Ohitu daitezela

Maricarmenek piztu zuen txinparta
diogu
hiria aurretik ere
gasolinaz blai ez balego bezala.

Emakume bat
jipoitzen duen senarrarekin oheratzen da gauero.
Ez du nahi
baina alokatzeko bi nomina behar ditu.

34 urteko gizon bat
Idealistan sartzen da egunero
ordaindu dezakeen Garaje “Chic”
edo “aukeradun” estudio baten bila.
14 urte zitueneko logelatik irten nahi du.

Ikasle bat bost ezezagunekin bizi da
lau logelako etxe batean.
Hiru etxe dauzkan atso batek
alokairua igo die
beste behin.

Behintzat etxe bat daukat.
Behintzat ez nago kalean
zioten lehen.

Baina txinparta piztu da
eta orain
kalera noa
diote.
Diogu.

Txinparta piztu da
eta kanpin-dendak jarri ditugu
denden aurrean
denen aurrean.

Lehenengoz
hiriak ez dirudi postal bat.
Jendea gaude lurrean.
Pasokoa behar lukeen toki batean
geldi.

Manifa bat deitzean mugitu gara
baita kamerak ere
eta haien atzetik
politikariak.

Pankarta atzean
“Etxebizitza!” aldarrikatu dute
etxegabetzerik baimendu ez balute bezala.
Kamerekin batera lasai joango dira gero.
Kanpaina egiten jarraitu behar omen dute.

Beste batzuk ez dira hurbildu ere egin.
Esan dute
grebak ekonomia kaltetzen duela
badirela beste modu asko protestatzeko
gauzak ez direla horrela konpontzen.

Inork galdetu gabe hasi da hizketan jabe txikia ere.
Ni ez naiz errentista!
Hipoteka ordaindu behar du.
Amarengandik herentzian jaso duen etxea “merke” alokatzen du.
Ez da funts putre bat.
Ez ditu 20 eraikin.
Behar duena baino bat gehiago
bakarrik.

Baina desberdintasun hori aski da.

Deserosoa da onartzea, bai.
Baina ez al da deserosoagoa
zure erasotzailearekin bizitzea?
ez al da deserosoagoa
zure gurasoenetik ezin irtetea?

Kanpin-denda bat ez da etxe bat
eta etxe bat izatea
ez litzateke kanpin-denda batzuen
mende egon behar.

Txinpartak sua hasteko balio du
baina gero bideratu egin behar da.

Zer argitu?
Zer erre?
Eta zer itzali?

Espekulazioa sutara!
Polizia sutara!
Desokupako faxistak sutara!
Eta lantegiak?

Horiek itzali!
Itzali eraikuntzako garabiak!
Itzali hormigoi makinak!
Utzi tuberiak jartzeari!
Ez garbitu portalik!

Horrela
egun batez bada ere
ikusiko dugu zein eskuk zutitzen dituzten etxeak
eta zein esku ari diren hortik bizitzen.

Ohitu daitezela kale beteak ikustera
etxeak bete arte