«Ezin dizuet ezer gehiago eskaini
agortu zaizkit hitzak
bidaiari erratu bat izan nintzen
itzal iheskari, auzokide desleial agian
nahi nuen, hala ere, emaitza ederrenetan
zuengana isuri, partaide izan»
Xabier Lete
I. Gauden aldia
Sortaldetik argi berunezkoak
kalezulora egin du
jende bakartuen
hutsuneak arintzera
arrakala baten erditze beroan
zorion orduen ajea
merkantzia hauskorregia gertatzen da
morrontza itogarrian
inertziaren uberan
goaz joan zidor gaiztoan
luze doa denboralea
gogor joaz aldaizea
desgaraian
gauden aldian
esporetan barreiaturik
heldu den neguak
ezagun du
betiko geratu behar duela
baina argizaria jostailu zeneko
orbanak daude
sukaldeko harlauzetan
ez ote zen zartatze hura abagunea
zoruaren azalean?
II. Zerrendan
Artzain
itzain
lemazain
mugazain
ziegazain
atezain
ertzain
zain.
Bulkada
ukabilkada
ostikada
sarekada
betekada
beherakada
hamarkada.
Egarbera
moldabera
barkabera
aldabera
aldaera
egoera.
Eskalea
eskaileran
eskailerapean
euskaltzalea
eskailerapean
eskaileran
eskalea.
Hizkuntza
jabekuntza
hornikuntza
eraikuntza
antolakuntza
antolakunde
pizkunde
erakunde
erakundetze
norabidetze
baketze
baretze.
Mozkin
eraikin
soberakin
lehorkin
hondakin.
Igarle
ekarle
eramaile
maitale
jagole.
Oroitzapen
jazarpen
endekapen
lagapen
etsipen
birkokapen
ekoizpen
ekarpen
hedapen
garapen
garaipen.
III. Zeure tolesetan
Gauzatu zinenez gero
tematua zalantzetan
ezaguera hartzeaz bat
garunaren galdaretan
galdera beratuak
arantzatsuak, behartuak…
orain pertz haietan
dirakizu odolak
duzun mina geureagoa da beraz
orokorragoa nekea ere
inoiz besterena zeure
izango bada bederen
besteren nekeak zeure tolesetan
hartuko badu atseden.
IV. Jakinekoa da
Jakinekoa da
–eta horregatik esan nahi nizun–
eromenari erabat emanda
gabiltzanean
noragabeko
aieru aldakorrek
gain hartzen
digutenean
garela arriskutsuenak
–harroenak ere bai ziurrenik–
jakinekoa delako diot
pentsamendua heliozko puxikei kateatu zeniela
gertakarien zinezko agertokia baino
lau etxadi harantzagotik hegaz partitu nintzela
bizkar-zorroan leherkari bana batu
eta gorputzari atzeraka jaus zedin
jaregin geniola
eta diot
–jakinekoa delako batez ere–
grabitatearen pisuz
ahuspez erortzean
uhin hedakorrek
kontaezinki txatalduko dutela
jakin eta
zirkinik egiten ez duen gorputza
burubotale ziurra delako
gorpuzkia delako dagoeneko.
V. Gaua egin den kalean
Aditu al dituzu
sirenak oihuz
etxera gaitezen lehenbailehen
edonor geratzen da
kantoi hesitu hauetan…
zer ibilera-modu da hau
non gaua egin den kalean
poliziak ez dion utzi polizia izateari
non gaua egin den kalean
izaten ere uzten ez dieten
kale katuak dirudigun ezkutaketan
gaua egin den kaletik
ilunabar goibelenetik
deitzen zaitut
ba ote denetz
espazio perfekturik
bertan libratzeko
elkarri esateko daukaguna.