Eliz kanpaiek
iragartzen dituzte orain
etxe kaleratzeak.
Ate danbatekoak, bultzadak
neguko eskularruak, partxis taula
eta argi-fakturak Ikeako poltsan
urdin bera duten
sirena hots,
trajedunen artean.
Gorriz izendatutako
kartoizko kaxetan
biografia baten puskak
besoetan
esku hutsik geratu den
gotele arteko bizitzan.
Bigarreneko haurra
ari da balkoitik agurtzen
ogi bila zoazenaren esperantzan.
Betazalak ixtean
nahi zenuke pertsiana hotsa atera
gortinen atzean sukaldatu intimitatea.
Nahi zenuke patio bat izan
biharko eguna eskegitzeko;
zoru bat atzoko arrastoak
erratzaz jasotzeko.
Pareta bat
hazten doan alabaren luzera
zure garaipenak markatzeko.
Nahi zenituzke apal batzuk ideiak eusteko
mahai bat elkarrizketak elikatzeko
zirrikituren bat
izan dezan hego-haizeak non sartu.
Baina, batez ere,
haien etxeetako ateak
irekiko dituen eskuak dira
nahi dituzunak.
Sarraila berri bat
zizelkatuko dizun giltza.

