Gauza sinpleak

,
IRUDIA: Julene Duijvestijn @julebebebe

Liburu bat liburu bat da. Horixe errepikatzen diozu zeure buruari mugikorreko pantailako portadari begira. Izen bat, irudi bat, izenburua. Prestigioa. Zer egiten duzu zuk? Nik? Liburuak irakurri. Berdin du zer, berdin du nor, Lenin edo Byung-Chul Han, Luxemburg edo Ayn Rand, Aramburu edo Rodriguez, eta zerrendak jarrai dezake, gizateriaren historiako monumentu miserable eta handiena osatu arte nahi izanez gero. Baina, ezer baino lehen, liburu bat liburu bat da, gauza bat, eskuetan hartu dezakezuna eta banilla usaineko orri marroikarak tentuz haztatu, gehiegi tolestuz gero hautsiko direlakoan, kolak edo hariak papera aspaldi heltzeari utzi ziotela-eta askatuko ote diren beldurrez. Edo amorruz baina irribarrea ezpainetan duzularik milaka kilometro bidaiatu ondoren ia beste hainbeste urte iraun zezakeen azal akartonatu gogorra erauz diezaiokezu liburu bati, hemen ezin da horrelakorik sartu, azal bigunekoak bakarrik, esan duelako espetxe atariko funtzionarioak dagokion inperioaren hizkuntzan. Azal gogorretan gordetako limek askatuko zuten bat baino gehiago kartzelatik. Inprentatik akatsekin ateratako liburu bat, edo inolako akatsik gabea ere izan daiteke, sortu zenetik lanean eta militatzen aritu zaren argitaletxe txikiak atera berri duena, eta 17 urte bete gabeko dozena bat mukizuren aurrean altxa dezakezu batxilergoko klasean behingoz fundamentuzko zerbait ikas dezaten, eta esan: hau liburu bat da, eta hau da liburu bat. Azala du eta mamia, eta kolak edo hariak, edo biek, josten dute eta bilduta mantentzen. Papera da eta tinta, gauza bat. Eta bi eskuez heldu eta erdibitu dezakezu, eta ikasleei banatu dagoeneko liburu bat ez diren bi erdiak. Geroztik esaldi horixe darabilzu zuk buruan, zure bizitza laburra ordutik hamarkada eta erdi luzatu arren halako sakrilegiorik berriro egiten inor ez baituzu ikusi. Eguerdian etxera bueltatzean ez zinen ausartu gurasoei kontatzen, beraiek ere ordurako oso garbi bazuten ere: liburu bat gauza bat da. Liburua ideiak dira, noski, baina gauzarik gabe ez da ia ezer. Eta DBHko euskara irakaslearen errieta imajinatu dezakezu, halako alergia baitzion «gauza» hitzari. Liburu bat izan daiteke, edo liburu beraren ehunka, milaka ale, guztietako 195. orrialdeko 18. lerrokadako 3. hitzean «i» beharrean «l» jartzen duena. Milaka ale tonak pisatzen dituzten kaxekin betetako paleetan bilduta. Saldu ez diren milaka gauza. Inprentatik gillotinarako bidea eguzkiaren argia ikusi gabe egin dutenak. Milaka euro, milaka dolar. Liburuak zaborretan, liburuak etxe ondoko parkeko bankuan utzita, nahi duenak har ditzan. Korrika eta presaka egindako azalak. Eskuz eta kandelen argitan mendeak atzera nekez kopiatutako kaligrafia landuak. CIAk diruz eta publizitatez ondo hornitutakoak. Pelikuletan aireportuko dendak betetzen dituztenak. Adimen Artifizialak egindakoa izan gabe ere hark eta ez sinatzen duen artistak egin duela dirudien azala dutenak. Gaztetxeko trukerako apalategia betetzen duten liburuak. Eroskiko ataria apaintzen dutenak «Euskara» kartelaren azpian, eta baten bat ozen pentsatzen: horrela bide onetik goaz. Eskolako liburutegia hustu zutenean zaborretara bota zituzten liburuak, Sanjuanak ordurako paseak zirelako. Inprimatze data 2025 izan arren 1985eko gramatika daramatenak barnean, euskara ere han, leku urrun hartan, katigatuta geratu zelako. Klandestinoki pentsatu eta idatzi, inprenta klandestinoetan kopiak egin eta klandestinoki banatu direnak, klandestinoki irakurtzeko gero. Liburuak. Carvalhok sutara botatakoak, edo, suaz ari garela, Tolosako Plaza Zaharrean edo Berlingo Bebelplatzen zeruranzko ke tximinia bihurtutakoak. Liburuak gauzak dira. Gauzak baitira, arma luzeak eta arma laburrak bezala: iraultza haziak izan daitezke edo Roundup; edo denborapasa estupido bat, edo hiru horietako bi aldi berean. Mundu zabalean hedatu diren liburuak eta lagunentzat bakarrik egin direnak. Zortzi urterekin idazten hasi zinen hori: azala du, eta lehen orrialdea. Grapatutako gainerako guztiak zuri daude, Inteligentzia militarraren liburua bezain zuri. Alcalá de Henareseko artxiboan liburuak baino autopsiarako frogak diren paper multzoak. Liburuak. Paperera inoiz ailegatu ez zirenak, plomu beroek kamino hautseztatutako errebuelta batean abatitutako buruetan gehiago hazi ezin izan zirenak. Liburuak gauzak dira, sortzen dira eta saltzen dira. Erosten dira eta suntsitzen dira. Irauten dute edo usteltzen dira gaizki zaintzeagatik. Ideiak gure buruetan bezala. Zenbat liburu galdu dira jendea galdu delako? Eta galtzeko era bat baino gehiago dago. Liburuak axolako balitzaizkizu bezala egiten diozu galdera hori zeure buruari, eta ez jendea. Esaten zuten pantailek liburuak desagerraraziko zituztela. Baina pantailari begira zaude orain eta pantailan liburu bat agertzen zaizu. Prezioa: 19,75€. Zenbat lanordugatik ordaintzen dizu zure nagusi jatorrak diru hori? Ez duzu kalkuluak egiten hasi nahi. Bihar jaso nahi baduzu erosi orain eta 3,9€ gehiago baino ez duzu ordaindu beharko. Ohiko bidalketa doakoa da eta datorren astelehenean jasoko duzu. Orain erosi, klik, 23,65€ helbidea ongi dagoela ziurtatu, eta webgunean erregistratutako ordainbidea berretsi, klik. Zure izenean horren erdia ere eduki ez eta aste osoan jateko nola moldatuko ote zinen garaiaz akordatu zara, baina ez diozu biderik utzi pentsamenduari. Dirua dirua da. Pantailatik burua altxatu eta oraindik ez dabil inor kalean, pareko denda ere hutsik dago. Ganorazko denborapasarik ere ez daukazu. Aurrekoan oparitu zizuten liburuak ez dizu batere graziarik egiten. Ez zara ezer ulertzen ari, protagonista ez duzu atsegin eta gorroto duzu orria gordetzeko darabilzun solapan ageri den idazlearen aurpegi mozoloa, zu baino listoagoa delako uste osoarekin begiratzen dizuna zuri-beltzeko argazki artistikoki enkoadratu horretatik, deitoratzen duzu gaizki sentiarazten zaituelako, eta bola bat egiten ari zaizulako ezin diozulako esan oparitu zizunari, aizu, ze putamierda, ez? Ezin duzulako imajinatu agian horixe dela berak entzun nahi duena eta zu zeure buruari esateko gai zaren gauza bakarra da: ze inutila zaren, benetan. Liburu bat liburu bat da, gauza bat. Eta idazle batek aurrekoan kafe bat eskatu zizun, baina ez zenekien idazlea edo kazetaria zen, edo biak batera, edo bietako zein batez ere, eta berarekin zihoanari esan zion deblauki, bosgarren orrialdean utzi nuen, eskerrak liburutegian hartutakoa zela. Badaezpada ere gau mahaian eduki nuen epea amaitu bezpera arte, eta ez nuen luzatzeko eskatu. Eta macchiato bat, mesedez, zuk zer nahi duzu, galdetu zion besteari, espezialitateko kafe garestia nire kontu, lasai, esanez bezala, gutxi ordaintzen didate, baina zuri gutxiago, eta gainera udako paga dator laster, eta semea independizatu zenetik lasaiago gabiltza etxean. Azkenean bi macchiato eskatu zizkizuten, 5,60€, eta idazle-kazetaria esku artean zuen proiektuaz mintzatzen ari zelarik atera ziren kafetegi deitzea ere merezi ez duen hormako zulo horretatik. Zuk ere izan nahi duzu idazlea, edo idazle-kazetaria, kazetari-idazlea, irakasle-idazlea. Ez kafe-saltzaile-ez-idazlea, baina zer egingo zaio. Oraingoz liburu eroslea zara, eroslea lehenik eta irakurlea gero, idaztearena jende gutxiri konfesatu diozu. Jakinarazpena heldu zaizu: zure eskaera bidean da. Liburuak idaztea, gauzak egitea. Errua sentitu duzu. Errua laster itxiko duten dendan beharrean literalki munduaren zati erraldoi baten jabe den edo izan daitekeenaren poltsikoak betetzen lagundu eta, bide batez, kutsatzen eta jendea esplotatzen duen enpresari erosteagatik liburua. Errua irakurtzen jarraitu nahi ez duzun liburuarekin oraindik zer egin erabaki gabe beste bat erosteagatik. Errua, batez ere, etxean oraindik iazko Durangoko Azokan erositako liburu horiek guztiak zain dituzulako, amonak berrogeita hamar euroko bi billete erdi ezkutuan eman eta esan zizulako hau liburutarako da, aittu, ez gastatu parrandatan, eta esaten diozu zeure buruari, pila harekin jartzen naizenerako oraindik periodikoetan norbaitek liburu horietakoren bati buruz zerbait esaten badu horixe irakurriko dut. Eta ez duzu gainerakoekin zer egingo ote duzun pentsatzen hasi nahi. Erosteko ekintzak emandako dopamina apurra joan zaizu berehala, baina beste iturri bat aurkitu du gorputzak, garunak: «Zure bidalketa jarraitu» dioen botoiari klik egin diozu birritan pentsatu gabe, dendara giri bat sartu den momentu berean. Café con leche, porfavor, ahoskatu dizu Magalufeko espainieraz. Joan denerako kargatu da orrialdea eta hor dago: Fulfillment center, Leipzig, Alemania. Mapsen begiratu duzu: zauden lekutik 1.797 kilometrora. Sateliteko irudietan poligono bateko nabe industrial erraldoi bat ageri da. Barruko argazkietan jangela txiki bat baino ez. Pickinga irudikatzen duzu. Pasilloak eta pasilloak, baldaz beteta, baldak gauzaz beteta. Liburuak eskuekin hartuko dituztela irudikatzen duzu, baina zalantza egiten duzu. Langileetako bati lana jartzen dion makinatxoa eguneratuko zitzaion erreferentzia bat gehiagorekin, dagoeneko aurretik zehaztutako bidean ahalik eta modu eraginkorrenean txertatua, eta atseden hartu eta komunera joan ahal izateko tartea bi minutuz atzeratu diona. Pasillo horretara iritsi denean adierazitako baldara joan da eta liburua hartu du. Barra kodea eskaneatu eta berarekin daraman gurdian sartu du gainerako liburu, panpina, etxetresna eta gauzekin. Ez, ez, hori XX. mendekoegia da. Orain askoz ere eraginkorragoak izan behar dira kontuak, makinen eta gizakien arteko integrazioa beste maila batean egon behar da. Bideo bat bilatu duzu mugikorrean. Publizitatea da azalpena baino gehiago, baina argi ikusten da nabearen funtzionamendua, eta arrazoi zenuen: bere lekuan geldirik dago langilea –zu ere barra atzean zauden bezala–, eta baldak datozkio abiadan, azpitik altxatzen duen robotak mugituta –zuri ere giriak eta idazle-kazetariak kafeina beharrak higituta–, eta bere parera heltzen denean argi batek argitzen du dagokion objektua hartu behar duen balda zatia, eta objektua hartu, eskaneatu, eta bere aurrean kokatutako plastikozko kaxa batean sartzen du, eta hurrengoa –zuri eskatzen dizute cortado, conleche, ebakia, macchiato, capuccino, muffin bat, mesedez, eta buelta eman, patxada antzeztuaz kafea ehotu, ur irakinetan pasa eta paperezko edalontzira bideratu, eta esnea lurrunarazi eta adeitsuki eskura eman eta hurrengoa–. Baina zuk gutxienez jendea ikusten duzu, esaten diozu zeure buruari, eta haiei buruzko istorioak asmatzen, eta inor ez dagoenean atera ateratzen zara zigarroa erretzera duela hamarkadatik eta kafetegian hasi arte parrandetan bakarrik erre arren, eta pareko dendako langilea agurtzen duzu, eta bera zu baino izorratuago dago, nork nahi du San Sebastian jartzen duen kamiseta kutre bat? Kafeak, gutxienez, funtzio garrantzitsuagoa betetzen du gure bizitzetan. Gauza batzuk besteak baino baliotsuagoak baitira. Nahas-mahasean gordetako gauzen artean irudikatu duzu zure liburua, zeren eta orain zurea da, eta etorkizuneko logistikaren erakusgarri den balda mugikor horretatik kilometroak luze den zinta garraiatzaile batera doa plastikozko kaxa hori batean, atzean utzi duen postuaren beste oso antzeko batean dagoen beste langile batengana, baina gauzak sobreetan eta kaxetan sartzen pasako ditu horrek zortzi ordu. Eskaneatu, eta dagokion kaxa edo sobre mota zein den esango dio ordenagailuak, eta, nola diren gauzak, kaxa ixteko behar duen zelo luzera ere automatikoki moztuko du makinak, eta hortik ia zuzenean abiatuko da gauza hori, beste milioi bat gauza beren jabe berriengana abiatuko diren bezala, zure liburua zure etxerantz. Zure etxerantz? Ez duzu lohi horietan sartu nahi orain, bihar liburua eskuetan hartuko duzun momentuaren irudikapenak behingoz apur bat alaitu zaituenean. Gauza batzuk sinpleak baitira, eta besteak, aldiz, ba, ez.