03:20
Isiltasuna. Hamaikagarren auzoa, zazpigarren pisua, logela bat, bi zapata, bost kartel, maindireak, pastillak mesanotxean, hiru manta; azpian pertsona bat.
Isiltasuna: apurtu da, arnasestuka esnatu da, itotzeko zorian, ozeanoaren sakontasunetik ihesi ur azala zeharkatzea lortzen duen buzeatzailearen antzera. Ohearen ertzean eseri eta, eskua bihotzean jarrita, lasaitzen saiatu da. Hartu-bota, hartu-bota, edozein unetan oxigenorik gabe geratuko den beldur. Bizkarra zuzen jarri eta hainbeste aldiz errepikatu duen ariketa egin du, behin Youtubeko bideo batean ikusi zuen hartan bezala. Poliki-poliki baretzen hasi da, arnasaldi bakoitzaren kontrola berreskuratuz. Eta, bat-batean, bihotzean duen eskua begietara igo eta negar batean hasi da, etxe guztian bakarrik badago ere, malko bakoitza ezkutatu nahiko balu bezala. Zortzigarren pastilla zuen, lo hartzekoa. Jada ez daki zer egin, hamar minutuko lo-kuluxken artean, aspaldi ahaztu zuen zer den deskantsatuta sentitzea.
03:50
Ezin du gehiago eta kalera ateratzea erabaki du, Ea paseo batekin lasaitzen naizen, pentsatu du. Berokia hartu, bufanda jarri eta igogailuaren botoiari eman dio, Joder ahaztua nuen ez zebilela, oinez jaitsi beharko dut.
Kalean arnasaldi bakoitza, hotzarekin nahastean, zuriz tindatu da. Badirudi galduta dabilela, honetan eskuinera, honetan ezkerrera, zerbaiten bila ariko balitz bezala; agian lasaitasuna bilatzen du, agian bakea edo agian, besterik gabe, halako batean logurarekin topo egiteko esperantza du. Baina ez, ez dago galduta, ondotxo ezagutzen ditu kaleok, nerabea zenean, bizitzaren krudeltasuna ezagutzen hasia zelarik, horrenbeste aldiz korritutako kaleok. Aurrera jarraitu du, pausu bakoitzean lurrak oin zolak zapaltzen dizkiolarik, hemen dagoela esanez, grabitateak bertara lotzen duela gogoraraziz, hiriko baldosa zikinak bera bezalakoak noraezean ibiltzeko jarriak daudela ahaztu ez dezan.
04:45
Ez dut inoiz lo hartzea lortuko. Horixe burutik atera ezin dezakeen kezka, etengabe izua sortzen diona.
Askotan pentsatzen du egiten duen guztia alferrikakoa dela. Ezerk ez du ezertarako balio, esaten dio bere buruari, etsita. Zertarako antzeztu irribarre bat ezinikusia diozunari, zertarako jan plastiko zaporea duen zaborra, zertarako tematu arrotzak egiten zaizkizun lagunekin planak egiten, zertarako altxatu goizero gorroto duzun lanera joateko. Zertarako lan egin, bizitzeko ez bada. Zertarako, ordea, bizi. Baina ez da erantzutera ausartzen.
Aspaldi diagnostikatu zioten depresioa; serotonina falta omen arrazoia, froga azkar baten ostean psikiatrak antzeman ziona, nahi beste hartzeko pilula batzuk errezetatzen zizkion bitartean. Istorio pertsonala, arazo indibidualak… horiei buruz galdetu zion behiala, aurrezten ibili ostean kontsultatu ahal izan zuen psikologoak. Txikitako mamuetan, erlazio korapilatsuetan, maitasunetan baina batez ere maiteminetan aurkitu nahi izan zituen depresioaren kausak, horiek ez ezik, inguratzen gaituen oro, bere horretan, kausa izan daitekeela kontuan hartu gabe, gure bizitza mugatzen duen arau bakoitza kausa posible bat dela konturatu gabe. Gutariko bakoitza testuinguruaren emaitza dela ahazturik, bakoitzaren barruan aurkitu nahi izatea kanpoan dagoena: gaitz isolatutzat hartzea, arazoa sistematikoa denean. Erruduna zu zeu zarela justifikatu nahi izatea autobus geltokian ikusi berri duzun iragarkia bera ere zure miseriaren konplize denean.
05:25
Ibiltzeari utzi dio, nekatzen hasia da. Eta hor, eraikin altuen txikitasunetik, zerura begiratu eta horia ikusi du dena, ez da inon izarrik ageri: okurritu zaio batzuetan gauzak ikusteko argiak itzali behar direla, eta hala, ideien errekan murgildu eta korronteak eramanda, dena itzali nahi izatera heldu da, baina ez izarrak ikusteko, edo ez behintzat haien edertasun antzua liluratuta begiratzeko. Halakoak ez zaizkio interesatzen loa aspaldi galdu duenari. Argiak itzali nahi ditu dena erortzen ikusteko: aurrean dituen eraikinak, plazetako estatua arrotz eta hedabide manipulatuen antenak. Denak ikusi nahi ditu erortzen, esplotatzen duen nagusiaren gainean eta bere antzerako guztien gainean, hondakinetatik dena berriz eraikitzeko, izar berdinen zerupean. Dena bota nahi du, baina ez du horretarako indarrik, eta ez soilik lorik egin ezin duelako. Izan ere, zaila da ezertan sinestea bakardadea besterik ezagutzen ez duenarentzat. Eta dena bota beharrean bere burua bota dezakeela okurritu zaio, errealitateak bat-batean eman dion ukaldiaren ostean.
Bankutik altxatu eta, hotzez, eskuak igurzten dituen bitartean, oinez hasi da, etorri den bide beretik. Pentsamenduetan galdu eta ezinegona ahaztea lortu duen unearen ostean zaplada batez gogoratu ditu buruhauste guztiak eta bere onetik ateratzen hasi da, burua lasaitzera behartu, ezer ere ez pentsatzeko agindu, eta presioagatik, gero eta urduriago jartzen den sorgin gurpiletik ihes egin ezinik.
Urrats bakoitzean bihotza azeleratzen zaio, izkina bakoitzeko itzalak beldurra ematen dio eta ia konturatu gabe erritmoa azkartzen du, ahalik eta lasterren heldu nahi du etxera, kalean ez da seguru sentitzen, alde guztietara begiratzen du edozein unetan norbait azalduko zaion beldur. Baina gehien ikaratzen duena bere burua da: zer egiteko gai izan daitekeen.
05:55
Poliziaren sirena hotsa entzuten dut urrunean.
Urrunduz,
urrunduz… gero eta gertuago,
gertuago,
gertuago, gora
igotzen, gora, gora, burua sirena hotsak hartu dit, ni-no, ni-no, ez dut besterik entzuten, belarriak gor, barrutik sentitzen ditut, semaforoak gorrian pasatuz, kontrako norabidean, nire atzetik, ni-no, ni-no, gero eta azkarrago,
azkarrago,
azkarrago, gorputz guztian barrena, ni-no, ni-no, polizia nire bila,
nire bila,
nire bila zainetatik,
buruan sirena hotsa, nire bila,
nire bila,
nire bila gorputz guztitik, ni-no, ni-no, ni-no, ni-no, baina ez dute ni aurkitzea lortzen:
ez nago.
6:15
Gorputz guztian dardara jasanezin bat sentitzen du, inurri legio bat hatzetatik eskuetara, eskuetatik besoetara, besoetatik gorputz osora, uniformeki dena txindurrituz. Azkenean, portalera iritsi eta lasterka hasi da eskaileretan gora, ia izerditan, baina halako batean, laugarren solairuan, gelditu egin behar izan du, esku bat paretan jarri, arnasestuka: ezin du gehiago. Lurrikara gorputz guztian, eztanda egitera doan sumendia, Etxera igo behar dut, han hobeto egongo naiz. Kostata, eskailerak igotzen hasi da, banan-banan. Norbaiti deitu nahi dio baina ez dauka inor. Negarrez hasi da, ez daki zer egin, agonia, zazpigarren pisura igo eta atea igaro, besterik ez, Hau jasanezina da.
Inoiz baino gehiago kostatzen ari zaio giltza sarrailan sartzea, eta horretan ari dela kirats arraro bat usaintzen hasi da, atearen beste aldetik datorrena. Halako batean lortu du, azkar batean giltza biratu eta barrura egin du, pasillo beltzetik logelara, eskuekin pareta ukituz etengailua aurkitu arte: klak zapaldu du. Eta ia bihotzekoak eman dio, argia pizterakoan begien parean aurkitu duenarekin.
Logela ardiz beteta dago, tamaina guztietako ardi iletsuz. Burua mugitu eta denak berari begira geratu dira, hamarnaka begi beltz berari begira. Bakoitza zenbaki batekin markatua dago, eta balaka artean, logelaren erdian dagoen hesitxoaren gainetik salto egiten dute etengabe, zenbakien araberako ordenan, hamahiru, hamalau, hamabost, ia ez dira kabitzen logelan, ez du ulertzen nondik ateratzen diren horrenbeste, etengabe, gehiago eta gehiago, bee, bee, Ezin liteke, ze ostia da hau, garrasi egin eta bira eman du korrika batean etxetik ateratzeko, Amets gaizto bat behar du izan, esan dio bere buruari, nahiz eta ziur dagoen ikusten ari den guztia egiazkoa dela. Pasillo ilunean urrats bat eman eta belaunarekin zerbait jo du, beste ardi iletsu bat, hotzikara bat eman dio, gero eta azkarrago arnasten hasi da, gero eta gehiago kostatzen zaio inurritutako eskuak mugitzea, gero eta, gero eta… pasilloko argia piztu eta oraingo honetan bai, bihotza bularretik aterako zaiola sentitzen du: etxe guztia, duela bost segundo pasatu duen pasilloa ere, ardiz josita dago, bakoitza bere zenbakiarekin, desordenatuta, bee, bee, inguratu egin dute, eta denak batera hasi dira, egizu lo goxo-goxo, itxi itzazu begiak gu zenbatzen gaituzun bitartean, egizu lo goxo-goxo, horretarako sortu gaituzte, zu bezalakoak distraitzeko.
Erabat erotuta, ardien artetik ihes egin nahi du, etxetik atera, baina gehiegi daude eta ezinezkoa da ibiltzea, batzuk besteen gainean jartzen hasi dira, etengabe etortzen baitira gehiago eta gehiago, egizu lo goxo-goxo, itxi itzazu begiak gu zenbatzen gaituzun bitartean. Hankak gero eta gehiago estutzen dizkiote eta zaila da orekari eustea, ezinezkoa, ordea, lurrera jaustea, artilezko kapan behera. Han, logelaren barrualdean, balaka zoroen artean, bi ardi eztabaidan hasi dira oihuka, harik eta horietako batek besteari belarrian kosk egin dion arte, eta gero besteak begi bat kendu dio hozkada batez, odola zuritasunean, bata bestea jaten hasi da, atzeko bi hanken gainean jarri eta gorroto biziz bestearen gainera salto eginez, ahoa bete-betean irekita, edozeri haginka egiteko prest. Ingurukoak, hori ikusita, haserre bizian gauza bera egiten hasi dira, odola eta odola alde guztietatik, oihuak, amorrua eta sufrimendua, higuinez, hori ikusten ari dena botaka hasi da, indar guztiekin ihes egin nahi du, begiak tantaka, baina ezin.
Bitartean, logelako puntu batean sortutako iskanbila etxe guztira zabaldu da, batak bestearen gainera jauzi egiten du, hiru ardiren artean bat koskaka irensten dute txikituta utzi arte, ardi haragijaleak, haien artean borrokan jarraitzen dute, paretak zikinduta, bero jasangaitza, odola eta odola, amorrua eta sufrimendua, areagotuz, areagotuz, botaka, garrasiak, negarra, halako batean inguruan dituen ardiak alde batera joan eta lurrera erori da, ardien kakarekin estropezu eginda, odolez zikindu da, gorotzez, izerdiz, altxatzera doa, Hau da ihes egiteko unea, baina beranduegi da, inguruko ardi guztiak, aurpegiak zauriz beteta, odoletan, inguratu egin dute eta alde batera hasi dira: egizu lo goxo-goxo, zu ere gu bezalakoa zara, eta horietako batek gora begiratu eta bee sakon bat bota ostean, hortzak sartu dizkio izterrean, begi beltz distiratsuak berari begira, eta gainontzeko guztiak berdina egiten hasi dira, frenesia, begiekin ikusten du gorputz osoa nola jaten dioten, eta hortzak azalean barrena, barruraino, dena birrinduz, hil nahi du, oraintxe bertan, amorrua eta sufrimendua, odola eta odola, begiak itxi ditu, kendu dizkiote, jada ez du ikusten, ez sentitzen, ez pentsatzen, ez arnasten, jada ez da ezer. Solik izan zena. Basakeriaren festa odoltsuaren biktima bat gehiago besterik ez.
Baina ezer ez da bukatu hemen, hau gau bat gehiago besterik ez da izan. Handik bost minututara, ezer gertatu ez balitz bezala, iratzargailuak jo du, goizero lez: lanera joateko ordua da.