«Literatura proletario» izendatzen den joera literarioa ezaguna eta hedatua izan zen AEBetan XX. mendearen lehen erdian. 1929ko krisiak proletarizazio izugarria eragin zuen, baina baita AEBetako mugimendu komunistaren berrindartzea ere. Horrek ekarri zuen, besteak beste, Alderdi Komunistaren inguruan 1926an sortutako New Masses aldizkariaren arrakasta handitzea. Aldizkari horren eta beste batzuen bueltan artearen eta politikaren inguruko eztabaidak ugaritu ziren, eta baita lan asko eta asko argitaratu ere. 1929an, New Masses aldizkariko hainbat kidek John Reed Clubak sortu zituzten, artista eta idazle iraultzaileak elkartzeko espazioak, «artea klase borrokarako arma da» zuten lelotzat. 1936an desegin ziren, American Artists’ Congress delakoa sortuz, Internazional Komunistaren Fronte Popularraren estrategiari jarraiki. Historia interesgarria eta korapilatsua da XX. mendeko AEBetako artista iraultzaileen eta haien aldizkari eta elkarteena, modu xehean aztertzea merezi duena.
Oro har, idazleen mugimendu gisa ulertzen da AEBetako literatura proletarioarena. Idazleen eta intelektualen balizko izaera desklasatuari erreferentzia egiten dio ulerkera horrek, nahiz eta bazeuden ere ikuspuntu obrerista batetik “benetako” langiletzat hartzen ziren idazleak ere tartean. Gainditu beharreko ikuspegia da hori, ordea, lehen zein orain. Kezka iraultzaileak batzen eta hauspotzen zituen artista haietariko gehienak, langileria antolatuak behar zuen artegintzaren nolakotasunaren auziak: errealitatea nola islatu, hori aldatzeko borrokan nola eragin eta etorkizuneko klaserik gabeko gizartea nola irudikatu asmatzeko beharrak. Nobelak, kazetaritza lanak eta antzezlanak idatzi zituzten batez ere, baina baita poemak eta poema-liburuak ere. Poema horietako batzuk hautatu eta ekarri ditugu hona, ezkutuan geratu den tradizio horren erakusgarri modura.
1935ean argitaratutako Proletarian Literature in the United States antologia erreferentziala gaur egun ere baliagarriak izan daitezkeen New Masses aldizkariko editore Joseph Freemanen hitz hauekin hasten da:
«Arteak gurearen aurreko garaietan izan zuen papera edozein izanik ere, etorkizuneko klaserik gabeko gizartean izango duen funtzioa edozein izanik ere, gizarteko gatazkak polemika alderdikoi baten parte egin du gaur egun. Polemikaren forma aldatu egiten da hitz egiten duen kritikariari dagokion klase sozialaren arabera, eta baita duen inteligentziaren, zintzotasunaren, eta ausardiaren arabera ere. Komunistak argi dio: artea, klase-borrokarako tresna, proletalgoak bere armetako baten gisa garatu behar du. Faxistak, berdin argiki, dio: arteak estatu kapitalistaren helburuak betetzeko balio behar du. Liberalak, kapital monopolioaren eta proletalgoaren artean kokatuz, faxismoaren eta komunismoaren artean balantzaka ari den klase ertainari hitz egiten dio, beste gizarte gatazka guztietan bezala, arbitro “inpartziala” balitz bezala jokatuz honetan ere. Berak baino ez du batailaren gainetik hitz egiten duela esaten, izpiritu “zientifikoan”».
Anna Imroth
Carl Sandurg
Gurutzatu eskuak bular gainean – honela.
Hankak pixka bat gehiago luzatu – honela.
Eta deitu furgonetari jaso eta etxera eraman dezan.
Bere amak negar apur bat egingo du eta bere ahizpek eta
nebek ere.
Baina gainerako guztiak jaitsi ziren eta salbu daude eta
hau da sua pizterakoan salto egin zuenean
suertea eduki ez zuen fabrikako neska bakarra.
Jainkoaren egintza da eta sute-eskaileren falta.
Langile korrespondentziaren adibideak
Michael Gold
Indianapolis, Ind.
Hileta gorri bat egin genuen gosez hildako neskato batentzat.
Milaka joan ginen haren hilobiraino.
Larrosa gorriak eraman zituen Alderdi Komunistak
Lirio-koroa bat Langabeen Kontseiluek.
Eguzkitan distira egiten zuten gure pankartek
baina gure bihotzak ilun zeuden haserrez.
Hilobi aurrean armada gorriko soldaduek bezala
munduko pobrezia deuseztatzeko zin egin genuenean
negarrez ikusten ziren burkide kementsuak
haur gosetuen gurasoak.
Ashtabula, O.
Legio Amerikarretik dimitituko dut
garai batean edukitako txakur bat datorkit gogora
ahoan zapoak hartu ohi zituen
eta haien guruinetako azido horiak gaixotzen zuen
baina behin eta berriz egiten zuen, ergel halakoa
eta gero eta miseria eta gosete eta ohetxo gehiago
Legioa gero eta gusturago dagoela dirudi.
Baina ez naiz zakur bat eta uler dezaket
orain dela kapitalismoa amaitzeko garaia.
Nik, Jim Rogersek (Hizlariak eta koroak errezitatzeko)
Stanley Burnshaw
Nik, Jim Rogers, ikusi nuen emakumea
eta sinets dezaket ene begiz ikusitakoa
eta hobe zenukete esandakoa sinestea
egunkarietan irakurritako gezur azukretsuak
sinetsi baino. Ikusi nuen
gure itxarongelara sartzen
txandaren zain geunden
gizon eta emakume argal eta hutson artera.
Baina gutako inork ez zuen haren antzik
bere goseak erasandako aurpegia, begirada galdua
eta besoak bularra estutuz
zerari heltzeko zuen modua.
Norbaitek esan zion eguerdian:
Etorri bihar! Lanpetuegi!
Dagoeneko gehiegi hemen!
Kanpora atera zen, zerari eutsiz
(Denbora-pasako garaiotan,
lurralde larri osoak denbora pasatzen duen artean),
eta biharamun goizean berriz sartu zen isilean.
(Gutako inork ez zekien arrastaka egin zituenik
hiru milia hotz birritan;
eta ezin dut azaldu nola egin zuen…
Baina pentsatzen dut bere auzi etsigarriak
bere gorputzaren lekuan zegoen
hezur eta haragi zatiarentzat erregai
izango zen nahikoa su sortu zuela).
Behar zuen jakin zergatik
besoetan zeuzkan trapuek
berotzen zuten zerak
ez zion gehiago erantzuten
ez zuen soinu edo mugimendurik egiten.
Haurtxo zurbil bat desestali zuen.
Begiratu zuen gizonak arnasotsa egin zuen–
Haren besoak nire hatza bezain argal,
Begi urdin belatuen begirada finkoa…
«Hilda dago», esan zion. Emakumeak begiratu zuen,
begirada ilundu, eta lurrera erori zen.
Batzuek haren gorputza altxa zuten,
beste batzuek agiri bat egin zuten:
Umetxo bat, Amerikarra, gosez hila.
Helbidea–? Galdetzeko itxarongo zuten.
Itxaron zuten; galdetu; hark erantzun:
«Nola hilda dagoela?
Ez dizuet lapurroi ene neskatoa
bizirik lurperatzen utziko.
Erakutsidazue!» Iluntze hartan
ihes egin zuen nork daki nora–
Baina ikasten ahalegindu naiz
Denbora-pasako garaiotan,
lurralde larri osoak denbora pasatzen duen artean;
eta nahikoa entzun dut dagoeneko
jende bat erruduntzat jotzeko.
Charles Street osoan jarraitu nion arrastoa,
non leihorik gabeko gela heze batean
azken urte erdiz bizi izan zen
urteurren frenetiko batez
senarrak harengan landatutako
urtebeteko haurtxoari jaten emanez:
Urte batean gizonaren Jerseyko fabrikak
gizonen zerrendak itxi zituen…
(Denbora-pasako garaiotan,
lurralde larri guztiak denbora pasatzen duen artean).
Goiz batean South Ferryraino joan zen oinez,
norbaiti txanpon bat eskatu
eta ontzira igo zen. Bost minutura
egin zuen txistu ferryak,
Garrasi betean: Bat uretara!…
Baina pentsatzen dut ez zuela emakumea sorpresaz harrapatu:
hogei urte edukitzeak badakar zerbait.
Bere gauzak bildu eta nolabait
etxe berri bat egin zuen eta nolabait
haur batez erditu… gero, zer eta
lana topatu –jostailuak,
galtzerdiak eta edozer biltzen
14. Streeteko denda bateko sotoan…
(Denbora-pasako garaiotan,
lurralde larri guztiak denbora pasatzen duen artean).
Egunero: zortzietatik zortzietara…
Denbora askorik ez ama batentzat
nazioaren kumeak hezi
eta bizitzeko prestatzeko….
Baina ez zen sekula kexatzen:
haiek ziren berari buruz kexu:
Ahulegia, mantsoegia, denbora galtzen du.
«Askoz ere zoriontsuago izango zara, andereño,
duzun indar guztia ahituko ez duzun lan batean!
Egun ona izan, hoberena opa dizu Enpresak!»
Eta horrela heldu zen Charles Streetera:
Eskean aritzeko duinegi, ahulegi
odolez edo gogoz bakarrik matxinatzeko
buru gainera erori zitzaion
eta orain bihotza erdibitu
eta agian gogoa itzali dion
mundu krudel honen aurka–
Hiri honetako kaleetan nonbait
denbora-pasako garaiotan,
bakarrik eta agian bere senarrari
itsasora jarraitzea pentsatzen,
baina agian, aldiz, bizitzea,
oinez ari da orain. Eta nik
nire ahotsa nora bideratu jakingo banu
oihu egingo nuke: Non zaude? Erantzun!
Ez ihes egin!– Itxaron, erantzun!
Norengandik ari zara iheska?
Kaleratu zaituen zakur miserablearengandik?
Entzun: ez zaude bakarrik!
Ez zara sekula gehiago bakarrik egongo:
Zure anai-arreba-milioiak
(Orain denbora-pasa) ondoan izango dituzu
zure historiaren berri izango dutenean!
–Entzun duzuenon artetik inork
iluntzeren batean behinola emakume-odol beroz
animatua izan zela dirudien
erasandako figura zuri bat
oinez ikusten baduzue,
bere begietan samin geruza batekin
kalean mamu baten tankeran ikusten baduzue,
esaiozue nik, Jim Rogersek,
daukadan guztia eskaintzen diodala
janari apurrak, lau horma–
emateko asko ez baina nahikoa
atsedenerako eta hezurrak indartzeko–
eta ukabil arin eta gogor bat bera
behera botatzeko prest dauden
munduko zakurren aurka defendatzeko…
Esaiozue hori eskaintzen diodala
denbora-pasako garaiotan,
fabrika, baserri eta tailerretan
iraultzarako besoekin lanean
sakabanatutako gure milioi zenbatezinek
gure indarrak elkarri lotu arte
lur hau etsipenetik atera
eta bizidunentzat egokia egin arte.
Kataluniatik gertu
Joy Davidman
Atzean dugu itsasoaren doinu gozoa
eta gure aurrean armaren oihu mikatza;
eta hegazkinen letoizko hegoak eta erretzen
gure gainetik oinez dabilen eguzkia. Hemen zauritzen
ditugu gure oinak bonbaren metal zatiekin,
lurperatu gabeko ezpatarekin eta lur pozoituarekin.
Hemen jartzen gara zutik; hemen etzaten; hemen ikusi behar dugu
zer aurki dezakegun indartsua eta egokia
Faxisten eta itsaso urdin ilunaren artean jartzeko.
Horma bat egiteko adreiluak edukiko bagenitu erabiliko genituzke,
baina kanoi-bola batek hautsiko ditu adreiluak;
burdina edukiko bagenu horma bat egingo genuke,
baina bonbekin zarata egin eta zartatzen da burdina
eta hegalek zerua zeharkatu eta gainetik pasatzen dute horma,
eta gure lurrarekin hesi bat egingo bagenu
lurra akabatuko lukete pozoi Faxistarekin,
eta inork ez digu horma egiteko burdinarik emango.
Gorputzak baizik ez dauzkagu elkarri lotzeko,
min-keinuak egiten dituen haragia, zuritutako makila sardetu zuria,
erraz hautsia, erraz gaixotua,
minak beldurtua eta eguraldi txarrak zapuztua;
gauza guztietan ahulena baizik ez daukagu pertsona
eta bihotza gauzarik burdin miresgarriena,
eta horiek elkartuz egingo dugu horma bat.
John Reeden gorpua
Michael Gold
John Reed Moskun hil zen, 1920ko urriaren 17an
John Reed, gure kapitaina, haren gorpuak hilobi bat hartzen du.
Lehoi-bihotza zain dago, gerlaria hezurretan.
Belarra bere anaia da, eta bere pultsua, behinola hain kementsua izana,
atomoak harrietan bezain ahul ari da taupaka.
Heriotza amesteko da, baina orain sutan dago mundua,
eta bizirik gaude, eta esperantza dago leku orotan,
pobre dohakabe indartsuak poema-kanoiak idazten ari dira
komunismoaren izenean, etsipena behera botatzeko.
Ez amestu, beraz, abestu Bizitzaren kantu gorri biziak,
egin borroka, kanta eta izan esperantza, bizirik baikaude,
gatazkaren gorrienean altxa John Reeden bandera
hemen etzaten gara berarekin berriz amestera.