildu nahian, esan bezala, hainbat gasteiztarri luzatu diegu gonbita gai honen inguruan hausnartu eta memoria ariketa hori testu literario baten bidez egiteko. Hainbat ilustratzailek ariketa berdina egin dute, marrazkien bidez.
Lan guztiak behin eta berriz errepikatzen ari garen lelo batek biltzen ditu: «Borroka ez da eten». Ez dugulako memoria desitxuratu edo despolitizaturik nahi; ez dugu nahi Gasteizko Sarraskia erregimen kapitalistaren ustekabeko tragedia bat bezala irudikatzerik. Badakigu garai horretan agintzen zuten berdinek inposatzen digutela orain gerra, Estatu autoritarioa eta faxismoa. Guri dagokigu, Gasteizko langile klaseari, eta bereziki, gazte langileoi, martxoak 3ko iraultza grina bizirik mantentzea. Borrokak aktualizatu eta oraindik ere zapaltzen gaituen klase diktadurarekiko alternatiba bat eraikitzea. Azken muturrerarte eramatea 1976an piztu zen txinparta. Borrokan jarraitzea da egin dezakegun omenaldi onena. Bidean ikusiko dugu elkar.

