Itzuleraz

Doinua: Gai horrek badu mamia

1)

Egoerak une batez
jo zuenean gaina,
dena neurri, dena kulpa,
armada ta ertzaina.
Batzuk kantatzen ziguten
astinduaz mingaina
itzulerak baietz izan
perfumeen usaina.
Ederra izango zela
esan ziguten, baina
da beltza, ziurgabea,
hauskorra ta labaina.

2)

Batek entzuten duela
irratia, demagun;
zortzietan egunero
telebistan Gaur Egun;
Twitterren erabiltzaile,
Argian harpidedun.
Kale bazterrak miatu
igande ta astegun.
Ingurura begiratu
nahikoa da gaur egun
eta ea itzuleraz zer
kanta dezakegun.

3)

Han eta hemen, munduan
hamaika odoluste;
langabetuak milaka
kontatuko nituzke;
bortxak eta erasoek
ze indar, ze gorpuzte.
Gaurko berriek horrela
iratzarri gaituzte:
ehun migrante mugaz gaindi,
ze esperantza puzte,
heldu, heldu dira, baina
itzuli egin dituzte.

4)

Amesteak emandako
esperantza apurra,
egiak berriro ere
zaildu digu xamurra.
Bakarti ta babesgabe
begirada makurra.
Ai, itzulerarekin bat
itzuli da beldurra,
itzuli da miseria,
dogma eta egurra.
Inoiz joan denik ere
ez da horren ziurra.

5)

Ta zenbaterainokoa
den haien ahalmena.
Gu isilik, gu konforme,
gatibu gogamena.
«Hau dago ta zer da, ba, guk
egin genezakeena?»
Batek hausten duen arte
luzatzen da kondena.
Guztiok ikusten dugu
biharrak dakarrena:
dena itzuli ez dadin,
itzuli daigun dena.