«Manifestua»: kantak

The Age of Self
(Jatorrizkoa: Robert Wyatt; Itzulpena eta moldaketa: Ruper Ordorika, EKIDA)

Langileria hilik ei da, kontsumitzaileak gara,
Aurrera egin dugula, jendea gara, ez beste;
Batzuk oso ongi ari, besteak lur jota,
Ez kezkatu azkenekin, irabazleen sasoia da.

Sustraiak eta non gauden ahaztuta;
Iruditzen zait mugimendu dena desegingo dela.

Itxura berri-berria behar omen dugu,
Arazoa handiagoa dela guk ez bageneki,
Batzuk jokoan bezala ari diren artean,
Langileak oraindikan hiltzen dira lanean.

Sustraiak eta non gauden ahaztuta;
Iruditzen zait mugimendu dena desegingo dela.

Aliantza
(Jatorrizkoa: Robert Wyatt; Itzulpena eta moldaketa: EKIDA)

Itun moduko bat dago eta zu nagusi
Zure arreta nahiak onik ez guri
Zail da etsaiei mintzatzea, eta hori gara gu
Elkarren antzak ere zaildu egiten du
Klase ertaineko izateaz harrotzen zara
Zu aski omen zara, baina bakarrik ez zara deus
Beldurtzen zaituena da –eta ondo dakizu–
Gu behar gaituzula, eta guk ez zu
Zeure ustea omen duzu, denen berdina
Bataila berrietan zaharraren bila

Bizitza joan, bizitza ihes
(Jatorrizkoa: Jacques Marchais; Itzulpena eta moldaketa: EKIDA)

Bizitza joan, bizitza ihes
Egunero egonezinez
Gorri zein gris, eskuin-ezker
Gure iraultzaz ez da ezer

Lanak ordain eta lanak hil
Denbora merkatuan dabil
Lan-denbora ez da itzuliko
Denbora galduz gara hilko

Maitatzeko begiradak
Gauzen mundu baten isladak
Ez ametsik, ez egiarik
Irudiak ez besterik

Hildakoak, gosedunak
Lehenetik datozkigunak
Dena berdin eta hala ere
Dena hasi da berriz ere

Erre bitez kabi denak
Jabeenak, polizienak
Haize-ekaitzek dakartzate
Egun alaiak hil arte

Guri beha den fusila
Jarri zapaltzaileei begira
Nagusiei, Estatuari
Gutaz probesten denari

Langile baten galderak liburu baten aurrean
(Jatorrizkoa: Mikel Laboa; Moldaketa: EKIDA)

Zazpi Atedun Tebas hura, nork eraiki zuen?
Liburuetan Errege izenik baizik ez da ageri.
Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar haundiok?

Eta hainbatetan porrokatua izan zen Babilonia,
nork jaso zuen beste hainbestetan?

Lima distirant hura eraiki zuten langileak,
ze etxetan bizi ote ziren?
Txinako Harresia bukatu zen iluntzean:
nora jo zuten harginek?

Erroma bikain hura garaitza arkuz beterik.
Nork altxatu zituen?
Nortzuk menperatu zituzten Zesarrek?

Hain ospetsua zen Bizantziok,
jauregiz besterik ez ote zuen bertako jendearentzat?

Alegiazko Atlantidan berebat, itsasoak irentsi zuen gauean,
biztanleak ito zorian oihuka ari zitzaizkien
beren esklaboei laguntza eske.

Felipe Espainiakoak negar egin omen zuen
bere Armada urperatu zenean.
Ez ote zuen beste inork negarrik egin?

Garaitza bat orrialde bakoitzean.
Nortzuk atondu zituzten garaitza banketeak?

Zenbat historia, hainbat galdera.
Historiak bezainbat galdera.
Zenbat historia! Zenbat galdera!

Manifestua
(Jatorrizkoa: Victor Jara; Itzulpena eta moldaketa: EKIDA)

Kantatzearren ez naiz kantuz
Ez boz ona dudalako
Kantuz naiz nire ahotsak
Arrazoia daukalako

Lur-bihotza dauka eta
Uso-antzeko hegalak
Ahotsak urak bezala
Garbitzen pozak eta penak

Hauxe da nire kantua
Violetaren antzekoa
Hauxe langile-ahotsa
Udaberri-usainekoa

Ez da aberats-ahotsa
Ez bateko ez besteko
Aldamioetakoa da
Handik izarrei heltzeko

Kantuak badu zentzurik
Borborka ari denean
Egia argi kantatzen
Hilko denaren zainetan

Ez axaleko lausengurik
Ez ospea eskaintzean
Lanaren ahotsa baizik
Lurraren barrunbeetan

Dena iristen den eta
Dena hasten den tokia
Ausarta den kantu hori
Beti da kantu berria