Doinua: Lumak ezin nindezakeen
Borroka eguna zena
garaiz garai, aroz aro
jai egun bihurtu dure
eta guztia akabo
“feminist” elastikoa
maniki baten arraro
ipini du Inditexek
noski, saldu da oparo.
Kalean aldarri oro
bilakatu da berbaro,
beraz, bertsoak jartzeak
egingo duela nago
udaletxeko moreak
baino ekarpen gehiago.
Apain-apain jarri dute
banderolekin txokoa,
gorbata morea, txapak,
(e)ta nola ez, lepokoa:
“Emakumeen borroka
horren da egundokoa”,
martxoa amaitzerako
galduagatik fokoa.
Kontraesan logikoa
omen da haien jokoa:
Kudeatzea ona da,
gainditzea oztopoa.
Bestela nola lortuko
lukete gure botoa?
Emakume langileak,
langabetu zein behargin,
berdin du izen, abizen,
pentsaera edo adin;
nahi gaituzte kontsumista,
desiragarri, kaskarin,
otzan eta babesgabe,
ez atzapar, ez letagin.
Ahanzteko pairatzen dugun
miseria oro arin
enpresariak dabiltza
eragin eta eragin
pintura morea botaz
guztia zuritu dadin.
Instituzio bakoitzak
du hontan bere kabida:
asko dago esateko
heziguneen harira.
Diskurtsoek egin dute
eskuin muturrerantz bira
nahikoa ilundu baita
pantailetako distira.
Ta inor ez da kezkatzen
lehen begiradan argi da:
irakasleak dabiltza
curriculumei begira
ta gazteak influencer
faxistekin hezten dira.
Emakume bat bikote
ohiaren eskutan hil zen
ta segitu behar dute
gerora gehiagok hiltzen
jendeak segitzen badu
irakurri ta isiltzen
erasotzailea bada
kalean trankil ibiltzen.
Salaketak jartzen dira
ta inor ez da larritzen
bitartean zenbakiak
handitzen eta handitzen,
baina noski matxismoa
ez omen da existitzen.
Salaketa faltsuekin
zabaltzen da histeria
0,01a
ez omen da huskeria.
Salatzen ez direnetan
ez dute jartzen begia,
ahazten dute zenbakian
sartzen ez den miseria.
Baina kasu batzuetan
ba omen da zilegia
existitzen ez zen hori
bilakatzen da egia
justifika badezake
haien arrazakeria.
Horren adibide dira
Vox eta Frente Obrero.
Txarrena da ez direla
soilik hiruzpalau ero
diskurtsoa zabalduaz
doa unero-unero,
gure ingurura ere
iritsi da honezkero.
Beraz Martxoak 8an
ez jai egunik espero
kaleak har ditzagun
gure oihuekin bero
eta fruituak baditu
ospatuko dugu gero.
Ekintza gabeko hitzak
sarritan nire juskuko
hutsean geratzen dira
eta ez ditut gustuko.
Gaurkoz kontraesan hori
ez dudanez gorpuztuko
bertso segida hau ez dut
askoz gehiago puztuko
kultura beharrezkoa da
ezin zaio egin uko,
baina jaiki eta irten
hau irakurri orduko,
bertsoekin ez baitugu
kale askorik hartuko.
