Durangoko urteroko Disko eta Liburu Azokaren 56. edizioa egin berri da abenduaren lehen egunetan. Iaz, pandemia-egoerako neurri murriztaileek erabat baldintzatuta, online egin behar izan zuten, erosketak eta bidalketak Internet bidez antolatuta; aurten, online-eredua mantendu badute ere, bermatu ahal izan dute presentzialtasuna ere, eta bost egunetan 25.000 pertsonak baino gehiagok bisitatu dute Azoka, txandakako sistema bidez. «Arraroa», «berezia» izan dira titularrek gehien aipatu dituzten hitzak: arraroa sistema hibridoa eta txandakako presentzialtasuna, berezia horrek bisitari eta saltzaileen artean sortu duena… Baina oinarrira bagoaz, ez da hain desberdin izan: titularren ondo-ondoan ageri dira salmentak, zifrak eta kopuruak. Eta horretan, funtsean, betiko eredua daukagu.
Artearen merkantilizazioaz ari garenean, zeraz ari gara: arte-praktika oro merkantzien trukearen forman agertzeaz, arte-ekoizpenak merkantzia artistikoen ekoizpena esan nahi izatea, arte-kontsumoak merkantzia jakin batzuen erosketa eta kontsumoa. Asko dira artearen merkantilizazioa kultur industria monopolistarekin eta eredu masiboekin soilik lotzen dutenak, baina aspalditik bustitzen du zokondorik txikiena ere: artegintzako paradigma hegemonikotzat hartu beharra dago, merkantzia-formak erabat ardazten du gaur egun artearen alderdi oro. Amazoni eta festibal masiboei dagokie, bai, baina baita Durangoko Azokari ere.
Gero eta gehiago, Durangoko Azokaz hitz egiten denean, bisitari kopuruaz hitz egiten da ezer baino lehen, eta zenbat eragilek ipiniko dituzten urte horretan beren produktuak salgai; Azokaz hitz egiten denean, salmentez hitz egiten da, bisitari bakoitzak zenbat euro utzi dituen batez beste; Azokaz hitz egiten denean ostalaritzaz eta turismoaz hitz egiten da, herrian izan duen inpaktu ekonomikoaz. Auzi garrantzitsuak beharko luketenak gero eta gutxiago aipatzen dira: halako liburu berriren balio literarioa, disko edo zuzeneko baten berrikuntza estetikoa, arte-sistema oro zeharkatzen duten eztabaida kultural-politikoak. Horixe baita, hain justu, merkantzien trukearen funtsa: alderdi kualitatiboak ez du axolarik, alderdi kuantitatiboak baizik; egiten denaren izaerak, edukiak, garrantzia galtzen du erabat eta sor dezakeen balioak hartzen dio gain, zenbakiek, zifrek.
Euskal Herriko artistentzat eta zenbait enpresarentzat Durangoko Azokak daukan garrantzia ezin da ukatu. Baina, agian, hori bera jarri beharko litzateke zalantzan: zergatik hartzen duten salmentek, zifrek, kopuruek garrantzi handiena, eta zergatik uzten diren garrantzitsuenak beharko luketen auziak –estetikoak, kulturalak, kolektiboak– bigarren mailan. Ondasun unibertsalak beharko luketen artea eta hizkuntza bezalako esparruen iraupena zergatik utzi behar den merkatu kapitalistaren menera.
Asko dira euskarazko arte-merkatua txikiegia dela dioten ahotsak, merkantilizazioaz edo kultur industriaren logikaz hitz egin ahal izateko. Euskarazko kultur industriaren mugak, bistan da, euskararen egoera soziolinguistikoak berak ipintzen ditu: diglosia-egoera batek ez du ematen kultur industria prekario eta ahul baterako baizik. Horrek ez du esan nahi, ordea, euskarazko arte-merkatu prekarioak berak ere logika bera jarraitzen ez duenik. Arte merkantilizatuaren paradigmak euskarazko artea ere hegemonizatzen du eta, ikusi dugu, Durangoko Azoka dugu horren adibide gero eta argiagoa.
Paradigma horren ondorio zuzena da kultur eta arte esparruak produktibitate kapitalistaren ikuspegitik ulertzea, kosmobisio kapitalistatik, alegia: euskal kultura esaten zaion hori ez da jada gizatalde konkretu baten ondasun eta praktika sozial kolektiboen multzo bat, euskaraz egiten den merkantzia-multzo bat baizik. Halaber, «euskal kultura bultzatzea» eta «euskarazko liburuak, diskoak, ikuskizunak erostea» sinonimo zantar bihurtu dira. Are, azkenaldian hainbeste zabaldu den «kulturgile» terminoak ere gero eta argiago egiten dio erreferentzia euskarazko merkantzien ekoizleari, zeinari, diskurtsiboki bada ere –eta haietako askoren egoera ekonomiko prekarioa gorabehera–, estatus sozial pribilegiatu bat eman ohi zaion, eta kultur balore jakin batzuen eramaile ere bihurtzen den. Kultura denok egiten dugu, edo kulturak eratzen ditu gure eguneroko jokabideak eta ulerkerak; kultura merkantzia-multzo konkretu gisa hartuta soilik uler daiteke talde murritz batek «egin» dezakeen zerbait dela.
Artea kosmobisio kapitalistatik ulertzea horixe da, produktibitate kapitalistaren eta merkatuaren arabera ulertzea, eta euskarazkoa ez dago hortik salbu. Are, euskarak presentzia handiena duen estratu sozialak kontuan hartuta, klase ertainen ikuspegi kapitalistak dinamizatzen du egun euskal kulturaren proiektua. Alde batetik, efektiboki, merkatuaren eta instituzio burgesen menera soilik ulertzen baita euskararen eta euskal kulturaren iraupena eta garapena; eta, bestetik, ideologikoki eta diskurtsiboki, euskal kulturaren egungo proiektua klase ertainen proiektu politikoarekin loturan ulertzen baita. Mikel Garciak, Azokaren harira, bere Bi Euskal Herriak artikuluan idatzi zuen: «Euskal Herri bat da Durangoko Azoka, Korrika, Herri Urrats… aintzat dituena; bestea, errealitate horiei bizkar emanda bizi dena, existitzen direla ere jakin gabe». Jakinekoa behar luke euskal kulturaren zakuan sartu ohi denak ere baduela bere klase-izaera eta, inklusibitate-nahiezko diskurtso askok funtsean baztertzaile izaten bukatzen dutela. «Euskara ez dakienak, euskal kulturarekiko interesik ez duenak, zenbat errealitate galtzen dituen inguruan. Kosmobisio oso bat galtzen da», amaitzen du. Kosmobisio hori ez da, alegia, euskarak berak ematen diguna; egungo euskaldungoa osatzen duten klase-estratuen mundu-ulerkera baizik, kosmobisio kapitalistaren euskal bertsio gisa.
Kulturaren eta artearen esparruak produktibitate kapitalistaren eta merkatuaren menera uzteak dituen arriskuek jakinekoak behar lukete dagoeneko. Arteak eta gure bizimoduetako espresio estetiko orok guztion ondasun unibertsala izan beharko lukete, doan eta modu irisgarrian, baina hori gizarte kapitalistaren printzipioen kontra doa. Kapitalismoaren gaindipenarekin soilik berma daiteke artearen eta kultur ekoizpenaren garapen askea, produktibitate ekonomikotik deslotua. Euskarazko artearen kasuan ere, halaxe. Burgesiari eta haren menpeko klase ertainei euskal kulturako elementuak dinamizatzeko boterea erauzi behar zaie eta elementu horiek proiektu sozialistan txertatu. Hori da iraupenerako eta inklusibitaterako berme bakarra: euskara masa-hizkuntza bihurtzea eta euskarazko artea euskaldun guztien –eta gizateria osoaren– ondasun unibertsal.