Otsailean eman genuen EKIDA kultur ekimen sozialistaren berri eta geure burua aurkezten aritu gara ordutik. Geure burua aurkeztea geure asmoak aurkeztea izan da: ikuspuntu sozialistatik kulturaren eta artearen esparruak lantzea. Zein izan daiteke horren zentzua gure garaian, galdetuko du baten batek, nola hartzen du lur asmo horrek? Bizi gaituen errealitateari ikuspuntu sozialistatik begiratzeak zera esan nahi du: errealitate hori osoki eraldatzea eta zapalkuntzarik gabeko gizartearen bidean abiatzea. Ikuspuntu sozialistaz ari garenean, beraz, langileon antolakuntza komunistaz ari gara. Kulturaren eta artearen esparruetan ere, halaxe.
Ez dago arterik gizarterik gabe, ez dago arterik klase-borrokak ardaztutako politikatik kanpo. Horrek, finean, arte oro antolatuta dagoela esan nahi du: arte-ekoizpena ekoizpen sozialaren adar bat da eta, beraz, ekoizpen-modu historiko bakoitzean, modu zehatz batean gauzatzen eta garatzen da. Gure garaiko gizarte kapitalistan, klase-zapalkuntza eta kapital-metaketa betikotzeko gizarte-antolaketak mugatzen ditu arteak hegemonikoki betetzen dituen funtzioak. Bi, bereziki: plusbalioa ekoiztea eta kosmobisio kapitalista –gizarte kapitalistako kultura dominantea, alegia– erreproduzitzea. Eta horiekin batera, hainbat ondorio: arte-ekoizpenaren homogeneizazioa, jakintza kultural eta artistikorako sarbide-desoreka klasista, kultur langileen prekarizazioa…
Gizarte kapitalista gainditzera bidean, politika sozialistak baditu eginbehar kulturalak ere: etika bat eta ulermen-marko bat hegemonizatzea. Eginbehar horietan, langile-mugimenduaren historiak erakusten digun moduan, arte-ekoizpenak funtzio garrantzitsuak bete ditzake. Horri deitzen diogu «arte sozialista»: proletalgoaren estrategia iraultzailearen mediazio gisa, funtzio politikoak betetzen dituen arteari; kosmobisio komunistaren eramale denari; langileok geure buruak beste era batera ekoiztea ahalbidetzen duenari. Finean, langile-boterearen eraikuntzan bere esparrutik ekarpena egiten duten arte-espresioak dira arte sozialista. Beraz, funtzio horiek betetzeko politikoki eta formalki egokia den arte batez ari gara, eta hori antolakuntzaz baizik ez da posible. EKIDAk horretan egin nahi luke ekarpena, arte sozialistaren ekoizpenerako baliabideak –zentzu zabalenean– antolatuta: formakuntza politikoa eta artistikoa bultzatuta, baliabide teknikoak eskuratuta, artisten borondate sozialista sustatuta.
Antolakuntza komunistaren hautuak ez du bizitza sozialaren alderdirik bazter uzten eta, beraz, artearen potentzia iraultzailea, gaur eta hemen, osoki berraktibatzea ere badagokigu sozialistoi. Bide horretan ekarpena egin dezakelakoan abiatu dugu webgune hau, eta hilero hainbat eduki topatuko dituzue hemen: kontzeptu eta tesi politikoen azalpenak eta aplikazioak, esperientzia historikoen irakurketak eta baita arte-ekoizpena ere.