«Porrota errebantxaren zain dago». Esaldia Eugène Pottier artista sozialista frantziarrarena da, langile-mugimendu iraultzaileari mugimendutik bertatik hainbeste poema eta ereserki –tartean, Internazionala bera– laga zizkion idazlearena. Duela 150 urte idatzi zuen justu, Adolphe Thiersen armadak Parisko Komuna bortxa beldurgarriz garaitu eta ehunka langile exekutatu ondoren, porrotaren biharamunak eta erbesteak sortutako amorrutik. Esaldiak zehatz eta indartsu adierazten du porrotaren gogorra, baina baita jarraitzeko determinazioa ere: garaitu gaituzte, esan nahi luke, baina ez da hemen ezer bukatzen.
Pottierren esaldiak ordukorako balio bazuen, areago balio diezaguke gaur egunekorako. Azken editorialean aritu ginen, besteak beste, klase-borrokaren azken ziklo politikoko porrotak utzitako egoeraz: XX. mende erdialdetik aurrerako burgesiaren garaipen politiko-kulturalak eta iraultza sozialek eraldaketa ekonomikoak betearazi ezin izanak determinatu dute mugimendu iraultzaile internazionalaren gure garaira arteko egoera. Ez soilik mugimendu emantzipatzaileena, langile-klasearen egungo egoera ere horretan oinarritzen da: erabatekoa da kapitalismoaren hegemonia kulturala. Bestelako norabide bat eman diezaiokeen subjektu iraultzailea desartikulatuta, egungo kultur bloke nagusien ulerkerak eta jokabideak kosmobisio kapitalistak dinamizatzen ditu. Prozesu sozial horretatik eratortzen da egungo masa-kultura proletarioa, zeinaren ezaugarriak baitira, gaur inoiz baino gehiago, apolitikotasuna, apatia, indibidualtasuna eta beste. Kultur bloke guztiek –baita langileonak ere– jokatzen dute, beren espresio espontaneoan, kapitalaren kategoria objektiboetatik eratorritako mundu-ikuskeraren eta jokabide-patroien arabera, eta horregatik da hain garrantzitsua borroka kultural iraultzailea berraktibatzea: subjektu iraultzaileak burgesiari kultur blokeak dinamizatzeko boterea kentzea eta kosmobisio komunista hegemonizatzea.
Iraultza sozialak, proiektu gisa, porrot egin izana da, ordea, gure garairaino iritsi zaigun egoera. Aski nabarmena da hori Euskal Herriko testuinguru konkretuan ere. Ezker abertzalearen korronte erreformista finkatu izana proiektu iraultzailearen likidazioaren azken kolpea bada ere, prozesu hori ezin daiteke klase-borrokaren nazioarteko testuingurutik aparte ulertu. Hemen ere azkar gailendu da kultura militantearen dekadentzia, mundu-ikuskera iraultzailearen galera, eta galdu da kapitalismoaren hegemonia kulturalari aurre egin diezaiokeen erreferentzia politiko esanguratsu oro. Porrotak bildu ditu gurean azken hamarkadak, derrotismoak, egoera politikoa gako iraulzaileetan positiboki ebazteko ezintasunak. Eta horrek bizitza sozialeko alderdi guztietan dauka eragina, baita arte-ekoizpenean ere.
Derrotismoak, bizi-perspektiba iraultzaile oro desagerraraztearekin batera, artearen kontzepzio iraultzailea ere zalantzan jartzea ekarri du. Langile-mugimendu iraultzaileak funtzio politikoa betetzea esleitu izan dio arteari historikoki, bestelako komunikazio- eta sozializazio-bideekin batera erabilgarria izan dakiokeela ulertuta, baina derrotismoak, hain justu, arte politikoaren gainbehera eta kontzepzio horren problematizazioa ugaritzea ekarri du.
Euskal Herriko kasuan, XX. mendean zehar langile-mugimenduari eta askapen nazionalari ekarpena egin nahi izan dioten praktika artistikoak asko eta askotarikoak izan badira ere, 80ko hamarkadatik aurrera garatzen eta finkatzen da nazio-askapen mugimenduarekin lotura zuzena duen eredua; musikaren eremuan Euskal Rock Erradikala deitutakoarekin eta haren epigonoekin lotu daiteke argien, baina ereduak izan ditu erreferentziak literaturan, bertsolaritzan eta abarretan ere. Artea arma politiko gisa erabiltzearen ulerkera dago eredu horren oinarrian: mezu zuzenak, komunitate politikoarekin atxikimendua sortzea, artearen bidezko kritika eta politizazioa. Eredu hori gure garaietaraino iritsi da, baina modu anakroniko eta dekadente batean: mugimendu eta kultura politiko iraultzailea ziren arte-eredu horren existentzia baimentzen zutenak eta politika iraultzailearen porrotarekin batera galtzen du bere izateko arrazoia. Mezu zuzenak zirenak hustu egiten dira, atxikimendua sortu daitekeen komunitate politikoak galdu du bere izaera iraultzailea eta artearekin jada ez da kritikotasuna sustatzen, erreformismoari komeni zaion despolitizazioa baizik.
Derrotismoaren testuinguruan kokatu behar da gaur egungo artearen egoera ere eta, beraz, porrot politikoari ematen zaion aterabidearen araberakoak dira gaur egungo posizio artistiko hainbat. Porrotaren errebantxaren araberakoak. Alde batetik, ugaritu egin dira aurreko ziklo politikoarekin lotutako arte-eredu dekadentearen aurkako erreakzioak: arte panfletarioaren aurkako diskurtsoa, artearen funtzio politiko kontzientearen kritika sinplistak, artistaren autonomiaren aldarrikapenak eta abarrak. Eta, beste alde batetik, eredu horrekiko ustezko kontrakotasunean planteatu dira bestelako posizio estetiko batzuk: politikaren eta artearen bereizketa aldarrikatzen dutenak, artistaren konpromisoa ukatzen dutenak, arteak gehienez jota errealitatea islatu dezakeela diotenak.
Adibide esanguratsu gisa, Chill Mafia taldeko Kiliki Frexkok zera zioen joan den apirilean: «2000ko hamarkadan, 2008ko krisiaren aurretik, letra esplizituki politikoak egitea apurtzailea zen. Baina gaur egun askoz politikoagoa da zure errealitateaz hitz egitea». Posizio horrexetatik abiatzen dira kultura proletarioko hainbat artista garaikide, baina Chill Mafiakoek badirudi, gainera, politikotasuna eman nahi diotela. Jakina, proletalgoaren egungo egoera, masa-kultura proletarioa deitu izan duguna, islatzen du arte horrek –apolitikotasuna, drogen mendekotasuna, hipersexualizazioa, noraeza, biolentzia, arduragabekeria–, baina ez doa obrerismotik harago: ez da sekula zapalkuntza-egoera hori zalantzan jartzen, ez da kritikatzen, eta are gutxiago haren eraldaketa aldarrikatzen. Errealitatea islatzera mugatzeak hura bere horretan onartzea dakar, finean: eredu artistiko «apurtzaile» gisa saltzen denak ez du kultura kapitalista dominantea erreproduzitu baizik egiten, derrotismoaren aterabidea zirudiena ez da derrotismoaren beste espresio bat baizik.
Derrotismoaren aterabide erreal bakarra antolakuntza komunista indartzea da, alderdi komunistaren eraikuntza-prozesua da porrotaren benetako errebantxa berma dezakeena. Horrek artearen eremuari ere eragiten dio. Arte sozialistaren proiektua erabat dago eredu derrotistarekin aurkakotasunean, bere izateko arrazoia proiektu politiko sozialistan duelako, hain justu. Artearen potentzia iraultzailea berraktibatu beharra dago, kultura kapitalistaren erreprodukziorako tresna izateari utzi eta, klase-borroka iraultzailearekin koherentzian, egungo ulermen- eta jokabide-markoen eraldaketarako tresna bihur dadin.