Kulturaz aritu nahi duen edonork arretaz aztertu behar ditu gizartean kontzeptu horri ematen zaizkion esanahiak. Kontzepzio horietan topatuko ditu, errealitatearen erroen azalpen zehatzak bainoago, hari buruz dauden askotariko ulerkerak, eta, beraz, kritika politikorako material gisa ulertu beharko ditu. Esaterako, kulturaren zein ulerkera gordetzen du «kultura segurua da» esaldiak? Zein zentzutan egin daiteke «kultur greba» bat? Kultura definitzeko modu bakoitzaren atzean kontzepzio –kultural eta politiko– konkretu bat ezkutatzen da.
Errealitate soziala errotik eraldatu nahi dugunoi interesatzen zaiguna gure egungo bizimodua gidatzen duten patroi errealak aztertzea da, gizataldeok mundua ulertzeko eta bertan jokatzeko ditugun moduak ezagutzea. Hortik definitzen dugu kultura bloke unitario gisa, nagusiki bi elementuk osatua: jokabide-marko batek –jokatzeko modua gidatzen duten printzipio etikoak– eta ulermen-marko batek –hermeneutika kolektibo bat, zeinak egiten dugunari eta inguratzen gaituenari esanahia ematen baitie–. Pertsona oro bizi da gizatalde batekin ala bestearekin modu bereizian lotzen duen kultura batean, eta, beraz, kulturez hitz egin dezakegu, pluralean.
Kulturaren auzia, baina, bere forma sozialean datza: geure buruei galdetu behar genieke zeren arabera bereizten diren kultura horiek, zein den haien faktore determinantea. Luzaz ontzat eman dugu kulturaren kontzepzio etnizista bat; Erromantizismo alemaniarretik eratorria, XX. mendeko antropologia kulturalak objektibatua eta tradizio nazionalistek berformulatua. Kontzepzio horri jarraituta, ulertu izan da etniek osatzen dituztela azken finean desberdintasun kultural nagusienak, gure ulertzeko eta jokatzeko moduak komunitate etniko bateko partaidetzak zehazten dituela. Egungo Euskal Herrian oraindik indarrean da ulerkera hori, bere aldaera linguistikoa batik bat, zeinak defendatzen baitu euskal hiztun izateak munduari begiratzeko eta munduan ekiteko modu bereizi bat ematen digula; euskal kultura baten faktore determinantea dela euskara, alegia.
Baina kontzepzio etnizista agortuta dago errealki. Gero eta nabarmenagoa da ulermen- eta ekinbide-markoek etnia desberdinak zeharkatzen eta homogeneizatzen dituztela, eta egiazko banaketa handiak gero eta markatuago daudela maila sozial-ekonomikoaren arabera. Gizarte burges aurreratuetan, harreman sozial kapitalistak mundializatuta eta finkatuta dauden garaian, forma sozial kapitalista da gure patroi kulturalak determinatzen dituena gero eta indartsuago. Bereziki erdigune inperialistan garatu den homogeneizazio prozesuak berezitasun etniko-sozialen deuseztatze progresiboa ekarri du: oinarrizko patroi kultural kapitalista beren arabera sozializatuak gara, gure herrialdea gorabehera, aisialdi-eredu bera daukagu, komunikazio-bide eta arte-produktu bertsuen bidezkoa. Kapital-harremana –klase-bereizketa– oinarri duen gizarte forman, ekoizpenean –eta, beraz, kontsumoan– betetzen dugun posizioaren araberakoak dira gure jokabide- eta ulermen-markoak. Gure klase-kokapenaren arabera, eskura ditugun zerbitzuek, gure bizitzetan egiten ditugun ekintzek eta askotariko objektuen erabilerek klaseen araberako bizi-perspektiba eta bizitza ulertzeko modu desberdinak eratzen dituzte.
Hauxe da formulatzen dugun hipotesia: kapitalismo globalizatuaren eta informatizatuaren garaiotan, klaseak eratzen ditu, gero eta areago, gaur egungo bloke kulturalak. Modu horretan, etniek indar handia galdu dute –eta galduko, gero eta gehiago– gizataldeen arteko desberdintze-faktore gisa. Egun, desberdintzea ez da gehiago desberdintze geografiko-espaziala, soziala baizik.
Gure ustez, kulturaren kontzepzio etnizista zientifikoki eta politikoki agortuta dago: ez digu balio egungo errealitate sozialak ulertzeko eta, beraz, inoperatiboa da bertan politikoki esku hartzeko. Unitate nazionalaren ideiak oso azalpen murritza dauka gaur egun kulturaren esparruan: sozialismo iraultzailearen dimentsio kulturala klaseen araberako bloke kulturalen diagnostiko etengabean eta klase-borroka kulturalean oinarritu behar da. Halaber da sozialismoaren eraikuntza internazionala aberastasun etniko-kulturalaren bermea; politika iraultzailean txertatuta desberdintasun eta aberastasun etnikoaren onura eta horrekiko errespetu eta babesa, mundu-mailako etorkizuneko gizarte-ereduari begira.