Nondik datorkizu antzerkiarekiko eta politikarekiko interesa?
Galdera honen erantzuna nori interesa dakiokeen ez dakidan arren, bada esatea merezi duen zerbait. 1981ean, 17 urte nituela, ekintza kultural, politiko eta (ordurako) ekologistak egiten zituen auzoko talde bateko kide nintzen. Horiek ziren hiru lan-lerro nagusiak. Fotokopiatutako aldizkari bat egiten genuen, poesia emanaldiak, antzerkia eta musika eta hitzaldi antinuklearrak Zentro Kulturaletan eta auzo elkarteetan. Behin batean Kafkaren Zigor kolonian narrazioa eszenarako moldatzearen kargu egin nintzen, eta zuzendari lanak egin behar zituenak proiektua utzi zuenez nik neuk eraman behar izan nuen eszenara. Izugarri gogorra iruditu zitzaidan kontakizuna: espetxe-instituzioak makina bat baliatuz zigortuaren delitua eta kondena idazten ditu bere gorputzean, odolustu eta hil arte. Berehala antzematen da instituzioaren eta zigortuaren artean indarkeria eta botere-mekanismo bat dagoela, politikoa, eta hori dela taularatu beharrekoa. Aldi berean, antzerkiak dituen aukera guztiez jabetu nintzen: ikuspuntu bat edo batzuk aldi beran emateko, errepresentazioari zentzua ematen dioten zeinuak hautatzeko, igaroko zen denbora adierazteko eta, batez ere, ikusleek zuten presentzia eta zinema proiekzioak egin edo kontzertuak antolatutakoan zutena erradikaldi desberdina zela: hori zen antzerkia. Obra estreinatu zenean, publikoa emanaldiko parte hartzailea zen: lekuko gisa zegoen bertan, Estatu-ekitaldi horietan gertatzen den bezala. Haien arnasa (emanaldiak ez ziren 20 lagun baino gehiagokoak) makinaren funtzionamenduaren soinuarekin nahasten zen. Hor egotea ezinbestekoa zen efektu teatralarentzat. Hain zuzen ere, argi ahula, espresionista, eta zigor-tresna sortzeko burdinazko elementuz jantzi genuen mahai laukizuzena eszenatokiaren hondotik ikusleen lehen lerroraino gerturatzen zen. Hor erortzen zen pertsonaiaren gorpu bizigabea. Esperientzia horrek bere horretan eraman ninduen kontakizunean zeuden botere- eta dominazio-harremanak aztertzeko antzerkiak ematen zituen aukerez interesatzera. Urte dezente beranduago, 2011n, Tres posiciones estreinatu genuen, indiferentziaren aurka (Gramsci), diktaduraren aurka (Letelier) eta Estatu polizialaren aurka (Ulrike Meinhoff) egiteko hiru leku erakusten zituen antzerki politikoko obra, eta bertan lehen adaptazio haren zati bat erabili nuen Estatuak, kartzelak eta presio militanteak Meinhoffekin egin zuena errepresentatzeko. Beraz, Kafkaren narrazioarekin izandako lehen enkontru hura eta adaptatzeko egindako lana seminala izan zen. Antzerkia eta, bereziki, botere-harremanak ulertzera bideratutako antzerki-forma bat pentsatzeak balio izan dit politikoa dena egitura sozial eta historiko gisa ulertzeko, eta horrek antzerkian eta politikan dudan interesa berretsi besterik ez du egin.
Gerrarteko garaian Alemanian, batez ere Weimarko errepublikan, jazotako boom artistikoa pasarte ezaguna da mendebaldeko artearen historian. Hala ere, bereziki artista indibidualei eta askotariko diziplinetako garapen tekniko-formalari erreparatzen zaio kontakizunean, eta ez zaio horrenbeste erreparatzen artistek eta haien jardunak garai hartako langile mugimendu iraultzailearekin izandako loturari. Zeintzuk izan ziren elementu eta alderdi nagusiak, artearen eta Alemaniako orduko mugimendu komunistaren arteko harremanean?
Funtsezkoena zera ulertzea da: 1918ko Alemanian, aurretik 1917ko Errusian, eta aurrerago 1910ko Mexikon, eta are aurrerago Parisko Komunan 1871n, jokoan zegoena gizartearen aldaketa erradikal bat zen. Horrek esan nahi zuen aukera zegoela ekoizpen-bitartekoak kolektiboki hartzeko, ondasun komunalen jabetza pribatuarekin amaitzeko eta pertsonen beharrak kontuan hartuta ekoizteko (ekonomia); egitura instituzionalak berrantolatzeko eredu parlamentarioa baztertuta eta langile-batzarrak edo -kontseiluak aldeztuta (politika), eta, era berean, eraldaketa ideologiko bat eragiteko, moldaketa sakon bat norbanakoen subjektibazio sozialerako moduetan, hau da, lotura sinboliko eta materialen bitartez eratuak garen moduetan, eta baita munduaren osaeran ere. Eta arte-espresio horien guztien eta Alemaniako mugimendu iraultzaileen arteko lehenbiziko elementu funtsezkoenetako bat hauxe izan zen: esplotazioaren, zapalkuntzaren eta zauritutako bizitzen baldintzen azaleratzea bilakatzea artea. Bigarrena, artea aldatzea mundu sozialaren bestelako espresio eta ideia baterako sarbidea izan zedin. Hirugarren bat, kohesio sozialari, desio zen gizarte berriaren elementu komunitario eratzaileak ulermen-prozesuei laguntzeko arte bat fundatzea. Arte bat, hauxe laugarren elementua, subalternoak errepresentatzeko gai izango zena, Historiaren subjektu bilakaraziz, antzokietan, kuadroetan eta nobeletan burgesaren etxeak, burgesaren fabrikak, burgesaren arazo sentimentalak ikusteari uzteko, nork bere burua norbere egoeran ikusteko, ekintzan aztertzeko, jarreraren eta potentziaren inguruan hausnartzeko. Artearen eta mugimendu komunistaren eta beste tendentzia politiko batzuen arteko harreman horrek eremu estetiko berri bati bide eman zion joko dialektikoa ekarri zuen (bere tentsio eta distentsioekin, baita ere), artearen balioa, errepresentazio formak, argumentuaren edukiak, espresio sentikor batzuen indartzea eta horren funtzio soziala berriz definitzea ekarri zuena.
Zeri deritzogu Antzerki Politiko? Nola sortu zen eta zeintzuk dira haren oinarrizko ezaugarriak?
Horrela deritzogu boterearen inguruko, hau da, dominazio-erlazioen inguruko, diskurtso bat lantzen duen obra edo dispositibo teatral orori. Diskurtso hori lantzean, boterea oinarritzen den mekanismo eta prozesuak eta bere jarduteko moduak errepresentatzen ditu, haiek ikusgarri eginez. Horrelako diskurtso batek berehala zabaltzen du emantzipaziorako eta askapen sozialerako aukera. Antzerki Politiko deritzogu helburutzat dominazio harremanen eta haien adarren (sumisioa, esplotazioa, eta abar) aztertzea duten ikerketa eszeniko eta antzerkigintza orori.
Antzerki Politikoaren sorreraren azalpena XIX. mendeko hiru iturritan aurki daiteke: lehena, gizartearen inguruko diskurtso analitiko baten sorrera (soziologia); bigarrena, mugimendu popular baten konfigurazioa, burgesiaren proiektuarekiko desberdina den hori abiarazten duena, klaserik gabeko sistema sozial batena, esplotaziorik eta dominaziorik gabekoa, eta askotariko izenak hartu zituena: sozialismoa, komunismoa, anarkismoa, eta abar. Hirugarrena, proletalgoaren baldintzak antzerki burgesaren agertokietara heltzea, kontzientzia, borondate, problematika berezitu eta abar daukan klase bat gehiago bezala existituz antzerkian. Hiru elementu horien gurutzaketak ahalbidetzen du Antzerki Politikoaren diskurtsoa bezalako baten posibilitatea.
Oinarrizko ezaugarrien artean hauek aipa daitezke, dramaturgiaren elementu eratzaile gisa: a) botere egoera bat definitzen duen gatazka bat, obraren egitura dramatikoa garatu ahal izateko ikerketa historiko bat behartzen duena (nolakoa den boterea une bakoitzean); b) funtzio sozial gisa edo gizarteak eraikitako zer gisa agertzen diren pertsonaiak; c) denboraren inplikazio sozialak azaleratzen dituen denbora dramatikoa (lan denbora, kartzelako denbora, eta abar); d) boterea gauzatzen den lekuak (eskola, fabrika, etxea, gudu-zelaiak, eta abar) erakusten dituen espazio dramatiko bat; e) kontzientzia sumiso edo dominatu baten garapena eta askapen formak erakusteko helburua duten elkarrizketa dramatikoak. Antzerki Politikoak ez du estilo bakar bat, ez du soilik drama edo tragedia erabiltzen, erabil ditzake komedia, abangoardia, errealismoa, espresionismoa, eta abar. Hain zuzen ere, aipatutako antzerkigintza baten elementu eratzaileak termino abstraktuetan ere pentsa daitezke, eraikuntza gisa.
Zein leku izan zuen marxismoak Antzerki Politikoaren eratzean?
Gizarteari buruzko diskurtsoa den heinean, Antzerki Politikoak antagonismoen bidez piezak eraikitzeko duen moduaren zati handi bat definitu zuen marxismoak. Kapitalaren inguruko ikerketari dagokionez, sistema historikoen alde erlazionala erakustearen garrantziaren gakoa eman zion Antzerki Politikoari, eta esplotazioa, beste gauza batzuen artean, botere-harreman bat dela erakutsi zion. Eszenak borroka soziala historiaren motor gisa erakutsi behar zuelako eskakizunarekin Antzerki Politikoaren diskurtso eszenikoaren funtsezko zati bilakatu zen materialismo historikoa.
Antzerki Politikoaren kontzeptua eta “Antzerki Sozial” gisa definitzen duzuna, hau da, izaera konprometitua duten eta haien traman gertakari sozialak lantzen dituzten lanak, bereizten dituzu. Zertan datza bereizketa?
Ohikoa da sistema sozialaren ondorio ikaragarrien salaketa nahastea ondorio horiek dakartzaten kausen analisiarekin. Amildegi bat dago lanak aski diru-sarrera ematen ez dion eta kapitalistek proletarioentzako biziezina den mundua egin dutelako muturreko pobrezia pairatzen duen familia baten miseria erakusten duen pieza baten artean, eta, horrez gain, erakusten duena lanpostu horiek hartzera eta askotariko hertsadura, mehatxu eta indarkeriengatik beste baldintza batzuk ez eskatzera behartzeko modua. Ez dut esaten Antzerki Sozialeko obrak beren horretan antzuak edo engainagarriak direnik, baizik eta kontzeptualki bereizten dugu bataren eta bestearen helburua, beta, beraz, bateko eta besteko problematika erradikalki desberdinak. Desberdintasun ugari daude: adibidez, Antzerki Sozialeko obrek ikusgarria den horretan, errealitatearen balizko gardentasunean, topatzen dituzte haien gaiak eta motiboak. Aldiz, Antzerki Politikoko obrek ikusezina den horretan arakatzen dute, dominazioak sostengatzeko eraiki eta naturaltzat jo behar izan den horretan. Horrek ikerketa falta eta miserabilismorako hautua, kondena emozionala edo salaketa morala, dakarzkio Antzerki Sozialari. Kontrara, Antzerki Politikoak ikerketa zorrotza dakar, Antzerki Sozialaren irudien eta errepresentazioak bere baitan subsumitzea, kondena politikoa eta boterearen salaketa.
Bestelako auzi batzuk ere egoten dira, Tendentzia-Antzerkia Antzerki Politikoarekin nahastea, adibidez. Lehenak egoera sozial edo politikoari irtenbidea eskaintzen dio, mugimendu baten edo alderdi baten gidalerroei jarraituz. Bigarrena lantzen den auziaren egoeraren objektibazio erradikala da, etortzekoa denaren ateetan geratzen dena. Jakina, kasu batean zein bestean, Antzerki Politikoa ez da modu garbian ageri.
La escena constituyente liburuan, 50-60 urteetatik aurrera Antzerki Politikoa paradigma postmodernoan nola sartzen den kontatzen eta azaltzen duzu. Zeintzuk izan ziren biraketa horren faktore nagusiak, eta XX. mendearen lehen erdiarekiko ekarri zituen desberdintasunak?
Hemen azaltzeko luzea eta konplexua da. Funtsean, kapitalismo berantiarrean sostengatzen diren gure sistema sozialek lan immaterialetik ateratzen dute haien boterea metatzeko gaitasuna: ezagutza, publizitatea, salmentarako eta kontsumorako bitartekoak, ikuskizuna, eta horrek lan materialen inguruan mugimendu sozialek zuten batasuna zatikatzeaz gain mundua interpretatzeko osotasuna ere zatikatu zuen. Biraketa performatiboak antzerki praktikaren termino konbentzionalak bertan behera uztea ekarri zuen, espazio eszeniko berezituen erabilera, errealitatea edo ametsa errepresentatzen duen fikzio dramatikoa, espazio publiko urbanoa antzezteko espazio izan zitekeen paradigma berri bat zabaltzeko. Ekintza teatrala norbanakoek egindakoa zela definitu zen, performancea egiten zuten edo bertan parte hartzen zuten pertsonek, horretatik bereizten ez zirenak, non jada ez zegoen errepresentaziorik baizik eta gertakari errepikaezin bat. Elementu horiek Antzerki Politikoa egiteko beste modu bat agertzea ekarri zuten, garrantzia ematen ziona alde dokumentalari, simulakroak errealitatea ezabatu zuelako; erreprimitutakora itzultzeari ematen zion garrantzia, gizartearen ustezko parte-hartzeak eta mobilizazioak mito liberal gorena bete zuela baitzirudien, bere buruaren agintaria den gizaki libre eta autonomoarena, egiaz gertatu zen bakarra polizia orain gure barruan zegoela zenean, Augusto Boalek erakutsi bezala; eta interbentzionismoari ere bai, eguneroko bizitza aldatu eta ongizate estatuak ezkutatzen duen problematika berri bat azaleratuz.