-
Otsailean eman genuen EKIDA kultur ekimen sozialistaren berri eta geure burua aurkezten aritu gara ordutik. Geure burua aurkeztea geure asmoak aurkeztea izan da: ikuspuntu sozialistatik kulturaren eta artearen esparruak lantzea. Zein izan daiteke horren zentzua gure garaian, galdetuko du baten batek, nola hartzen du lur asmo horrek?
-
Gure tradizioa osatzen duten pentsamendu-sistemetan etengabe eztabaidatu izan da kulturaz, norbanakoek eta gizarteak duten harremanaz eta arteaz. Eta oraindik ere luze eta zabal eztabaidatzen da gaur egungo esperientzietan oinarrituta. EKIDAk, besteak beste, analisirako, hausnarketarako eta eztabaidarako espazio izateko borondatea du, baina, ongi dakigunez, ezin da analisi seriorik egin oinarrian dauden kontzeptuen kontzientziarik ez badugu hartzen.