Deituiguzue eroak

Ekidin zitezkeen tragediak
guztiok ikusten ditugu egunero, bata bestearen atzetik:
neguak utzitako gorpu bat
kanpin-denda bat sutan
familia bat kalean
familia bat eta bi,
eta bost, eta hogei
eta irabaziak ateratzen jarraitzeko,
behar diren guztiak.

Denok ikusten ditugu egunero
ekidin zitezkeen tragediak
bata bestearen atzetik.

Eta tragediaren aurrean, batzuek esaten digute:
bueno… bidezkoa ez den arren, mundua horrelakoa da
hobe duzue beste gauza batzuetan pentsatzea
oso gazteak zarete oraindik
eta barre artean
gaztetan nik ere mundua aldatu nahi nuen
baina, lasai egon,
ohituko zarete tragedietara.

Ez, barkatu,
ni ez naiz ohitzen gorpuetara
ez naiz ohitzen haurrak kale gorrian ikustera.

Eta orduan:
eroa deituko dizute
inozoa,
ameslaria,
infantila,
utopikoa deituko dizute.

Deituiguzue eroak
deituiguzue inozo eta ameslariak,
baina eromena ez da denentzat sabai bat eskatzea
eta ez dadila inor hotzez hil
neguko kale gorrian.

Deituiguzue eroak.
Familia bat: etxe bat.
Pertsona bat: etxe bat.
Ikasle bat: etxe bat.
Deituiguzue eroak, espropiatu! Oihukatzen dugunean:
Erotuta zaudete? Hori ezin da. Merkatua horrela da.
Zoratuta zaudete? Hori ezin da.
Gogoratu: eskaintza eta eskaria.

Deituiguzue eroak,
etxebizitza planifikatzeaz hitz egiten dugunean.
Isekaz esango diguzue:
Ea, uste dut ez duzuela ezer ulertzen bizitzaz.
Hazi zaitezte apur bat. Heldu behingoz!
Bai, oraindik oso gaztea zara eta ametsak dituzu,
eta hori ondo dago.
Baina amets egin ezazu, errealista den zerbaitekin.
Bikote batekin, txakur batekin, etxe batekin…

Etxe batekin? Ba… bai, bai!
Horregatik diogu: espropiatu, planifikatu!

Ameskeria deitu diote
arrazoizkoa behar lukeen guztiari:
nik etxe bat
zuk beste bat
bakoitzak bakarra
eta inork ez hamar.