Artisten Estatutuaren lehen neurriak direla-eta

Iragan martxoaren 22an, lan-sektore artistiko eta kulturaleko zenbait aldaketa onartu zituen Espainiako Ministroen Kontseiluak, lege-dekretu bidez. 2018an Espainiako Kongresuan aho batez onartu ziren Artisten Estatuturako azpitaldeak sektoreko baldintzak hobetzeko egindako proposamenak, baina ordutik ez da mugimendu handirik egon. Badirudi orain gauzak mugitzen hasi direla: martxo bukaeran hartutako erabakiak kultur sektorearen aspaldidaniko aldarrikapenei erantzuteko aurreneko pausua dirudi, baita Artisten Estatutu desiratua adosteko lehen argi-printza ere.

Xehe ditzagun aipatutako neurri-sortak zer dakarren. Lehenik, «kultur jarduera» kontzeptua birdefinitzen dute: 1985etik indarrean zegoen legeak «ikuskizun publikoetako artistak» soilik hartzen bazituen kontuan, orain «arte eszenikoen, ikus-entzunezkoen eta musikalen esparruko jarduerak» dira kontuan hartzen direnak. Helburua, adierazpenen arabera, jarduera artistikoaren kontzeptua «modernizatzea eta zabaltzea» da, baita errealitate produktibo berrira egokitzea ere, digitalizazio gorakorrera ere moldatuta, besteak beste; hala, hemendik aurrera jarduera artistikotzat hartuko dira streaming jarduerak, podcastak eta sareko hedapena. Halaber, lege-dekretuak barruan hartzen ditu, lehen ez bezala, sektoreko enpresen egitura finkokoak ez diren langile tekniko eta auxiliarrak ere. Kontratazio-erregimen berri bat ere aurkeztu dute, jardueren birkontzeptualizazio horri dagokion modalitate zehatz batekin: lan-kontratu artistikoa. Erregimen hori sektore artistikoko berezitasunei –«intermitentzia eta aldi-baterakotasuna», adierazpenen arabera– egokituko zaie eta, beraz, ez zaizkio aplikatuko Lan Erreforma berriaren oinarrietako bat diren aldi-baterakotasunaren kontrako neurriak eta penalizazioak. Azkenik, urtean 3.000 €tik beherako sarrerak dituzten autonomoen kuotak ere egokitzea onartu dute. Beste zenbait kontu ere aipatu zituzten, sektoreari egokitzen zaion kotizazio-erregimenari buruzkoak, besteak beste.

Miquel Iceta eta José Luis Escrivá ministroek, beren adierazpenean, «iraultza» gisa aldarrikatu zituzten neurriok. Maiatzean da Artisten Estatutua eratzeko azpitaldea berriz biltzekoa eta orduan neurri berriak etor litezke, eta Estatutua ez omen da osorik onartuta egongo urte bukaerara arte. Oraindik ikusteko dago gehiena, beraz, baina garrantzitsua da neurriak testuinguru orokorrean kokatzea eta haien zentzuari buruzko hipotesiak formulatzea.

Sektore artistikoko neurriak, alde batetik, Espainiako Gobernuaren lan erreformen zentzuan kokatu behar dira eta krisi kapitalistaren testuinguruan, bestetik. Lan Erreformarekin gertatu bezala, ikuspuntu kritikoa mantenduta, ez da baztertu behar kultur esparruko erreforma hauek, bizi-baldintzen kaskartze nabarmenaren garaian, Gobernuak bere aurpegia zuritzeko aukera direnik. Ez dezagun ahaztu hamarkadetan aldarrikatu izan direla aldaketak kultur esparruan eta aldarrikapen horiek ozenagotu egin direla pandemia-garaian. Sektore artistikoak, ekonomikoki pisu txikia izan arren –BPGaren % 2,4 soilik–, estatus sozial nabarmena badauka, eta horrek iritzi publikoaren aurrean diskurtso triunfalistak hartu ahal izatea ahalbidetzen dio Espainiako Gobernuari.

Halaber, martxoaren 22ko lege-dekretua eta etor daitezkeenak kapitalismoaren krisi bete-betean kokatu behar dira eta, beraz, metaketa-fase berri baten hastapen saiakeretan. Hainbatetan esan bezala, testuinguru hori gizarteko masa zabalen pobretze progresiboak eta Ongizate Estatuaren paradigmaren agortzeak ezaugarritzen dute, besteak beste. Beraz, azkenaldiko erreformetan aldaketarako aukera ikusten duena oso oker dago. Joera oso bestelakoa da: kapital handien zentralizazioan, robotizazioaren garapenean eta langile-masak eremu produktibotik kanporatzean oinarritutako eredu produktiboa ari dira gauzatzen eta, plano politikoan, erabakiak ez dira estatuak hartzen ari, estatuz gaindiko oligarkia eta finantza-entitate handiak baizik.

Testuinguru horrek, bistan denez, kultur sektoreari ere eragiten dio eta ekoizpen-eredua egokitzen du sektoreko kapital handiarentzat –ekoizle eta plataforma handien gisako enpresentzat, kasu– eta erabat zailtzen du proiektu artistiko txikiagoen erreprodukzio ekonomikoa. Joera, gainera, eredu horretan sakontzea izango da, itxura guztien arabera.

Oraindik lehen neurriak baino ez dira aipatu berri ditugun hauek; etortzekoak dira gehiago, Artisten Estatutua ere berandu baino lehen onartuko dela dirudi, eta ikusi beharko da benetan zer dakarten. Ekar ditzakeen onura guztiak ongi etorriak izan daitezela, baina inozenteegiak ere gaitezen izan: arte-ekoizpena logika kapitalistaren arabera antolatuta dagoen bitartean, haren etorkizuna ez du erreforma honek ala besteak determinatuko, kapitalismoaren garapen orokorrak baizik. Ez dezala, beraz, inork espero erreforma horiek sektore artistikoko prekaritatea amaituko dutenik, sorkuntza askeagorako baldintzak ipiniko dituztenik eta antzekorik. Artearen garapen askerako baldintzak, haren potentzia osorik garatzekoak, soilik kapitalismoaren gaindipenak ekarriko ditu.