Luze jo du Euskal Herriko Bigarren Topagune Sozialistak. Covid-19aren aitzakiapean ezarritako neurrien ondorioz, bi urte igaro dira lehendabiziko aldiz Azpeitian bildu ginenetik. Tarte horretan egindako lan politikoaren emaitza dugu Altsasuko bilkura, Azpeitian izan ez ziren ehunka eta ehunka pertsona elkartu dituena esplotaziorik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde, komunismoaren alde (bostehun parte-hartzailetik mila eta bostehunerako saltoa ez da ez makala).
Ikastetxeetako eta unibertsitateko kideak, langile babes sareetan dabiltzanak, jardun sindikalean ari direnak, haien gaitasunak komunikazioaren nahiz arte sozialistaren mesedetan jartzen dituztenak… batu eta elkar ezagutzeko aukera eman digu Topaguneak. Horra hor herrialdeka antolatutako olinpiadak, tailerrak, kirol jarduera askotarikoak, kontzertu eta ekitaldi artistikoak etab.
Entzun ahal izan dugu tradizioa gudu-zelai bat dela, gaurko erabilgarria zaiguna berreskuratu behar dugula, eta asmo horrekin aditu ditugu Joxe Maria Lopetegiren hitzak askatasunaz, Luis Rezola Aranaren kartzelako bertsoak, Gabriel Arestiren olerkiak, Koldo Izagirrek apoari idatzitakoak. Hitz egin dugu estrategiaz, antolakuntzaz, esplotazioaren eta zapalkuntzen arteko harremanaz, politika egiteko askatasunaz…
Nabarmendu dugu kritikaren eta eztabaida politikoaren garrantzia: iraganetik gaurko egunerako balio diguten irakaspenak ateratzeko ezinbestekoa baita jarrera kritikoa; eztabaidarik gabe ezin baita garatu politika eraginkor baterako nahitaezko den inteligentzia kolektiboa. Teoriaren lanketa ezinbestekoa dela azpimarratu dugu; hori gabe, noraezean ibiltzera kondenatuak gaudela.
Norabidea baita, hots, komunismoaren alde antolatzeko hautua, Topagune Sozialistako kideak benetan batzen gaituena, Euskal Herrian barrena sakabanatuak gaudenoi elkarrekin antolatzeko aukera ematen diguna. Harrituko zen, bai, zenbait jende, kontzertuetan adina gazte ikusita goizeko hamarretan, libreta eskuan, zer eta hitzaldi bat entzuteko prest. Harrituko ziren, gazteriaren kriminalizazioak itsututako horiek, ikusirik ez garela biltzen ondo pasatzeko, nahiz eta ondo pasatu; ez dela gozamena bilatzen duguna, nahiz eta hori ere aurkitu. Estrategian sakontzea, komunismoarekiko konpromisoa elikatzea, komunitate politikoa sendotzea: horiek izan ditugu helburu.
Topagunea adibide bat izan da, jarduteko modu baten adibide, errealitatea aztertu eta ulertzeko modu baten adibide; antolatzeko modu baten, etika baten, adibide: finean, kultura komunistaren adibide. Lanaren banaketari eta soldatapeko lanaren diziplinari kontrajartzen zaion diziplina politikoaren, askearen, bitartez egin daitekeena aditzeko bide bat.
«Zer, aldatu al duzue jada mundua?» galdetuko zigun agian, etxera bueltan, jardun politikoa trajedun señoritoek telebistan dituzten sasi eztabaidekin lotzen duen senideren batek. Kosmobisio kapitalista garaile den sasoi hauetan, dena ikusi eta izan daitekeena seinalatzen duena inozotzat jotzen da eta (jokaldi bikaina botere burgesarena, onartu beharra dago). Gizarte berri bat, kultura berri bat, gauza ezinezko balira bezala.
Berekoikeria, apatia, etsipena eta miseria ezaugarri dituen gizarte honetan, komunismoaren porrot ideologiko eta politikoaren osteko garaian bizitzea suertatu zaigu, ezin ageriagoa zaiguna ezker abertzalearen korronte erreformistaren finkapenean. Porrotaren zama daramagu bizkar gainean; itogarria izan daitekeen derrotismoz gaude inguratuak. Gure benetako galbidea, ordea, eta kosmobisio kapitalistaren erabateko garaipena, saiatzea bera alferrikakoa dela sinestea da.
Horregatik nahiko nituzke lerro hauek probestu egindako lan guztiagatik zorionak emateko, militante komunisten ausardia eta konpromisoa txalotzeko. Poztu gaitezen, egon gaitezen harro, baina, batez ere, jarrai dezagun lanean, umiltasunez, eta gauzak gero eta hobeto egiteko grinaz. Topagunea pasa da, eta lan asko dugu egiteko. Handia baita gure ardura historikoa.

