Bertso jarriei jarriak

Bertso jarriak garai batean jendearen egunerokotasunari guztiz lotuak ziren. Batetik, lantzen zituzten gaiak halakoxeak zirelako. Bestetik, jarriek izaten zuten oihartzuna eta eragina oso handia zelako. Gaur egunean ordea, sorten presentzia ikaragarri murriztu da. Bertso-paper lehiaketak dira generoaren euskarrietako bat. Haietara aurkezten diren lanak gehienetan berariaz idatziak dira, kasu askotan lehiaketetako diru-saria akuilu dela. Horretaz gain, zenbait aldizkari eta atarik eskaintzen die tarte bat bertso idatziei. Guk ere halaxe egingo dugu, egunerokotasuneko gertakariekin lotura duten sortak hauspotuz, jendearen kezkak jorratuko dituzten bertsoak argitaratuz.

Lerrootara ekarri gaitu
gure bertso egarriak
ea ze uhin sortu lezakeen
lehendabiziko harriak
eguneroko kontakizunak
jazoera lazgarriak
ironia nahiz sentimendua
etorriak, ekarriak
funtzio zenbait izan ditzake
guretzat bertso jarriak.

Transmisio dei zaiozu ala
dei zaiozu errelebo
berrikustean irun daitezke
lehen, orain eta gero
bertso berriak izango dira
norbait tematzen denero
ta ez harritu, sortuko balitz
zalapartaren bat edo
hau dena martxan zertara jarri
motiborik ez balego.

-Sorta bat jartzen hasiko naiz gaur-
noiz datorkigu burura?
Gehientsunetan diru-truk eta
batzuetan enkargura
sariketara bideratuak
artifizio modura
beharrezkoak izanagatik
estetika, apaindura
kalearekin, jendearekin
lotura non geratu da?

Bart ametsetan ahots zahar batek
esan dit, gazte, esnatu
etsiak hartu zaitunik behintzat
ez dezatela susmatu
epelak hartzen ari zarete
beraz egurra banatu.
Kontrarioak xaxatu eta
ingurukoak famatu
lehenago ere aritzen ziren
ez da gaur ezer asmatu.