Taula gaineko ikuskizun bat aurkeztuko dugu maiatz amaieratik hasi eta uztail hasierara arte, Manifestua. Manifestu bat oinarrizko asmoak eta posizioak azaltzen dituen agiria izan ohi da, eta horixe da ikuskizun hau ere, taula gainera eramana. Otsail hasieran EKIDA kultur ekimen sozialistaren sorreraren berri eman genuenetik, gure asmoak eta proposamen politikoa azaltzen aritu ginen Euskal Herriko hainbat lekutan egindako aurkezpen-hitzaldien bidez. Kulturaren eta artearen esparruak ikuspegi sozialistatik lantzera gentozela azaldu izan dugu, eta horrexegatik adierazi nahi ditugu asmo horiek artearen bitartez ere, Manifestua ikuskizunaren bidez.
Diziplinarteko lana da Manifestua: literatura, musika, bertsolaritza eta eszenografia uztartzen ditu. «Ez dugu kantatzearren kantatzen», diote ikuskizuneko narratzaileek, «zerbait esan nahi genizueke». Hain justu, egoera historikoaren aurreko posizio iraultzaileaz eta arte sozialistaren eginbeharrez dihardute poemek, kantek eta testuak, oro har, testu osoak. Horrela, tradizio oso baten errepaso ere bihurtzen da ikuskizuna: emanaldietarako propio sortuez gain, tradizio sozialistari lotutako testuak eta abestiak ere badira, besteak beste.
EKIDAk, langileon politika iraultzailea elikatuko duen kultur ekimen gisa, proiektuak eta lan-lerroak irekitzea du asmo, hainbat esparru eta arte-diziplinatan lan eginda. Horregatik diogu EKIDA ez dela taula gainera igotzen den artista taldea soilik. EKIDAk arte sozialistaren garapenerako eta sustatu nahi dituen egitasmoetarako baliabideak antolatzea du helburu, alderdi guztietan: lan artistikoa, lan teknikoak eta azpiegiturazkoak, formakuntzazkoak eta beste.
Lau emanaldi daude iragarrita; webgunearen Agenda atalean dituzue guztiak:
- Maiatzaren 28an, 19:00etan, Elorrioko Arriola Antzokian
- Ekainaren 5ean, 19:00etan, Gasteizko Ibaiondo Gizarte Etxean
- Ekainaren 19an, 19:00etan, Azkoitiko Baztartxo Antzokian
- Ekainaren 25ean, 19:00etan, Berriozarko Musika Eskolan
Lekua erreserbatzeko bidea irekita dago dagoeneko: izen-abizenak bidali behar dira harremanak@ekida.eus helbidera. Sarrera doakoa eta librea izango da. Kulturak eta arteak edonorentzat eskuragarri behar lukete eta, beraz, etorri nahi duen orok aukera izan dezan bermatu nahi dugu.
Eman izena eta bertaratu. Bertan ikusiko dugu elkar.