Bertsolaritzak eman du berriz ere zer esanik pasa berri den urtean, eta 2022an are gehiago eman dezake: iragan azaroan eta abenduan jokatu ziren Ipar Euskal Herriko, Nafarroako eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalak, hurrenez hurren, eta datorren udazkenean da hastekoa Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia. Euskarazko arte-produkzioaren ikuskizun prestigiotsuenetakoa bilakatu da azken hamarkadetan bertsolaritza, bertsolariak figura publiko eta artista kontsakratu, saioak eta lehiaketak instituzionalizatutako zirkuitu-sare formalak dira dagoeneko. Eztabaidak eztabaida, bertsolaritza arte-ekoizpen gisa ulertzeak abantailak dakartzala uste dugu, egitura kulturalei lotutako adierazpide estetikoa denez gero, bere diziplina arauak dituena. Horrek, hain justu, ahalbidetuko digu haren egoeraren azterketa sozial egoki bat.
Arte-ekoizpena garai historikoaren produktu den ideiaren adibide garbia da bertsolaritza: alde batetik, unean uneko prozesu historikoek eta aldaketa kulturalek eraldatu izan dute eta, bestalde, talde soziopolitiko batek hegemonizatu izan du beti, talde zabalagoak edo murritzagoak, unearen arabera. Gerra aurrean nazionalismo aranistak, euskara modernizatu eta euskalduntasuna landa-eremutik hirira eramateko bere kultur politikaren barruan, apustua egin zuen bertsolariak hirira eraman eta Bertsolari-guduak deituriko lehiaketetan formalizatzeko; orduan, Basarri bertsolariarengan gorpuztu zen bertsolari abertzale aranistaren figura sustatu zen berariaz, bertsolari tradizionalagoen eredua berritu asmoz. Gerraostean nazionalismo progresistagoak aldarrikatu zuen bertsolariaren figura, Arestiren bidetik, artista popularraren eredu propio bat topatuta haiengan, oraindik eredu zaharra berritzera heldu gabe, ordea. 80ko hamarkadatik aurrera etorri zen aldaketa: nazio-askapen mugimenduak presentzia nabarmena irabazi zuen bertsolaritzan, euskaldungo osoari zuzenduta, baina ezker abertzalearen diskurtsoa sustatuta. Ordutik aurrera, ezkerreko abertzaletasunari lotutako gazte-belaunaldiak integratzeko eta sustatzeko gaitasuna izan zuen eta erreferentzia horiekin –gaur egun ere ezagunenak– heldu zen bertsogintza orain arteko puntu altuenera.
Gaur egungo bertsolaritzaren koplak bestelakoak dira: alde batetik, merkantilizazio instituzionalizatu bat egonkortu da eta, bestetik, ezker abertzalearen porrotak krisi ideologiko nabarmena piztu du, bai eta derrotismoaren neurriko marko ideologikoa gailenarazi ere.
Bertsozale Elkartearen sorreratik, 1987an, azkartu egin da bertsolaritzaren instituzionalizazio-prozesu partikularra. Tradizionalki zirkuitu eta erreferentzia prekario eta informaletan oinarritu izan zena –tabernetan eta baserri-giroan lehenago, txapelketen egitura ondo finkatu gabeetan geroago–, modu oso eraginkorrean, zirkuitu formal eta ondo egituratu bilakatzeko gaitasuna izan zuen: egitura propioak, argitalpenak, saioen eta lehiaketen antolaketa, modu zentralizatuan egitea ahalbidetu zuen. Horrek guztiak, bestalde, azkartu egin zuen bertsolari profesionalaren modernizazioa: garai batean afari eta ostatu truke kantatzen zuena, saioetako katxetaren truke kantatzen zuena bihurtu zen pixkanaka, bestelako lan batzuekin tartekatuta askotan, soldataren logikari gero eta gehiago hurbilduta. Horren azken geldiunea duela hamar urte pasatxo izan zen, Lankuren sorrerarekin, zeinak gaur egun bertsolarien saioak eta diru-sarrerak kudeatzeko enpresaren papera jokatzen baitu, A, B eta C kategorietan banatuz bertsolariak, maila bakoitzari diru-sarrera jakin bat dagokiola. Euskarazko beste arte-diziplina batzuetatik Lankurena eredu eraginkor gisa aldarrikatu izan bada ere, zilegi da galdetzea: hori al da bertsolarien lana antolatzeko modu bakarra? Bertsolari guztiei –eta, nahi bada, gizarte guztiari– egiten al dio on eredu horrek?
Egungo bertsolaritzaren bigarren kopla azken urteetako krisi ideologikoa eta inposatu den politikoki zuzenaren markoa da. Hamarkadetan zehar nazio-askapen mugimenduak bertsolaritza politikoki eta diskurtsiboki izanak azken urteetan bertsolaritza ezker abertzalearen krisi politikoaren ispilu izatera eraman du. Bertsolaritzaren marko ideologikoa urtetan ardaztu izan du askatasun nazionalaren diskurtsoak, presoen etxeratzearenak, euskararen salbazioarenak, zeinak bertso-saioak eta, bereziki, Txapelketa Nagusiak bertsoaz haraindi zihoazen erritual kolektibo bilakatzen baitzituen komunitate abertzalearentzat. Baina nazio-askapen mugimenduaren porrotak, bai eta derrotismoaren testuinguruan indarra hartu duten feminismoak eta bestelako korronte postmodernistek, marko horren legitimitate krisia ekarri dute, horrek dakartzan noraez eta gatazkekin. Bertsolaritzaren marko ideologikoa, politikoki zuzena den hori, ezker abertzalearenarekin batera desplazatu da euskaldunen klase-soziologia orokorraren mundu-ulerkerara: klase ertain apolitiko eta erreformistaren ideologia gailendu da. Krisi ideologiko abertzalearen osteko despolitizazioak eta marko diskurtsiboak ahuldu egin du nabarmen bertsolaritzaren elementu politiko komunitarioa eta murriztu publiko zabal berrietara iristeko gaitasuna.
Arteka aldizkariaren iraileko zenbakian, Maddi Sarasua eta Aroa Arrizubieta bertsolari eta militante sozialistak mintzo ziren bertsolaritzaren artikulazio sozialista posible batez, Txaber Altuberen bertsoak dakartzagu webgunera urtarrilaren 29ko GKSren mobilizazioetara deika, eta iragan abenduko Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean Aitor Bizkarrak honakoa zioen: «bertsolaritzak niretzat dauka / lan-tresna baten itxura, / bertsolaritzaz beraz gaindiko / helburuen zerbitzura». Agian posible da arte sozialistaren hipotesia bertsolaritzaren diziplinari ere aplikatzea: egungo izaera merkantilizatu eta despolitizatutik urrun, mundu berri posibleen transmisiorako masa zabalekin konektatu dezakeen arte-espresio gisa antolatzea, alegia.