Arte Eskola Sozialista, uztailaren 24tik 27ra Donostian

Artisten formakuntza tekniko eta politikorako espazioa da Arte Eskola Sozialista. Borondate politiko iraultzaileko artisten elkargunea izateko helburua du, gaitasun artistikoen garapena sustatzeko espazioa, jakintza eta motibazio politikoarekin erabat lotuta.

Bi formakuntza-programa izango ditugu uztailean, diziplina banatan: muralismo eta arte bisualetan eta arte eszeniko eta antzerkian.

Arte Eskola Sozialista diziplina horietan interesa daukan edonorentzat dago irekia, artearen funtzio iraultzaileak kezkatzen duen eta bere diziplina artistikoa hortik landu nahi lukeen edonorentzat. Formakuntza-programa, bai dimentsio politikoan eta baita teknikoan ere, oinarrizko mailatik maila aurreratuagoan dauden artistentzat dago irekita, autoformakuntzatik eta kolektibotik ulertuta, maila desberdinetako artistek elkarri eragin diezaioten.

Formakuntza-programa batean ala bestean eman daiteke izena. Plaza mugatuak dira eta lehentasuna izango dute programa osoan parte hartuko dutenek. Goizez eta arratsaldez izango dira saioak, uztailaren 24tik 27ra, Donostiako Zentro Sozialistan. Parte-hartzea doakoa izango da, kalitatezko formakuntza artistikorako sarbide unibertsala printzipiotzat baitaukagu. Lotarako lekua eta otorduak ere

Muralismoa eta arte bisualak

Muralismoko eta arte bisualetako programan, honakoak landuko dira, besteak beste: muralismoaren historia tradizio sozialistan, grafitiaren eta kale-artearen historia, sozialismoaren iruditeria, baita erreprodukzio-teknikak eta mosaikogintza ere. Gainera, Mark Madness grafitilari bartzelonarra ere izango da bertan, bere esperientziari buruzko seminarioa emateko eta bere azken proiektua erakusteko.

Arte eszenikoak eta antzerkia

Arte eszenikoetako eta antzerkiko programan, besteak beste, antzerki politikoaren historia eta obra erakusgarriak, testua eta dramaturgia, aktore-entrenamendua eta interpretazioa landuko dira. Oier Guillán aktore eta dramaturgoak eta Matxalen de Pedro antzerki-zuzendariak hartuko dute parte, besteak beste.

Saio komunak eta mahai-ingurua

Bi programentzat komunak diren seminarioak izango dira taktika artistikoari eta estrategia sozialistari buruzkoa eta Mugimendu Sozialistaren oinarri politikoei buruzkoa. Gainera, bi programak amaitzeko, uztailaren 27an, mahai-inguru bat egingo da “Arte popularra eta arte iraultzailea egungo kapitalismoan” izenburuarekin eta Jon Urzelaik, Kattalin Barcenak, Ion Celestinok eta Aitor Bizkarrak hartuko dute parte.