Pablo Hasel: «Artista orok prozesu iraultzailea indartu dezake bere artearen zati bat kausaren esku jarriz»

Versión en castellano

Hainbat delitu egotzita espetxeratu zintuzten duela urtebete, haien artean «terrorismoaren gorazarrea» eta «Koroaren aurkako gezurrak eta irainak». Zure atxiloketak erantzun azkar eta sendoa izan zuen kalean, azken urteetan Espainiako Estatuan izandako mobilizazio ziklo handienetako bat bilakatu zena. Nola ikusten duzu zure espetxeratzeaz urtebete igaro den honetan? Nola ulertzen dituzu mobilizazio haiek?

Nire espetxeratzearen helburu nagusia izua zabaltzea da, jendea borrokara batu ez dadin eta salatu dudana salatu ez dezan. Mendekuzko zigorra ere bada. Horrenbeste urtez etengabeko jazarpen errepresiboa edo lintxamendu mediatikoa jasanagatik ere ni menderatzea lortu ez dutelako. Alde batetik, arte iraultzailearen lubakian egonik, bertan dirauten apur horiek deuseztatzeko ahalegina da. Arte iraultzailea sortzera ausartzen diren horientzat abisua. Arteak kontzientziatzeko duen ahalmenaz jabetzen dira eta, dauden baldintza objektiboekin, beldur handia diote. Horrexegatik, erreprimitzen gaituzten bitartean, sekulako ahalegina egiten dute inoiz baino arte degeneratuagoa sortzeko, alienatzeko eta bide iraultzailetik urruntzeko.

Bestalde, ni ez naiz artearen bidez borrokatzera mugatu, beste hainbat frontetan antolatuta egon naiz, beraz, kondena hau zuzenean antolakuntzaren aurkakoa ere bada.

Mobilizazioei dagokienez, desmobilizazio handiko garaia aprobetxatu zuten erantzuna saihesteko. Horregatik dauka are balio handiagoa gertatu zenak. Komunikabide mertzenarioek gezur ugari zabaldu zuten espetxeratzea musika eta txioengatik zela ezkutatzeko, adierazpen askatasunik eza argitara atera ez zedin eta modu horretan eskandalu eta mobilizazio gutxiago egon zedin. Gainera, manifestarien eta nire aurkako kriminalizazio eta desprestigiatze kanpaina izugarria ere abiatu zuten. Kanpaina honi terrore polizial oso gogorra gehitu behar zaio, zeinaren adibide diren larderia, manifestazioen debekuak, atxiloketak, jipoiak, espetxeratzeak, poliziaren foam pilota-tiroz begia galtzea, etab. Hala eta guztiz ere, dozenaka herritan mobilizazio masiboak egin ziren, oso borrokalariak kasu batzuetan, eta bereziki luzeak Katalunian, bertan azken aldian emandako borroka eta errepresio esperientzia orokortuak zirela eta.

Erantzun hori hainbat faktoreri esker eman zen: gogaitasun handia, hainbat antolakunderen eguneroko lan baliotsua, aurreko egunetan eman zen elkartasun olatu zabala eta Estatuari desafio eginez nik hemen gelditzeko erabakia hartu izana.

Faktore horiek guztiek, nire kondenaren arrazoia salaketa zabal bat izateari gehituta, mobilizazio horiek adierazpen askatasunaren aldeko aldarrira soilik ez mugatzea ekarri zuen. Izan ere, beste hainbat aldarriren artean, eskubide ta askatasun ugari defendatu ziren, Estatua zuzenean seinalatu eta amnistia osoa eskatu zen. Askatasun kolektiboen aurkako eraso larri eta onartezina zela aldarrikatu zen, ez soilik nire aurkakoa.

Horregatik guztiagatik, jauzi kualitatibo handia izan zen, eta horren aurrean erregimena oso urduri jarri zen (Bartzelonan Patronalak eginiko presazko bilerak argi erakusten du), hura geldiarazteko eraso amorratuak egiteko bezainbeste. Borrokarako grina eta antolakuntza gehiagoren faltak mobilizazioek jarraitutasuna izatea eta helburu gehiago lortzea (adierazpen delituak indargabetzea, adibidez) eragotzi zuten. Alabaina, isilarazi nahi duten mezuari zein preso politikoei ikusgarritasun handiagoa ematea, indibidualismoari aurre egitea, Estatuari mozorroa kentzea, elkartasuna eta antolakuntza sustatzea eta abar lortu zen, eta ez da gutxi.

Diskurtso eskuindarrak terroristatzat jotzen zaitu; ez da ezer berria. Baina ustez progresista eta ezkertiarra den parlamentarismo burgesaren hegala ere ahalegintzen da zure espetxeratzearen arrazoi politikoak despolitizatzen. Nolakoa da zure preso izaera?

Objektiboki preso politikoa naiz, baina Unidas Podemos eta beraien gisako jendailak, sostengatzen duten Estatua zuritzeko, ez du preso politikoen existentzia onartzen. Nire bahiketaren ondoren desmobilizazioa handitzen saiatu ziren, adierazpen delituak bertan behera uzteko eta ni askatzeko promesa faltsuak eginez. Iruzurgile hauek, errepresio-legeak ez indargabetzearekin nahikoa ez eta zabaldu egin dituzte, onartutako Mozal Lege Digitalak, alarma-egoeraren kudeaketak edo prestatzen ari diren Segurtasun Nazionalaren Legeak erakusten duten bezala. Askatasunen murrizketan ematen ari den sakontzea nabarmena da, eta horretarako gobernuan PP eta Vox egotea beharrezkoa ez dela erakusten dute. Nahikoa dira oligarkiaren morroi hauek. Gainera, «ezkerraren» izenean eginda, errazago, protesta eta gaitzespen gutxiagorekin, inposatzen dituzte herritarren aurkako politika horiek zein beste batzuk. Askoz larriago izanik, guztiz kontrakoa gertatu beharko lukeenean. Lotsagarria eta onartezina da oraindik ere hainbat mugimendu sozialen aldetik gobernu honekiko dagoen konplizitatea. Miseriaren areagotzeak eta oinarrizko beharrizanen prezioen igoerak ziurrenik matxinadak eragingo lituzke PP eta VOX gobernuan egonda. Premiazkoa da klase etsai hauek ozen eta argi salatzea.

Klase borrokaren historian artistek eta haien ekoizpenak proiektu komunistarentzat garrantzizkoak diren funtzioak bete izan dituzte. Zein da, zure ustez, musikak –eta arteak orokorrean– prozesu iraultzailean bitarteko politiko gisa duen potentziala?

Bai, eta horregatik izan da hain baloratua. Gaur egun, oraindik, ustezko komunista batzuek ez dute lan gisa hartzen. Faxismoak zabaldu zuen ikuskera da hori, baina artista antifaxisten aurka soilik. Faxistek begirune handia zieten (eta diete) beren zerbitzura dauden artistei. Arte iraultzaileak potentzial handia du, edukiak modu oso erraz eta eskuragarrian transmititzeko gaitasuna duelako. Gainera, sentiaraziz, borrokarako grina sortzen du. Historikoki frogatu da emozioek funtsezko papera betetzen dutela mugimendu orotan. Jakina, agitatzaile handiek transmititzen jakin dute. Pepe Balmón artista komunista eta preso politiko ohiak esan zuen bezala: «Injustizien aurka borrokatzeko min eman behar dizute lehenik».

Arteak botere handia du –boterean daudenek ongi dakite hori– kontzientziatzeko eta guztiz kontrakorako. Historian zehar eta gaur egun, zapaltzaile erreakzionarioek artea kausa progresisten aurkako arma gisa erabili izanaren adibide ugari daude. Albaniar komunistek Lanaren Alderdiaren historian kontatzen dutenez garai batean sozialismoaren aurkako eraso nagusiak artearen eta kulturaren bidez egiten ziren, ideologia burgesa transmititzeko orduan zuen eraginkortasuna zela eta. Horregatik aldarrikatzen zuten sozialismoa defendatzen zuen arteari garrantzia handiagoa ematea.

José María Sánchez Casas artista eta militante komunistak errealitatea bere gordintasunean islatu eta berau lehenbailehen eraldatzeko deia egingo zuen artearen premia handiaren aurrean «urjentziazko artea» eskatzen zuen. Beste artista konprometitu batzuekin batera Pueblo y Cultura sortu zuen, kausa popularraren zerbitzura zegoen artea eta bere batasuna aldarrikatzeko. Aldizkariak zuen potentziala eta betetzen zuen funtzioa zela-eta kolpe errepresibo gogorrak jaso zituen.

Ongi etorriak izan daitezela EKIDA bezalako ekimenak, argi daukatenak, halaber, artea eta kultura prozesu iraultzaile ororen ezinbesteko hanka direla. Leninek zioen bezala, «bere engranajearen zati bat».

Artistaren figura despolitizatu eta merkantilizatua orokortu da, baita inguru alternatibo eta progresistenetan ere. Zein da artistaren eta bere konpromisoaren funtzioa? Zein da artistek prozesu iraultzailean bete beharreko papera?

Artista orok kausa iraultzaileari ala kapitalismoaren betikotzeari erantzuten dio, ez dago arte apolitikorik edo «klaseen gainetik» dagoenik, nahiz eta hainbatek hori aldarrikatu. Egun ikus dezakegun hainbesteko basakeriaren aurka agertzen ez den artista berau betikotzen ari da, nahiz eta bere defentsa zuzenik ez egin. Konplizitate orokortu hori ezean basakeria hori guztia ez litzateke horren normalizatuta egongo, erresistentzia handiagoa izango litzateke.

Artista orok prozesu iraultzailea indartu dezake bere artearen zati bat kausaren esku jarriz, bere bozgorailua edo eragin esparrua –txikia bada ere– baliatuz oihartzuna emateko, beste artista batzuk parte hartzera animatuz, eta abar. Oso zabalduta dago inolako erantzukizunik ez hartzearen posizio indibidualista hori. Baina bai, beste edonork bezala erantzukizuna dugu, are gehiago jarraitzaileak baditugu.

Baieztapen horrekin ez naiz artista orori konpromiso maila oso altua izatea eskatzen dion ezkerkeria zentzugabe horrekin lerrokatzen. Beste era batera izango da sozialismoa garatuago dagoenean… Baina, gaur-gaurkoz, kapitalisten aldeko ageriko jarrerak hartzen ez dituztenei gutxieneko betebehar batzuk eska diezazkiekegu. Panorama oraindik nahiko negargarria da eta lan asko dago egiteko, baina aurrerapauso batzuk eman dira eta baikorra naiz, bai indartsu jarraitzen dugunongatik –egunetik egunera gehiago–, bai Lucio García Blanco preso politiko komunistak dioenagatik: «Baldintza objektiboak gu laguntzera datoz…». Horiek aprobetxatzea gure esku dago, eta arteak eta kulturak aurrera egiteko aukera paregabeak eskaintzen dizkigute.

Eskerrik asko elkarrizketagatik. Itxaropen gorriz beterik agurtzen zaituztet.