Bizi gaituen miseriari

Doinua: Gudan gudari ibili nintzan

1)

Zenbat denbora iraun lezake
gizarte baten larriak?
Ahazten badira lapurtutako
askatasun-egarriak?
Iraultza-zale retiratuen
aginte-bloke berriak
birkalkulatzen duen artean
zer behar duen herriak,
to bertso hauek bizi gaituen
miseriari jarriak.

2)

Gure patrikan igartzen dugu
argindar ta bidesari,
azken aldian puntuak jausi
zaizkiola Ibexari.
Pobreez ari garenean ez
al gara gazteez ari?
Orainaldian bizi garela
entzun izan dut maiz adi.
Orainaldia deitzen al zaio
etorkizunik ezari?

3)

Eskubideak murrizten dira
erosahalmen neurrira,
osasunak ta askatasunak
ezin aurkitu kabida,
baina denik ta inozoena
antolatzen den hori da:
elkartasuna eta defentsa
orain praktikatzen dira
nola trenari behiak bezala
parlamentura begira.

4)

Parlamentuak axola digu
horrenbeste ez guk hari,
majo ordaindu du burgesiak
ta hainbeste ezkutari.
Pentsa ze zentzu antzua eman
zaion klase-disputari,
han ta hemengo ezkerrek harro
baitiote txistukari
jubilazio-adina jaitsi
diotela estupari.

5)

Aizpuruak ta Rufianak ta
Diazak eta Sanchezak,
biak batera ezin konplitu:
funtzioak ta promesak.
Maite duzue pobrea, baina
behar zaituzte enpresak.
Ezker-jarduna justifikatzen
omen du eskuinik ezak.
Jainko berbera zerbitzen dute
santuak ta erromesak.