22 KOPLA BERRI, OTSOARI NORK IGERRI

GKSk 2024ko ekainaren 5ea, 6an eta 7an kanpaldia egin zuen Palestinaren askatasuna aldarrikatu eta Israelek aurrera eramandako genozidioa eta Europar Batasunaren konplizitatea salatzeko. Lehenengo gauean, kanpaldian bertan, kantatutako koplak dira hauek.

Palestina agurgarri, (bis)
koplak nahi nituzke jarri,
ardi larruz janzten diren
otsoen ilustragarri. (bis)
Koplak nahi nituzke jarri!

Eva Ferreiraren traza, (bis)
laster janzten du disfraza.
Agoantaidazu kubata:
Viva Students for Gaza! (bis)
Ta hemen ez da ezer pasa.

Harremanak, tarte batez, (bis)
eten zituen Whatsappez…
Psikiatrarekin ez dakit,
Israelekin behintzat ez. (bis)
Ez korreoz, ez Whatsappez.

Evarekin ez dakizu: (bis)
gaur soka ematen dizu
eta datorren astean
beltzak bidaltzen dizkizu. (bis)
Evarekin ez dakizu.

Ostiak berehalaxe (bis)
partitzen ditu halaxe:
karameluak errege
bezperatan bezalaxe. (bis)
Ostiak ere halaxe!

EHUn dabiltz deman (bis)
leloaren hitz-ordenan:
“Eman eta zabal zazu”,
“Zabal zazu eta eman!” (bis)
Leloak leloen deman…

Sionismoaren lohiak (bis)
irekitako meloiak…
Kontzientziak mugitzen dira
ta batez ere milioiak. (bis)
Sionismoaren lohiak.

Ai, CAF, Beasaingo germen! (bis)
Tranbiak han eta hemen.
Gora Euskal Eredua
Bilbon ta Jerusalemen! (bis)
Tranbiak han eta hemen.

Begira nago, begira, (bis)
Bibliako Sion mendira.
Ertzainak ikasbidaian
hara joaten omen dira. (bis)
Bibliako Sion mendira.

Zer eta lau zaplazteko (bis)
nola eman ikasteko…
Hainbeste Krav magá, gero
laprast eginda jausteko! (bis)
Horrenbeste zaplazteko.

Alderdien biosfera (bis)
jartzen da hain bihozbera…
Mediatikoki dakarren
kostuaren arabera. (bis)
Bihozgora, bihozbehera.

Sanchezen buruhaustea: (bis)
nahi du Israel askea,
aitortzen du Palestina
ta maite du emaztea! (bis)
Sanchezen buruhaustea.

Krokodilo ofenditu, (bis)
gaitza nola defenditu?
Negar egiten du, baina
hortzak odoletan ditu. (bis)
Krokodilo ofenditu.

Baina faxista urdeak (bis)
behar ditu euskal progreak,
zuritzeko liberalak
soziatak eta berdeak (bis)
dira faxista urdeak!

Abascalen ta Mileien (bis)
izena entzun dut gehien.
Ta zer, Stoltenberg, Borrell,
Lagarde eta Von der Leyen…(bis)
Zeinek agintzen du gehien?

Gazan, Rafahn ta Ramallahn (bis)
hil-kanpaiak dilin-dalan…
Bozkatu antifaxista
Eurovisioneko galan! (bis)
Hil-kanpaiak dilin-dalan.

Jugadak ez nau harritu; (bis)
ze aküratu, ze oinarritu!
Joan den urteko urritik
non sartu da Iñarritu? (bis)
Jugadak ez nau harritu.

Arduradunak badiost, (bis)
isiltzen naiz ta niri bost!
Jakia ematen dizun
eskuari ez egin kosk. (bis)
Isiltzen naiz ta niri bost!

Zenbat adibide, zenbat? (bis)
Ez da bakarrik izen bat:
ineskrutableak dira
sionismoaren xendak! (bis)
Zenbat ote dira, zenbat?

Alferrik da amestea (bis)
bi estatu babestea,
bataren existentziak
ukatzen badu bestea… (bis)
Alferrik da amestea.

Estatu bat horientzat (bis)
jotzen dut konponbidetzat,
ta estatua handi bat
borrokan erorientzat!
Estatu bat horientzat!

Ai, sionista piltrafa, (bis)
berriz altxako da Rafah
ta munduko langileak.
“Wafa, Wafa, Wafa, Wafa!”
Berriz altxako da Rafah!
“Wafa, Wafa, Wafa, Wafa!”