J Martina: «Bi gauzaz hitz egin nahi dugu, gaur egungo errealitateaz eta gure aspirazio den errealitateaz»

I. DESIRA

Urre beltzaren desiran
topatu gara ezinean
itsasoaren legea
gure aurrean

Azkar mugitzen dira gauzak gaur egun: zuen ibilbide “musikala” nahiko motza izateaz gain, momentu nahiko berezian sortzen da. Nola bizi izan duzue guztia?

Hasieran erabateko inozentziaz bizi izan genuen, ez genekielako zein zen gure «estudioko» txikitasunetik egindako zerbaitek izan zezakeen zabalpena, ezta publikoarekin izango zuen harremana ere. Oraindik harritzen gara kontzertuetan jendeak gure abestiak abesten dituenean…

Erreakzioak oso desberdinak izan dira. Bada arrarotasunetik bizi izan duen jendea, edota egiten duguna interesatu ez zaiona, eta baita emozio handiz gure musika jaso duena ere. Orokorrean momentu berezi batean jaio gara non euskaraz egiten den musika elektronikoa, nolabait esatearren, lur hartzen ari den eta auzi ugari dauden ezbaian: estetika, industria musikalaren interesak, zenbaterainoko erreala den egiten dena, euskararekin nola harremantzen diren soinu hauek, etab. Eta gu ere guda horretan kokatzen gara. Orokorrean oso pozik gaude orain arte egindakoarekin eta proiektuak izandako harrerarekin. Lurreratze on bat izan dela esango genuke.

Elektronika oinarri, esan liteke J Martinak kultura proletario garaikidearen espresio diren estilo eta forma desberdinak uztartzen dituela. Ados zaudete horrekin? Nola begiratzen diozue kultura proletario garaikideari? Nola kudeatzen dituzue erreferentzia eta sinergia horiek guztiak?

Argi dago kultura proletario garaikidearen elementu ezberdinak erabiltzen ditugula gure ekoizpenerako, eta ez da soilik horren parte garelako edo ta inertziaz ematen den zerbait, baizik eta errealitate horretatik abiatu nahian gabiltzalako. Hau da, kultura proletarioa kapitalismoaren baitan langileriari atxikitzen zaion bizimodua eta haren espresioak direla kontuan hartuta, ez da gure asmoa bertan sortzen diren elementuen baitan gure ekoizpen musikala garatzea soilik, baizik eta gure aspirazioei lotutako artea ekoizteko forma berriak ikertu eta garatzea da interesatzen zaiguna, asko esatea bada ere.

Nahiz eta abstraktu samarra izan daitekeen, ingurua behatzen dugu eta zenbait galdera egiten dizkiogu gure buruari. Nolakoa da gaur egun langile-klaseak ekoizten duen musika? Nolakoa da kontsumitzen duena? Nork jartzen ditu ekoizpenerako oinarriak? Zerekin sentitzen gara identifikatuak? Zein paper jokatzen du musikak gure bizitzetan? Nola eragiten du musika egiteko formak? Galdera horien bueltan saiatzen gara inguruan egiten den musikarekin harremantzen eta hautatzen zer interesatzen zaigun eta zer ez, zer izan daitekeen erreferentzia eta zer kondena, eta batez ere, zer egin dezakegun guk honen guztiaren erdian.

Musika «urbanoa» deitzen denak edo bertatik eratorritako artistak eta estiloek erabat aldatu dute eszena musikala. «Urbano» terminoak dena zipriztindu duela dirudi. Zuen kasuan, autotunearen erabilera hor dago. Zeintzuk dira zuen proposamen estetikorako hartzen dituzuen elementuak? Zergatik? Hautaketa prozesu bat da?

Autotunea adibide on bat da azaltzeko nola formalki interesatzen zaigun elementu bat bere pisu sinbolikoagaitik ere interesatzen zaigun. Badira elementu zehatz batzuk (melodia erromantikoak, gordinak, akorde sinpleak, abesteko era utzia…) bereziki interesatzen zaizkigunak konposatzerakoan, eta ez bakarrik abestiak objektu moduan funtzionatzeko edo pertsonalki gustatzen zaizkigulako, baizik eta jendearen eta elementu horien artean dagoen harremana interesatzen zaigulako.

Jatorrian musika urbanotik datozen elementu hauek (kontzeptu hau konfliktiboa iruditzen zaigun arren) jendearengan (gugandik hasita) era oso berezi batean eragiten dutela iruditzen zaigu, sentsibilitate oso zabal bat ukitzen du eta soinu horiek zentzu horretan publikoarekin nola konektatzen duten eta konexio horretatik sortu daitezkeen fenomenoak potentzial handia dutela uste dugu. Identifikazio bat sortzen dute, eta eraginen bat izan nahi duen musika orok bilatu beharko luke publikoa harekin identifikatuta sentitzea, gure ustetan.

Interesatzen zaigun beste elementuetako bat lengoaiarena da, hau da, genero mota horiek erabiltzen duten lengoaia poetiko bezain esplizitua. Oso lengoaia zuzena izan ohi da, gogorra eta sinplea, eta hor bilatzen du bere poetikotasuna eta edertasuna.

J Martina bereizten duen elementu nagusia melodiaren zentralitate izan daiteke, garrantzia aitortzen zaiola. Baina bereziki deigarria da melodia horren gainean eraikitzen den basea, bere gordintasun eta sinpletasunean, zein ondo ezkontzen den ahotsekin. Zuzenean ikusi ondoren, J Martinak talde izaera duela nabari da. Konposatzeko orduan ere horrela da? Nolakoa da konposatze prozesua?

Momentu honetan hirurok hartu dugu taldean funtzionatzeko ohitura, edo bizioa. Gustatzen zaigu egunerokotasunean harrapatzen ditugun erreferentziak, gertakariak, soinuak, irudiak… konpartitzea eta egin nahi dugunarekin harremantzea. Konposaketaren zati batzuk (letra idaztearena edo baseak garatzearena, adibidez) beste momentu batzuetan gertatzen diren arren, elkartzerakoan irteten dira gauzarik interesgarrienak, konfiantzaz eta konplexurik gabe egiten dugulako prozesu hau. Eta gure ekoizpenaren onerako nahiko zorrotzak garen arren (geure buruekin, zein elkarren lanarekin) norberaren mugetatik at ere lan egitea gustatzen zaigulako eta horrek besteen erabakietan sinistea ere eskatzen duelako.

Bestalde, gure konposatzeko era nahiko gordina da, ez ditugu abestiak gehiegi prozesatzen ezta soinuz saturatzen ere, nahiz eta erabiltzen ditugun bitartekoek horretarako aukera eman. Saiatzen gara zuzenekoan egin dezakeguna kontuan hartzen, eta nahiz eta musika elektronikoa izan, banda baten funtzionamenduarekin ere uztartzen.

II. MUNDU ZAHAR

Palazio goibel hori
Non ehun printzipek amestu zuten loriaz
Non ehun erreginek amestu zuten amodioaz
Eta esnatu ziren malkotan

Bada gauza berrien aurkako pentsaerarik ere, iraganeko guztia hobea izan zela dioen eta berria den horri uko egiten dion jenderik. Kontrara, gaztea gaur egun zaharkituta dagoen kultur aldaketaren abangoardian posizionatzen da, berrikuntza konstante batean oinarrituta. Zuen ustez, azkenengo hamarkadako joera musikala ikusirik, joera hau erreala al da?

Berria izateko forma asko daude, eta zehazki euskaraz egiten den musikari egingo diogu erreferentzia. Izan daiteke iraganaren nostalgiaz forma eta eduki berdinak gaur egun erreproduzitu nahi dituena edo ta zaharraren arrastoari tiraka bizi dena. Izan daiteke zaharra den hura berritu nahian industria musikalaren interesei jarraiki merkatu berrian integratzeko saiakera egin, eta modan dauden soinuak era antinatural eta baldarrean erabiltzen dituena. Eta aurreko biak finean ez-garaikideak bezain faltsuak direla kontuan hartuta, izan daiteke berria iraganetik edaten duena, gaur egungo testuinguruan kokatu eta garaiari erantzun nahi diona, eta paradigma berriak zabaldu nahirik artearekiko konpromisoz lan egin eta egiteko forma berriak eta errealak sortzen dituena. Ibil Bedik dioen bezala: «Nostalgiari nostalgia eta ahanzturari ahanztura».

Sarritan aipatzen da artista aldatu egin dela, hau da, artistaren izaera zein musika eta artea ikusteko dituen modua aldatu direla. Baina finean, musika ez da horrenbeste aldatu, soinu/estilo/genero ikuspegitik egun egiten den musikaren gehiengoak oso oinarri retroa du eta erabat nostalgikoa da zentzu askotan. Forma edo diskurtsoa aldatu da?

Zentzu guztietan gainbeheran dagoen gizarte baten espresio da ekoizpen kulturala ere, eta gainbeheraren adibide garbia da nostalgiatik bizi den musika edo artea. Bizi izan denaren nostalgiaz edo bizi izan ez denaren nostalgiaz ekoizten dena. Berritu ezinaren seinale garbi bat da nola ari den tendentzia bat sortzen jada beste garai batean egin izan den musika berbera egitearena aurrerapen teknologikoen ondorioz sortutako baliabideekin nahastuz, adibidez.

Ekidak aurkeztutako Manifestua ikuskizunean abesten zuten kantu batek zioen: «Ausarta den kantu hori beti da kantu berria». Musika egiteko forma berriak ikertzea oso hautu arriskatua da, balitekeelako kapitalismoak gaur egun musikari exigitzen dizkion ezaugarrietatik kanpo egotea (kontsumitzeko erraza izatea, etengabe abestiak eta bideoklipak ateratzea, zure musika azpiegitura zehatz batzuetan plazaratzea, merkatuak bultzatzen dituen gustu eta ezaugarri formalen arabera sortzea, eduki hutsal edo positibisten terminoetan hitz egitea…) eta, beraz, marko horren barruan hezi den publikoarengana iritsi ezin izatea, edo instituzio kultural burgesek baztertuta zure musikaren zabalpena oso mugatua egotea. Horren aurka egitea artearen eginbeharretako bat da eta, beraz, baita artistona ere.

Zuen kantuetan nabarmenak dira kezka sozialak eta politikoak, lirikoki adieraziak. Zerk bultzatzen zaituzte esaten duzuena esatera, egiten duzuena esatera?

Gure abestietan bi gauzaz hitz egin nahi dugu: gaur egungo errealitateaz eta gure aspirazio den errealitateaz. Honako hau da gure kezka nagusia: miseriara eta biolentziara kondenatzen gaituen sistema kapitalistak nola inbaditu dituen gure bizitzak aspektu guztietan. Baita artea ere. Beraz, musika egiterakoan bizipen xumeenetatik abiatuta gauza handiei erreferentzia egiten saiatzen gara.

Artearen eta politikaren arteko eztabaida zeharkatzen du konpromisoaren auziak. Nola ulertzen duzue konrpomisoa? Konprometitu zerekin eta zertarako?

Konpromisoa gure lanarekiko ardura bezala ulertzen dugu. Eta ideiak azken muturrera eramatearekin lotzen dugu baita ere. Artean, politikan bezala. Ez dugu geuretzat egiten musika, ez da geure barruak husteko egiten dugun zerbait ezta geure denbora librean ondo pasatzeko egiten duguna ere (ez hori bakarrik, behintzat). Arteari gure bizitzetan, errealitatean eta gaur egungo testuinguru konkretuan jokatzen duen papera aitortu nahi diogu, eta harekiko konpromisoz jokatu. Eta hain presente daukagun esfera nahasi eta konfliktibo horretan zerbait egin, zerbait izan, zerbait esan.

Musika politikorako forma espezifiko bat behar al dugu? Forma konkretu batzuek aukera gehiago ematen dituztela uste al duzue?

Musika oro da politikoa, abestirik hutsalenak ere, funtzio bat betetzen baitu testuinguruan, baita interes konkretu bati erantzun ere, konzienteagoa edo inkonzienteagoa. Aurreko galderari tiraka, esango genuke auzia ez dagoela forman, baizik eta ardurarekin edo ardurarik gabe egiten den musikan. Artearekiko ardurarik ez duenak, politikarekiko arduraik ez duenak bezala (eta beste interesen batekin jokatzen duenak) egingo baitu kalitate eskaseko musika, ez doana inora, hutsala, gizarte kapitalistaren etikarik eskasena erreproduzitzen duena, forma aldetik industria musikalaren interesetatik haratago autonomia bat garatzeko gaitasunik ez duena eta abar. Hori ere musika politikoa da, eta erdeinu egiten diogu.

III. BESTE ZERBAIT

Baina nik badaukat beste zerbait,
argitzen dit gogoa, zorroztu ere bai,
Eta ikusten dut banaizela
miseriatik at bizitzeko gai

Asmo desberdinak aipatu, zein dira proiektuaren helburuak? Zein dira hurrengo pausoak?

Esango genuke orain arte esperimentazio fase batetan ibili garela, konposatzerako orduan gauza ezberdinak probatzen, zuzenekoetatik ikasten, egiten duguna publikoarekiko nola harremantzen den ikusten…. Gaur egun helburu ezberdinak markatzen ditugu: orain arte egin duguna kontuan hartuz, gure ekoizpenari heldutasun bat emateari edo garatzeari begira proiektuari oinarri sendoago batzuk jartzea, alde batetik. Bestetik, zuzenekoa lantzea eta garatzea. Hori guztia egiten dugun bitartean etengabe mugitzen eta aldatzen den gure inguruari eta espresio eta fenomeno kulturalei so egon nahiko genuke, eta horri erantzunez jokatu.

Zer ari zarete entzuten gaur egun, dela talde bezala, dela maila pertsonalean?

Une honetan nahiko itsututa gabiltza Natanael Canorekin, baina bere inguruan mugitzen den Corridos Tumbadosen genero horrekin. Rigoberta Bandinirekin ere bueltaka gabiltza, pop musikari eman dion formak harrapatuta. Euskal Herrian, adibidez, Verde Pratoren lana aipatu nahiko genuke, baita TOCen disko berria edo ta Ibil Bedirena ere.