Datozen hamarkadetan etorriko den guztiaren zimenduak ipiniak ditu krisi kapitalistaren testuinguruak eta gerra deklaratuta dago. Ekoizpenaren moldaketek eta langile-masa zabalen pobretze progresiboak, bizi-baldintzen garestitzearekin eta soldaten murrizte zuzenarekin, aurrera egiten du egunero-egunero mundu-ordena berri bateranzko norabidean. Horrekin batera datoz kontrol sozialaren areagotze basatia, eskubide politiko eta zibilen murriztapena eta langileon bizimoduaren kriminalizazio etengabea, besteak beste. Kapitalaren akumulazio-fase berri bat irekitzeko saiakera desesperatua da eta, bai, deklaratuta dago gerra: burgesiak beharrezkoa du eskura dituen modu eta baliabide guztiak erabiltzea masa zabalak etorriko denera moldatzeko.
Klase-gerra kulturala etengabekoa da gizarte kapitalistan, baina krisi-testuinguruak nabarmen areagotu du burgesiaren kultur ofentsiba. Joan den hilabetean, José Escrivá Espainiako Inklusio eta Segurtasun Sozialeko ministroak zehatz esan zuen, lan-erretiroa 75 urtera arte luzatzeko asmoa adieraztean, «aldaketa kultural bat» beharrezkoa dela Espainiako Estatuan, Europako tendentziekin bat egiteko. Horra adibide garbia, normalean ezkutuka ibili behar duenari ahotik ihes egina: soldataren menera bizi garenok geure ulerkerak eta jokabideak moldatu beharko ditugu, ezarriko diguten miseriazko egoeran biziko bagara.
Behin baino gehiagotan aritu izan gara klase-borrokaren dimentsio kulturalaz: argudiatu izan dugu gizarte kapitalistaren oinarrian dagoen botere-banaketa klasista dela gaur egungo ulermen- eta jokabide-marko kolektiboen dinamizatzaile nagusia. Oinarrizko kultur dominazio horrez gain, ordea, interbentziorako teknologiaren modernizazioa etengabekoa da, bai dominazio-egoera hori eraginkorki erreproduzitzeko eta baita beharrezkoa denean ofentsiba sakonagotzeko ere, egungo krisi-testuinguruan kasu. Alde horretatik, burgesiak bere kontrol zuzenaren pean dauka kultur interbentziorako dispositibo-sare oso bat, poliziatik hasi eta sare sozialetaraino doana, hezkuntzatik pasata. Hemen, hala ere, komunikazioaren auziari begiratu nahiko genioke.
XX. mendeko azken hamarkadetatik aurrera, burgesiak informazio- eta komunikazio-teknologietan egindako garapen teknikoak erabat eraldatu ditu gizarte kapitalista garaikideak. Internetaren sorrerarekin hasi zenak, gaurdaino, prozesu indartsu eta atzeraezina izatea frogatu du: geure bizimoduak erabat zeharkatzen dituzte gailu teknologikoek, bat-bateko komunikazioak eta etengabeko informazio-jasak. Komunikazio-teknologiek eta hedabideek pisu ekonomiko ikaragarria hartu dute, egungo hedabide eta komunikazio-plataforma nagusiak oligarkiaren fakzio desberdinek kontrolatutako monopolio gisa baitaude antolatuta. Datuek halaxe erakusten dute: sei enpresa-talde handiren artean –Time Warner, Disney, NewsCorp, NBC Universal, Viacom eta CBS– 1500 egunkari, 1100 aldizkari, 2400 argitaletxe, 9000 irrati eta 1500 telebista-kate kontrolatzen dituzte; gero eta gehiago dira komunikazioaren esparruan apustu ekonomiko ikaragarriak egiten dituzten monopolioak –Google News sortu berria, Facebook eta beste–; eta esparru horretara bideratzen diren inbertsioak ere, izan publiko zein pribatu, gero eta altuagoak dira. Komunikazioak eta dituen adar guztiek burgesia handiaren programarentzat izan dezaketen garrantzia erakutsi beharko liguke horrek guztiak.
Komunikazio- eta informazio-molde garaikideak ekoizpen kapitalistaren egungo adar garrantzitsu bilakatu dira, balio-ekoizpenaren ikuspuntutik; baina ez genituzke soilik alderdi ekonomikotik begiratu behar. Komunikazioak ardazten dituen adar guztiak –hedabideak, sare sozialak, entretenimendu-plataformak, publizitatea eta beste– kokatu beharko genituzke burgesiaren kultur interbentziorako dispositibo gisa, mundu-ulerkera kapitalistaren erreprodukziorako tresna eraginkor gisa. Alde horretatik, ez genuke komunikazio burgesa transmisio ideologikoaren parametroetan soilik ulertu behar, kosmobisio kapitalistaren ekoizpen-bitarteko gisa baizik, haren adierazpen oinarrizko eta banalenean, bereiziki: zentzu komun burgesaren eta iritziaren ekoizpen-bitarteko gisa, alegia. Kategorizazio horrek aukera ematen digu, hain justu, komunikabideak eta kultur plataforma garaikideak ere burgesiaren kontrolpeko bitarteko gisa ulertzeko eta, ondorioz, klase-gerra kulturalean betetzen duten funtzioaz egoki jabetzeko.
Krisi kapitalistaren egungo testuinguruan, burgesiak bere kultur hegemoniari eusteko ahaleginean abiatutako ofentsibako eragile ezinbestekoak izan dira hedabide burgesak eta plataforma digital handiak. Oligarkiaren kontrolpeko telebista- eta irrati-kate eta plataforma handienen audientzia-datuek gora egin dute nabarmen, eta haien funtzioa are nabarmenagotu da: koiunturaren gaineko iritzia sortzeko berehalako gaitasuna dutela frogatu dute; deskontentua desbideratzeko seinalatu eta kriminalizatu beharreko figurak sortu dituzte, okupazioaren edo kale-edanaren aurkako makrokanpainekin, besteak beste; kultur dekadentzian sakonagotu dute plataforma digitalen optimizazioarekin, produktu idiotizatzaile eta alienatzaileekin erreferentzia ikaragarria lortuta, gazte-belaunaldietan bereziki. Adibide nagusi batzuk baino ez dira horiek; gehiagora joko du. Zalantzarik ez dago hedabide handiek gero eta garrantzi handiagoa izango dutela burgesiarentzat gizartearen ulermen- eta jokabide-markoak moldatzeko agente gisa.
Paradigma hori, komunikazioa burgesiaren interesen arabera erabiltzearena, ez genuke, ordea, oligarkiak kontrolatutako hedabide handienetara soilik mugatu behar. Paradigma zabalagoa da: hedabide publikoek eta ezkerreko eragileetatik hurbil dauden hedabideek ere, mundu-ulerkera kapitalistari antagonikoki kontrajartzen zaion ideologiarik gabe, funtzio berbera betetzen dute, funtsean. EITBren kasua nabarmena da: hedabide burgesaren ezaugarri guztiak betetzen ditu zorrotz eta irismen indartsua erakutsi du azken urteetan; «publiko» izateak ez du horretatik salbatzen, are, inbertsio publikoen erabat menpeko bihurtzen du. Espainiako Estatuan, RTVEren Playz ikus-entzunezko hedabidea aipatu behar da, zeinak itxura kritikoz eta aurrerakoiez mozorrotzen baititu despolitizazioa eta antikomunismoa. Euskal Herrian euskarazko bertsio bat egin berri diote: Gaztea irratiaren ekimenez sortutako Zulora programa; orain arteko lau programatan hainbat hizlarirekin aritu dira gazteen problematikez, baina betiere iritziaren mailara mugatuta eta klase-gizartearen efektuetan geldituta, errotikako aldaketarik proposatu gabe. Ezin daiteke aipagabe utzi Klak ere, Ernai antolakundearen komunikazio-ekimena, zeinak orain artekoetan izaera idiotizatzaile eta despolitizatzailea nabarmen erakutsi baitu. Finean, guztiek erantzuten diote ezker instituzionalaren kultur politiken paradigmari: ez dute eraldaketarik behar, ez dituzte pertsona kritiko eta politizatuak behar, boto-emaileak baizik. Ezker instituzionalarentzat zentzu komun dominantea ez da errotik eraldatu beharreko zerbait, ezpada beraien alde erabili beharreko zerbait. Horregatik, finean, ez dute kosmobisio kapitalistan oinarritutako zentzu komuna erreproduzitu besterik egiten.
Proiektu komunistatik begiratuta, kultur politika oso bestelako zerbait da: etikagatiko gerra bat, kosmobisio kapitalista suntsitu eta kultura komunista hegemonizatzeko prozesua. Lan horretarako behar-beharrezkoak izango ditugu komunikabide propioak, eta horregatik da hain ezinbestekoa Gedar Langile Kazetak eta abiatu berri duten Burdin Hesia telebista-programak egiten duten ekarpena: ez diote gazteei edo langileei ahotsa ematen, proletalgo ideologikoki independenteari baizik; ez dute kritikotasun eta erradikaltasun itxura eman nahi, politika sozialista erradikala elikatu baizik. Funtsezkoa da klase-borroka iraultzailearen dimentsio kulturalari daukan garrantzia aitortzea eta langileok, bide horretan, komunikazioaren teoria eta antolaketa propioa garatzea. Esanahien ekoizpenerako bitarteko indartsu izango diren eta progresiboki handituko diren komunikazio-organoak behar ditugu, komunismoaren proiektu historikoa langile-masen mundu-ikuskeran progresiboki hegemonizatzeko funtzioa izango dutenak. Arte sozialistak ere hor izango du bere lekua: ez soilik transmisore ideologiko huts gisa, gizartearen kultur eraldaketarako tresna gisa baizik, estrategia sozialista integralarekin koherentzian.