Ihes

Erraza

«Ihes egitea gauza erraza da 2021. urtean. Finean, lauzpabost pauso jarraitzea
besterik ez. Lehenengo, Googlen hegaldi-konparatzaile bat irekitzea. Gero, hurrengo egunean berdin-du-norantz doan hegaldirik merkeena hautatzea; kreditu txartela ateratzea, eta hogei zenbakiak markatzea. Biharamunean, maleta beharrezko trastez bete, maite dituzunei bina muxu eman, aireportura joan, nortasun-agiria prestatu, musukoa jantzi, maleta fakturatu, eta eroso esertzea. Zerbait posteatzea, nahi bada. Agur-mezuren bat uztea Whatsapp talde batean –beti izatea bueltako txartela ordainduko dizunik–. Eta hara, ordu batzuen buruan mundu zabalean egon daiteke nortasun-agiridun eta PCR negatibodun euskal herritar bat, ze gauza erraza».

Azal gorri gogorreko koadernoan idatzi du Libek. Boligrafoa eskuaz gogor zapalduta idatzi du, ondo markatuta uzteko orrialdea bera ez ezik, baita haren atzealdea ere. Bestela, pentsamenduak datozen bezala doaz; gaur-gaurkoak eta bihar-biharkoak dira. Eta paperean idatzita bihar ere hor topatuko dituen hitz batzuk izateak determinazioa ematen die haren hitzei, egonkortasuna haren izateari; hala sentitzen du behintzat.

Txori-banda

Gaur ere idazten jarraitzea erabaki du, bart gauean baino goxoago, xamurrago. Pentsamenduen zirimolari forma lineala emateak barrena lasaitzen dio. Idazteak ordenatuago sentiarazten du, idazmahaiko paper-puskak txukun antolatzen dituenean bezalaxe.

«Badira hegazti migratzaileak. Batzuk udatiarrak dira, eta urtero-urtero migratzen
dute, Afrika aldera, epeltasun bila. Beste batzuk negutarrak dira, eta Europako erdialdetik eta iparraldetik helduak dira Euskal Herrira.

Badirudi, baina, gizakiaren jarduera medio, aldatzen ari direla hegaztien migrazio-ohiturak.

Hegazti guztiak ez dira, ordea, migratzaileak. Badira hegazti sedentarioak ere –txolarreak, eperrak, arrano beltza–, eta habia jartzen duten lekuaren bueltan zertzen dute bizilekua. Besteen aldean, bizialdi luzeagoa izaten dute txoriok.

Aitzitik, gero eta gehiago dira alderrai dabiltzan hegaztiak. Pausatzen dira leihoan
denbora amiñi batez, heltzen diote barandari beren atzapartxoez, baina iritsi orduko eragiten diete hegalei berriz. Dantza inprobisatuak egiten dituzte argi-itzaletan.

Hara, begiratu gora, hortxe daude, badoaz, kutsadura-hodeiek helduleku hobea emango dieten esperantzan».

Amona

«Zer diren garai modernoak, hala pentsatzen du amonak. Adi behatzen die errenkada osatuz apaletan dauzkan erretratuei: ezkontzetakoak, ibilaldietakoak, euskararen aldeko jaietakoak, sindikatukoak, auzolanetakoak. Bizitza jendez inguratuta pasa du, beti izan da hiztuna eta kalekoa. Gutxiena espero behar zuena zera zen, orain, adinaren ajeak nabaritzen hasiak zaizkiolarik, inor ez zuela izango bera zaintzeko, eta alarguntza-pentsioz ordaindu beharko ziola etxeko lanekin laguntzen dion kolonbiarrari. Aurten ere bakarrik pasa beharko ditu Eguberriak. Semea lan-bidaia batean du Txinan, alaba New Yorken bizi da familiarekin.

Ihesak premiatik beste duela oinordetzatik, ulertzen du hori, horrela esango ez balu ere. Hala ere, zer den norberak bere erabakiz alde egitea, pistolaren ahoa lokia estutzen sentitu gabe, bizitza beste leku batzuetan ederragoa, osoagoa delako ustean, halakorik ez du konprenitzen. Zeri ihesi, zeren bila dabiltzan hegazti errariak harat-honat, edonora joanda ere txakurrak ortozik badira».

Boligrafo berdez idaztea erabaki du gaurkoan, eskola-garaian koadernoak koloreztatzen zituen ilusio berberaz, edo, akaso, ilusio horren nostalgian. Amonaren larruan sartzeak arazoak erlatibizatzen laguntzen dio, baina era berean, ezin du errudun sentitzea saihestu.

Txakurrak ortozik

Gaueroko paseoa egitera irten da bart Libe. Giroa hezea da, hotza, baina egunak eman duen horretatik aldentzeko ondo etorriko zitzaiola pentsatu du. Zer erremedio, Kai txakurra etxera ekarri zuenetik badaki ezin diola ihes egin gaueroko zitari. Kalea gris dago, eta euria tantaka bris-bris irristatzen zaie kale-argiei, jendearen berokiei eta terrazetako mahaiei. Iluntasun tunel bat dirudi kaleak, mutur batean kolore askotariko Eguerrietako argiek ohi baino gehiago argitzen duten metro-karratu horiengatik ez balitz. Hain justu, hortik igarotzean aurpegi ezagun bat gurutzatu izana iruditu zaio Liberi.

― Aspaldiko, Libe!

― Aspaldiko, bai, Amaia! Non ibili haiz azken urtean, ba?

― Hortik zehar ibili naun, lan pixka bat egin, bidaiatu, bazterrak ezagutu… Badakin, orain egiten ez baditinagu halakoak… akabo!

― Zerbait entzun dinat bai, urruti ibili haizela. Bo, argazkiak ikusi ditinat Instagramen, a ze inbidia! Eta, zer moduz?

― Txoratzen ibili naun. Lasaitasuna behar ninan. Hemen, herrian, itogarria dun giroa. Beti dun dena berdina, ezer ez dun aldatzen: betikoak, betiko tokietan, betiko gauzak egiten. Ezin ninan gehiago.

― Bai, bueno, ez pentsa, ari ditun gauzak ere aldatzen azken urteetan. Berez, dena dun berria, pandemia txoro honekin… Baina hortik kanpora ere, ez zakinat… Gizartea okerrera zoan… baina nik somatzen dinat gauzak beste era batera egiteko gogoa ere.

― Gogoa? Parrandarako zaukan hemen gogoa jendeak, neska.

― Ja… Bai… Parrandarako gogoa ez, dirua ere behar din pertsonak, e! Eta hori gero eta zailagoa dun. Eta? Zer egin dun ba, porai?

― Jende asko ezagutu dinat; kultura berri bat ere bai. Begiak ireki zaizkidan. Gogorra dun pobrezia e, sobrau. Jendea kale-bazterretan, eskean. Eta nolako lan-baldintzak… penosoa dun han jendeak nola egiten duen lan, goizetik gauera bi sosen truke.

― Hemen ere, praktikaldi eternoetara kateatzen gaitizten, e, gazteok ere, ez zagon urrutira joan beharrik. Bizitza osoa ikasten eman, gero zer eta, unea iristen denean, kaka zaharra!

― Ja baina ezin dun konparatu, e… Hangoa pobrezia dun, benetakoa, e, goian zerua eta behean lurra bizitzea.

―Ja…

―Patxada handia ere izan dinat: neure buruari bakarrik begiratu zionat, eta hobeto sentitzen naun. Hori behar ninan, bizitza disfrutatu! Eta hik?

― Ba, lan eta lan ibili naun. Ikasketak amaitu nitinan eta orain tabernan ari naun ordu batzuk egiten, beste zerbait sortu arte. Aitak lana galdu din eta ama gaixo zagon. Ez zagon erraza! Etxean lagundu behar izaten dinat, eta horrekin nahiko lan. Eta gero militantzian ere ari naun, zerbait egin beharra zagon.

―Jo, ze putada gurasoena. Sentitzen dinat. Nik egia esan ez zaukanat lan egiteko intentziorik oraindik. Bizi osoa dinagu horretarako. Gainera, bitxo zikin hau gogor ari omen dun jotzen berriz; laster ezta parrandan ere ezingo dinagu atera, hau da hau marka! Gaztaroa kendu ziguten, maja. Urte berriarekin igual berriz joango naun kanpora, total…

Elkarrizketa horren ondoren ez du ezer ere idazteko aldarterik izan. Kai laztandu du luze, goxo. Pentsamendu zentrifugatuek sormena ez ezik, loa ere galarazi diote.

Anonimo

Biharamunean ere, zer pentsa eman diote atzo Amaiarekin trukatutako hitzek. Ibili, ibiliko litzateke bera ere firin-faran Amaia bezala. Berak badu, ordea, sendoago heltzen duen haririk: adiskide onak, familiaren babesa, esku-artean darabiltzan proiektuak… Baina amorrazioa ematen dio; maiz sentitzen du erradikalagoa dela herrian bertan zer egiten den, bertatik erabat desagertzea baino. Eta bere buruari ere aitortzen dio denoi gustatzen zaigula noizbehinka geure burua nolakoa den ikustea besteak begira ez daudenean. Anonimotasunaz idaztera ausartu da:

«Anonimo izateko modu asko daude. Izan zaitezke beti anonimo, beti ezlekuetan ibili, beti ezezagun; “munduko hiritar” esaten diete, halakoei, ala? Joan hara, etorri hona, senak agindutakoa egin. Hiri bateko metroan itzulinguruka ibili, basamortuan galdu. Gaztetasuna koktelez zukutu. Azter dezakezu zer den une bakoitzean nahi duzuna. Izozki bat? Film bat? Sexua? Oporrak? Saia zaitezke –saiatzea libre da, saiatuz gero lortuko duzu– une horretantxe bertantxe –oraintxe bertan, berehala– barrenak eskatzen dizuna lortzen; patrika nolakoa, kapritxoa halakoa. Eta behin lortutakoan, saia zaitezke plazer istant hori denboran iraunarazten, garunean behin eta berriz errepikarazten ezti tanta horren gozoa.

Baina gero zer egin plazerezko hari-izpi hauskor horiekin? Bilduma bat osatu? Konpostajea egin? Ohe azpian gorde? Instastory luze baterako atondu?»

Idazten bukatu aurretik, burua koaderno azal-gogorrekoaren gainean duela hartu du loak.

Noragabe

Egunak igaro ahala, anonimo izan nahia ez ote den noraezaren, egiari begiratzeko beldurraren sintoma, pentsatu du Libek. Inorekin sekula zorrik ez izateko modu erraza iruditzen zaio ihesa, eginbeharrik ez izatekoa. Ordea, Amaia lagunarentzat bizitza gaur da, eta biharra noraezean eta noraezerantz emandako beste pauso bat baino ez; erbestealdi prefabrikatua da bizi duena.

Lagunaren bizitza eraiki ahala autosuntsitzen dela iruditzen zaio Liberi. Ikusten du, jabetzen da, nola ereiten duen doan tokian hazi ñimiño bat, zerbait estreinakoz
egitearen zirrara hori sentitzeagatik bakarrik, edo horren nostalgiaz, eta nola isurtzen dizkion gainera ur tanta bakan batzuk. Eta gero, aspertzean, egunak ilundu eta inor begira ez dagoen unea aprobetxatzen du, isil-gordeka errotik erauzteko hazitxoak bota dituen sustraiñoak, zer gerta ere…

Hori ote da aske izatea? Kontraesanez betetzen zaio sabela. Errotulagailu lodia hartu, eta koadernoan letra larriz idatzi du «Zer da askatasuna?» galdera, zabal-zabal irekita bi orrialdeen arteko jostura ere zeharkatuz.

Haren alderdi arrazionalak diotso asmo handiak –askatasuna, kasu– ez direla berez sortzen, ezta gauzatzen ere, eraiki egiten direla. Kontzeptu aproposa iruditu
zaio, eta «eraikuntza» hitz-gakoa idatzi du koadernoaren ezkerraldean, eta fosforitoz azpimarratu du. Handik hiru gezi luzatu ditu beherantz, eta burbuila bana gehitu die: «denbora», «konstantzia», «diziplina». Tartea utzi du inguruan; komeni da ideia berrientzat badaezpadako marjina uztea, pentsatu du. Finean, asmo handiek lo-orduak kentzen dizkiote, bai, baina gorputza ematen diete norbanako eta kolektiboei, berretsi du bere burua. Historia bera ez dago ulertzerik askatasunagatik lo-orduak galdu dituztenik gabe, gehitu dio pentsamenduari.

«Printzipioak» eta «konbikzioak» ere idatzi ditu letra etzan eta finez, urre-koloreko boligrafoz. Gero, beste gezi bat luzatu du eskuinalderantz, eta «helburuak» idatzi du, zehaztasunez. Eta haren behean, «zirriborro» hitza, hiru aldiz. Asmo handietan zirriborro batetik besterako hobekuntza irudikatu du buruan, berak bakarrik uler dezakeen koadernoari begira. Ordu erdiz jarraitu du ariketa horretan, «askatasun» hitzari ideiak josten: «egia», «miseria», «zentzua», «taldea»…

Eta, bukatutakoan, baretu egin zaio arnasa. Gustatu zaio bere bizitzaz egin duen irudikapena; esango luke bere bizitzaz harro sentitu dela, bere buruarekin xamurragoa balitz. Motxila trastez bete du eta etxetik irten da, determinazioz, koaderno gorria eskuan duela, eta kalean behera joan da pauso arinez. Berandu doa hitzordura.