Urtebete igaro du dagoeneko kartzelan Pablo Hasel artista komunistak. Iazko otsailaren 16an atxilotu zuen poliziak, bere kantetan erakutsitako posizioak kriminalizatuta, besteak beste. Gizarte kapitalistan, onartzen den iritzi- eta posizio-aniztasun bakarra burgesiaren kontsentsu politikoa zalantzan jartzen ez duena da, izan eskuineko zein ezkerreko. Burgesiaren boterearen oinarriak seinalatzen dituen posizioak, ordea, klase dominatzailearen aurka oldartzen denak, ez du onarpenik izango. Horregatik da programa komunista ilegala gizarte kapitalistaren mugetan. Eta horregatik dago Hasel kartzelan. Are, kementsu agertu zen Hasel bere atxilotze-aginduaren aurrean eta poliziaren esku utzi beharrean Lleidako unibertsitatean itxi zuen bere burua. Horregatik guztiagatik topatuko du artista iraultzaileak eredua Haselengan.
Izan ere, artista iraultzailearena ez da eredu estetiko batean oinarritzen, eredu etiko-politiko komunistan baizik. Politikak –iraultza sozialistaren eginbehar politikoak– ardazten du bere lan artistikoa, proletalgoaren interes orokorrek, alegia, eta ez interes eta kezka indibidualek. Horrek ematen dio, hain justu, zentzu militantea, eta horrexegatik da artista sozialistarena ere posizio kontsekuente bat.
Desartikulatuta ageri zaigu gaur egun artista eredu hori. Politika komunistaren porrot-egoerak ahalbidetutako kultur hegemonia burgesak artista indibidualista eta despolitizatuaren eredua gailenarazi du. Artearen merkantilizazio gero eta sakonagoak areagotu egiten du artea merkatuaren mugetara makurraraztea: merkatuak ipintzen ditu arauak, bai edukian eta bai forman, eta ez dago haren interesei aurre egingo dien proposamenik ia. Eta erreferentzia iraultzailerik ezean, artistaren eredu etikoa eta konpromiso politikoa muturreraino lausotzen dira, erantzukizun sozialik txikiena ere ez izateraino: berdin topa dezakegu hori artista komertzialaren indibidualismoan, zein kultura proletario garaikidearen zenbait espresioren despolitizazioan. Izan ere, oro har, funtzio horixe betetzen du arteak gaur egun: gizarte kapitalista betikotzea.
Halaber, kritika hori bera zuzendu behar da giro aurrerakoiagoetako beste artista batzuengana ere. «Gai sozialak» «ikuspegi kritiko» batetik lantzen dituen artista eredua ere nahikoa zabalduta dago, zeinak konpromisoa nahasten baitu gizarteko problematikekiko bere interes eta kezka indibidualekin eta ez baitu, funtsean, kontsentsu politiko orokorra elikatu besterik egiten.
Artistaren konpromisoa ez baita politika orokorretik aparte ulertu behar. Justu kontrara: konpromiso errealak diziplina politikoarekin lotuta egon behar du eta, beraz, antolakuntzaren auziarekin lotuta ere bai. Horregatik da artista sozialistarena eredu etikoki eta politikoki aurreratuena: bere eginbeharra ez delako kritika sozial hutsa, politika iraultzailea egitea baizik; ez delako konprometitzen bere interes eta kezka indibidualekin, ezpada politika- eta gizarte-eredu oso batekin, eta, beraz, horri dagokion arte-ereduarekin.