Arte eszenikoen antolaketa sozialistaz

1920an, Nikolai Evreinov antzerkigile errusiar iraultzaileak antzezlan bat prestatu zuen Iraultza Boltxebikearen hirugarren urteurrenaren karietara. 15.000 pertsona izan omen ziren antzezten, benetako borroka eta egiazko armak; ezin zitekeen bestela errepresentatu historiaren norabidea aldatu zuen esperientzia hura. Leninek Estatua eta iraultzaren azken lerroetan idatzitakoa etortzen zaio bati burura, Urriko Iraultzak liburuaren azken kapituluaren idazketa eten zionekoa: «atseginagoa eta probetxuzkoagoa da “iraultzaren esperientzia” bizitzea, hari buruz idaztea baino».

Arte sozialistak bere gain hartu izan duen egitasmoa, hain justu, hori da: nola lagundu dezake arteak –idazketak, antzerkiak, irudiek– iraultzaren esperientzia errealaren bidean? Edo, bestela esanda, nola bihurtu artea prozesu iraultzailearen parte aktibo?

Arte eszenikoetan badugu esperientzia aberatsa auzi horri dagokionez. XX. mende hasieratik hasita, mugimendu komunistari estu lotutako arte-praktiken barruan leku inportantea izan zuten arte eszenikoek. Garai hartako alderdi komunistei organikoki lotutako elkarte eta antolakunde artistikoak sortu ziren, eta antzerkigileak, antzezleak, antzokiak, eszenografoak, zuzendariak, masa-politika iraultzaileari diziplinatuta, laborategi beraren parte izan ziren: kapitalismoaren garapenak ekarritako errealitate sozialari egokitutako arte eszenikoak sortu nahi zituzten, eta errealitate hori gainditzeko bidea ireki beren errepresentazioekin.

Horretarako eraldatu zituzten ekoizpen-bitarteko artistikoak eta lan-prozesuak, eraiki zituzten estetika berriak, antagonismo soziala arrazionalki ulertaraziko zutenak eta proletalgoa subjektu gisa errepresentatuko zutenak, mugimenduan, bere zapalkuntza-egoera gainditu zezakeen subjektu historiko gisa. Horren guztiaren oinarrian, abiapuntu bera: artisten lana eta arte-ekoizpena, osoki, printzipio komunisten arabera antolatzea. Antzezlan bat, horrela, izan zitekeen politika iraultzailearentzako kultur dispositibo, baina halaber zen arte-ekoizpenaren antolaketa berri baten, bestelako funtzio sozial baten, ernamuin.

EKIDAtik Agirretarren Bandera antzezlana aurkeztu dugu berriki. Lan militantez sortu da, modu kolektiboan, proiektu iraultzaileari diziplinatutako sormenak beste dimentsio bat har dezakeela iritzita. Zentzu erabat historikoa eta politikoa izan nahi du antzezlanak, familia baten istorioaren bidez kontatu nahi ditu bizi dugun garaikoak, zapalkuntza erakusten du eta hura gainditu beharra. Baina obrak berak esan dezakeena baino garrantzitsuagoa da obrak erakusten duen asmoa: arte eszenikoen antolaketa sozialistarena. Obra eszenikoak ez daitezen berengan hasi eta bukatu, proletalgo iraultzailearentzat erabilgarri izan daitezen, haren beharretatik abiatuta haren beharretara bildu daitezen. Finean, prozesu iraultzailearen kultur bitarteko berri izan daitezen; posizio horretatik entseatu dezakegu arte-ekoizpenaren funtzio sozial berria.