Etxeko andreak eta erbi-txakurrak: arte eszenikoen irudi bat frankismo osteko Iruñean

Negu-arratseko eguzkiak argitzen du Iruñeko Arrotxapea auzoa: duela hilabete gutxi indarrez hustu eta eraitsi zuten gaztetxearen hondakinak, taberna txikietako jendea, Marcelo Celayeta etorbide luzea, Iwer eraikina, pareko etxe-bloke zaharrak. Bloke horietako batean bizi izan da aspalditik Deme Irigoien, 84 urteko emakumea. Garai batean etxeen lekuan zeuden larreak eta baratzak oroitu ditu eta langileen mobilizazio-egunetan etorbidea ixteko erabiltzen ziren ondoko lantegiko zementuzko hodi handiak. Lekukoa eta partaidea da Deme, gauza askorena; baina, besteak beste, 70eko hamarkada bukaeran eta 80koan zehar Iruñean gertatutako antzerki esperientzia indartsuarena.

Aula Jus La Rotxa antzerki-taldean hasi zen Deme 80ko hamarkadan, Arrotxapeko beste hamar emakumerekin batera. Emakumeek soilik osatutako lehenengo antzerki-taldea izan zen inguruan; baina hortik harago zihoan: etxekoandreak ziren guztiak, auzoko emakume langileak, ordurako 30-40 urte artekoak eta seme-alaba bat baino gehiagoren amak. Behin ere ez ziren ordura arte antzerkian aritu. «30 urte baino gehiago hasi ginela», dio berak, «oroitzapen ona gelditu zaigu». Bizitza publikoan parte hartzeko modu bat bihurtu zen Demerentzat antzerkia, baita gainontzekoentzat ere, eta esan nahi zituzten mezuak esatekoa ere bai.

Deme Irigoienena askoren historia da. Lerrutz (Nafarroa) herrixkatik Arrotxapeara joan zen gaztetan, frankismo erdialdeko industrializazioan gertatutako landa-eremutik hirirainoko migrazioan. Arrotxapean ezkondu zen, oraindik bizitoki duen pisuan bizitzen jarri, seme-alabak eduki eta hazi, auzoko bizitza politiko nahasian parte hartu. «Garai hartan, 80ko hamarkada hartan, hemen langile-mobilizazio ugari izan ziren», oroitzen du. «Orduan itxi ziren, adibidez, Potasako meategiak, hemen ibili ziren meatzariak». Giro horretan, besteak beste, Emakumeen Zentroa izenekoan elkartzen ziren Irigoien eta beste hainbat astean behin: tailerrak, eskola-graduatua ateratzeko ikastaroak eta beste egiteko aukera ematen zien. Hara joan zitzaien gizon bat behin, Arrotxapeko orduko apaiza, auzo guztian ezaguna eta maitatua, beraiekin antzerki-taldea osatu nahi zuela eta antzezlan bat idatziko ziela esanez. «Auzoko emakumeak izan zitezen nahi zuen. Emakumeok juntatu gintezela».

Gizon hura Patxi Larrainzar zen. 1934ean Errezun (Nafarroa) jaioa, Arrotxapeko El Salvador elizako apaiza izan zen, 1969an hara destinatu zutenetik. «Beti gogoratzen dut bufanda luze-luzearekin, kaleko guztiei agur egiten», dio Irigoienek, «isil samarra zen, hitz gutxikoa, baina gauza guztietan zegoen. Oso hurbil zegoen auzokoengandik». 70ko eta 80ko hamarkadetan, Larrainzar figura garrantzitsua izan zen Arrotxapean: auzoko apaiza izateaz gain, garai haietako langile-mugimenduarekin lotura estua zeukan eta konpromiso politiko sendoa. Apaiz gorri esaten zitzaien horietakoa zen, «apaiz basati» ere deitu izan dio historialari batek baino gehiagok. Potasako meategiak itxi zituzten garaiko mobilizazioetan, Irigoienek oroitzen du nola langileek «San Salvadorko elizan itxialdiak egiten zituzten. Langileen alde zegoen beti. Elizako atea irekita uzten zuten langileak bertan itxi zitezen. Asanbladak bertan egiten zituzten, baita presoen aldeko gose-grebak ere. Gizon oso inplikatua izan zen».

Irigoienek miresmenez hitz egiten du Larrainzarri buruz. Hark bultzatuta sortu zuten 80ko hamarkadan Aula Jus La Rotxa antzerki-taldea: auzoko emakume langileek osatuko zuten taldea zeukan buruan, emakume haiek etxetik atera eta bizitza publikoan parte har zezaten nahi zuen. «Entzun behar izan genituen ederrak batzuengandik antzerkian hasi ginelako». Ez zen ohikoa, jakina, berrogeitaka urteko etxekoandre batzuk, ordura arte behin ere antzezten ibili gabeak, antzerkian hastea, baina bere familiakoen eta auzoko zati handi baten babesa ere izan zutela oroitzen du Irigoienek. Larrainzarrek, taldearekin hasteko, antzezlan bat idatzi zien, El gobierno de las mujeres (Emakumeen gobernua), emakumeek soilik gobernatutako udal bat irudikatzen zuen obra.

Antzerkia, beraz, emakume proletarioek publikoki parte hartzeko bitarteko izateaz gain, mezu politikoak transmititzeko bide ere bazen: Iruñeko errealitateaz eta bizitza politikoaz kritikoki hitz egiten zuen eta errealitate posible berriak irudikatzen zituen, emakume langileek aginte politikoa izan zezaketen mundu bat, kasu. Larrainzarrek egin zien gidoia, zuzendari batekin batera interpretazioan trebatu eta obra prestatu, eta hainbat herritan antzeztu zuten. Garai hartan inguru hartan emakumez soilik osatutako antzerki konpainiarik ez zegoela-eta, eta Larrainzarrek berak Nafarroa osoan zeukan prestigioari esker, funtzio ugari egin zituzten eta jende asko joan zen haiek ikustera. «Obra horrekin Nafarroa osoan zehar ibili ginen. “Patxi Larrainzarrena?”, esaten zuten, “etor daitezela, etor daitezela!” Anuntziatu eta jende guztia etortzen zen».

Hainbat herritako antzokietan antzeztu zuten, frontoietan ere bai, kamioietan ipinitako oholtzetan, lurrean bertan. Jende asko joan zitzaien ikustera eta publikoarekiko harreman indartsua ere sortu zuten: Irigoien eta beste antzezleak bezala, langile-auzoetako etxekoandreak ziren ikustera joaten ziren asko eta han, oholtzan, beren buruak ikusten zituzten, beraiek bezalako jendea, baita bestelako errealitate askatzaileago batzuen irudikapenak ere.

Irigoienen eta besteen jarduna eta Aula Jus La Rotxa konpainiaren sorrera testuinguru zabalago batean jarri behar da. Iruñerrian, frankismo amaierarako, bazegoen arte eszenikoen inguruan erreferentzia sare bat, hainbat espaziok eta taldek osatua, antzerki politikoak eta teatro amateurrak ardaztua, batez ere. Mende hasieran, II. Errepublika garaian, ideologia guztietako hainbat alderdi politikok eta langile-erakundek –Falangetik hasi eta Alderdi Errepublikar Sozialista-Erradikaleraino, EAJtik pasatuta–bazeuzkaten beharrezko azpiegiturak eta beren koadro artistikoak, eta haien bitartez erregularki estreinatu ohi zituzten beren ideiekin lotutako antzezlanak. Gerrak eta gerraosteak, ordea, eraitsi egiten zuen sare hori guztia eta, urte batzuetan, antzerki konbentzional eta klasikoko obra gutxi batzuk baino ez ziren iristen Iruñera. 60ko hamarkada amaieran sortu ziren antzerki-talde gutxi batzuk, elizaren lokalen bueltan bereziki, Brecht eta Camus bezalakoen obrak antzeztera ausartu zirenak, baina 70kora arte ez zen gertatu aldaketa nabarmenena, El Lebrel Blanco (Erbi-txakur Zuria) antzerki-konpainiaren sorrerara arte.

El Lebrel Blanco konpainia umeentzako antzezlanekin hasi zen, 1972an. Handik hiru urtera, Franco hil bezperan, Nueve brindis por un rey (Bederatzi topa errege batentzat) antzezlana estreinatu zuten, ikusle helduentzat, Aragoiko errege baten istorioaren bidez Francoren figurari kritika nabarmenak eginez. Horrekin irekiko zen antzerki politizatu eta aldarrikatzailearen aukera, garai hartako mugimendu iraultzaileekin lotura organikorik ez izanagatik, haiekin konektatu zezakeena. Errealitate sozialean interbenitzeko tresna gisa erabili nahi zuten antzerkia. Horren lehenengotako adibide izan zen 1976an estreinatu zuten 1789. La ciudad revolucionaria es este mundo (1789. Iraultzaren hiria mundu osoa da) antzezlan gogoangarria. Parisko antzokietatik ekarria, Frantziako Iraultzaren irakurketa kritikoa egiten zuen, alde onak eta kontraesanak aipatuz, forma eszeniko berritzaileekin. Eragin handia izan zuen garai hartako iruindarrengan; Patxi Larrainzarrengan, besteak beste.

Larrainzarrek ezagutzen zituen El Lebrel Blanco konpainiako hainbat kide eta ideologia politiko bertsua zeukaten. 1789 antzezlanaren hainbat funtzio ikusi zituen zirraraz eta, konpainiak hurbil zeukan idazle banaketakoa zenez gero, elkarrekin lanean hasi ziren hortik aurrera. Lehenbiziko enkargua Gorkiren Ama nobela iraultzaile ezaguneko kapitulu baten moldaketa izan zen, baina Ministeritza frankistak debekatu egin zuen. Hortik aurrera, hainbat izan ziren Larrainzarrek idatzi eta Iruñeko konpainiak antzeztu zituen obrak. Esaterako, 1977ko Carlismo y música celestial (Karlismoa eta musika zerutiarra) antzezlanak karlismoaren ideologia kritikatzen zuen, 1978ko Navarra sola o con lechek (Nafarroa hutsa edo esnearekin) garai hartan pil-pilean zegoen Hego Euskal Herriko lau probintzien batasunaren inguruko eztabaidaz ziharduen. Bi antzezlanek publiko masiboa lortu zuten, ordura arte Iruñean ikusi ez zen modukoa.

Finean, garai hark arte eszenikoak berriz ere modu iraultzailean politizatu zirenekoa ekartzen digu. Frankismo garaian antzerkiak gizarte burges faxistaren erreprodukziorako balio izan bazuen, horren kontrara antolatzea lortu zuten hainbat taldek erregimen frankistaren amaierako langile-mugimendu iraultzailearen uberan. Antzerkiak balio zezakeen, langile iraultzaileen eskutara ekarriz gero, bizitza publikoan parte hartzeko, kritika politikorako eta mundu berri posibleen errepresentaziorako, Deme Irigoienen, Aula Jus La Rotxaren edo El Lebrel Blancoren kasuek argi erakusten duten bezala.

Patxi Larrainzar 1991an hil zen, 56 urte baino ez zituela, Golfoko Gerraren aurkako manifestazio batean pilotakada bat jaso eta egun gutxira, diotenez. Ordurako, ordea, idatzi zituen artikulu eta obretan jasota utzi zituen bere intentzioak: «Guk, ustelkeriaren eta lotsagabekeriaren bidez deliberatuki desilusionatu gaituzten helduok, edozertaz paso egin dezakegu, guztizko absolutua denaz izan ezik: egin behar den mundua, sortu behar den herria. Errealitateak ez diola inori axola? Jaunok, interesgarri bihurtu beharra dago. Fikzioa eta gezurra ez den oro zaigu erabilgarri».