EKIDAk urtebete

2021eko otsailean aurkeztu genuen EKIDA arte ekimen sozialista. Artearen eta kulturaren inguruko hausnarketak plazaratzeko aurkezpen bira egin genuen lehenik. Handik hilabete gutxira jarri genuen martxan webgune hau bera, eta horren ostean aurkeztu genuen Manifestua diziplinarteko ikuskizuna. Urtebete da, beraz, artea estrategia sozialistaren arabera antolatzeko lanetan ari garela.

Derrotismoaren testuinguru kulturalean, artearen merkantilizazio basatiaren eta bere ondorioen aurrean orokortu egin da apolitikotasuna eta indibidualismoa. Eta ukatu egiten da artearen funtzio politiko iraultzailea bera ere.

Baina iraultza sozialistaren hautua berriro ari da gorpuzten. Eta harekin sortzen ari dira arte politiko eraberritu baterako baldintzak. Arte sozialista antolatzea posible eta beharrezkoa da: arteak kultura kapitalista betikotzeari utzi behar dio, kultura komunista elikatzeko bitarteko izan dadin.

Bide horretan aurrerapausoak ematen jarraituko du Ekidak: proiektu artistikoak sortzen eta hedatzen, lan egiteko baliabideak eta esperientzia metatzen, eta lan artistikoa antolatzen, musikan, arte eszenikoetan, literatur ekoizpenean, gero eta diziplina gehiagotan. Artea ez dezaten gehiago diruak eta interes indibidualek gidatu; artistek indar bateratu gisa, artista kolektibo gisa, antola ditzaten beren gaitasunak.

Arte sozialista antolatzea posible eta beharrezkoa da.