Agirretarrak edonortarrak dira, gure garaiko jendea. Eugenio Agirre Alvarezen alabak eta bilobak, bost kideko langile-familia bat. Eugenio hil egin da eta bere bilobei oinordetzan utzi die leku bat munduan: bere apartamentua. Hara joango dira gazteak bizitzera. Apartamentu horretan osatuko dira hiru gazteren kezka prekarioak eta ametsak, beste apartamentu batean gorpuztuko dira hutsuneak eta bi amaren ametsak. Baina egonkorra zirudienak ez du irauten. Zer hautatu dezakete? Norentzat dira dauzkaten ametsak?
Gure garaiari buruzko antzezlana da Agirretarren Bandera, porrotaren eta krisiaren garaia oholtzara eramana.
Azpeitiko plazan hasiko da estreinaldi eguneko egitaraua, arratsaldeko 16:30etatik aurrera. Kontzertu akustikoa izango da lehenik, eta bertsolariak ere arituko dira, librean, antzezlanaren hasiera-ordua arte arratsaldea girotzen. Bitartean mural-margoketa ere izango da, plazan bertan. Soreasu antzokian izango da antzezlanaren emanaldia, 19:00etan, eta sarrera doakoa eta librea izango da, bete arte.
Antzezlanaren ostean ere egitarauak jarraituko du. 21:00etatik aurrera Azpeitiko Gaztetxea zabalik egongo da eta nahi duenak bertan afaltzeko aukera ere edukiko du. Kontzertuak 22:00etan hasiko dira: Desgaraian eta Rodeo taldeek joko dute, eta DJ Mito bikotea arituko da ostean musika jartzen.
EKIDAk arte sozialistaren garapenerako baliabideak antolatzea du helburu, alderdi guztietan: lan artistikoa, lan teknikoak eta azpiegiturazkoak, formakuntzazkoak eta beste, eta ibilbide horretan beste aurrerapausoa da Agirretarren Bandera antzezlana. Estreinaldiaren ostean antzezlana ikusteko aukera gehiago ere egongo da.
«Agirretarren Bandera»
Ekoizpena eta dramaturgia: EKIDA arte ekimen sozialista
Musika: Trigger
Karteleko irudia: Madalen Pinuaga
Iraupena: 1h 15′