Kultura eta artea ikuspuntu sozialistatik: oinarrizko kontzeptuak

Sarrera

Gure tradizioa osatzen duten pentsamendu-sistemetan etengabe eztabaidatu izan da kulturaz, norbanakoek eta gizarteak duten harremanaz eta arteaz. Eta oraindik ere luze eta zabal eztabaidatzen da gaur egungo esperientzietan oinarrituta. EKIDAk, besteak beste, analisirako, hausnarketarako eta eztabaidarako espazio izateko borondatea du, baina, ongi dakigunez, ezin da analisi seriorik egin oinarrian dauden kontzeptuen kontzientziarik ez badugu hartzen. Era berean, ezin zaie kulturaren eta artearen esparruei «ikuspuntu sozialistatik» heldu, proletalgo iraultzaileak proposamen teoriko-politiko propioarekin jarduten ez badu. Artikulu honen asmoa, beraz, proposamen horixe bera laburki azaltzea da, kontzeptu politiko nagusien azalpena eskaintzea, alegia. Kontzeptu politikoki erabilgarriak behar ditugu: gizarte kapitalista garaikidea ulertzen lagunduko digutenak eta, halaber, hura osoki eraldatzera bidean gida gaitzaketenak.

Kultura kontzeptuaz

Nabarmena da kultura kontzeptua «arazo» bat dela bere horretan. Eguneroko erabilerari erreparatuz gero, berehala ohartuko gara inkoherentzia bat badela kulturaren adieren artean: «euskal kultur ekosistema», «Gabonetan, oparitu kultura», «euskal kultura», «kulturaren erakusleihoa», «kultura proletarioa»… Guztiak dira behin eta berriro entzun ditugun esaldiak eta guztiek esanahi oso ezberdinak ematen dizkiete terminoari.

Guri interesatzen zaiguna da gizataldeek mundua ulertzeko eta bertan jokatzeko dituzten moduak, patroi orokorrak, zein diren. Horrixe deituko diogu guk kultura: ulermen-marko batek, batetik, eta jokabide-marko edo etika batek, bestetik, osatzen duten unitateari.

Kulturez ari gara, beraz; pluralean. Horrek, ordea, galdera bat dakarkigu, une historikoaren arabera egin beharrekoa: zein den kulturaren forma soziala; hau da, zerk determinatzen ote duen gizatalde bakoitzaren kultura. Kontzepzio elitista batek elite ekonomiko eta kulturalen bizimoduarekin lotuko luke kultura, eta kontzepzio etnzistak, aldiz, talde etnikoarekin edo hizkuntzarekin. Biak ala biak dira kontzepzio okerrak eta politika iraultzailearentzat desegokiak eta, ondorioz, beharrezkoa da biak politikoki kritikatzea, dela errealitatea ulertzeko balio ez digutelako, dela ondorio politiko arriskutsuetara garamatzatelako.

Guk klaseari estuki lotutako kulturaren kontzepzio bat darabilgu. Egungo gizarte kapitalista aurreratuan, non harreman sozial kapitalistak ondo finkatuta eta mundializatuta baitaude, gero eta nabarmenagoa da mundua ulertzeko eta bertan jokatzeko dugun modua gure klasearen araberakoa dela. Ekoizpenean betetzen den lekuak determinatzen du, beraz, kultura. Horrekin, jakina, kausa materiala ezagutzea bilatzen dugu, patroi kultural orokorrak, gaur egun, zeren araberakoak diren, alegia. Azterketa serio eta sakon batek, ordea, saiatu beharko luke klaseari lotutako kultura horiek izan ditzaketen berezitasunak aztertzeko lanean ere, generoari, adinari edo nazionalitateari dagozkienak, esaterako.

Orain artekotik abiatuta, klase bakoitzak osatuko luke bloke kultural bat; hau da, ulermen-marko batek eta jokabide-marko batek unitarioki eta beste klaseengandik modu berezituan. Egungo gizarte kapitalista aurreratuan, beraz, hiru bloke kultural berezitu leudeke: bloke kultural burgesa, bloke kultural proletarioa eta klase ertainaren bloke kulturala. Klase ertaina ez da klase bat, ez du ekoizpenean betetzen duen lekuak definitzen, erdigune inperialistetan ahalbidetutako burgesia txikiaren eta langile aristokraziaren arteko aliantza sozial eta politikoak baizik. Hala ere, esan liteke kulturalki ere badagoela osatua aliantza hori eta horregatik hitz egiten dugu klase ertainaren bloke kulturalaz, beste kulturetatik modu berezituan.

Kosmobisio kapitalista eta kosmobisio komunista

Klaseari lotutako kulturaren kontzeptu batek, baita bloke kulturalaren kontzeptuak ere, gizarte kapitalista garaikidearen esfera kulturala egoki ulertzeko eta aztertzeko tresnak ematen dizkigula uste dugu. Hala ere, hasieratik esan dugu ekoizten ditugun kontzeptuek politikoki erabilgarriak behar dutela izan, ez soilik errealitatea ulertzeko, baita hura eraldatzeko ere.

Aipatutako hiru bloke kulturalak, klaseari lotutako ulermen- eta jokabide-markoak, gizarte kapitalistaren espresio gisa ulertu behar dira. Hain justu, prozesu sozial kapitalistek gizarteko esfera kulturala ere osatzen dutelako determinatzen du klaseak gure kultura eta, zentzu horretan, bloke kultural guztiak ulertu behar ditugu klase-gizartearen produktu gisa: kapitalismoak bere neurrira ekoizten ditu klaseak, baita haien kulturak ere. Horregatik, hiru bloke kulturalek, ulermen- eta jokabide-marko berezituak izanagatik, elementu orokor batzuk konpartitzen dituzte, marko sozial kapitalistak inposatutakoak. Marko horrek berak eta elementu horiek osatzen duten kultura orokorrari kosmobisio kapitalista deitzen diogu, eta kontzeptu hau darabilgu bloke kultural guztiak barnebiltzen dituen osotasunari erreferentzia egiteko.

Kosmobisio kapitalistaren kontzeptuak klase-gizartearen kritika politikoan sakontzea ahalbidetzen digu, marko kapitalistaren arabera garatutako kultura guztien izaera alienatua seinalatzeko aukerak irekitzen dizkigu-eta, kultura proletarioarena barne. Horrekin ikuspegi obrerista eta sinplista bat gainditu daiteke: posizio sozialistatik, kontua ez baita kultura proletarioa bere horretan defendatzea, ulertzen delako bloke kultural guztiek, baita proletarioak ere, kosmobisio kapitalistaren arabera jokatzen dutela. Langileon bizimoduan ere topa baititzakegu, izan ere, gizarte kapitalistako espresio baztergarrienetakoak: harreman kapitalisten betikotzea, indibidualismoa, ideologia matxista eta beste. Posizio sozialistatik, beraz, gizarte kapitalista osotasunean garaitzea jartzen da jopuntuan; kosmobisio kapitalista gainditzea eta, harekin batera, baita kultura proletarioa ere, gure langile-izaera bera.

Ondorioz, kultura proletarioa kosmobisio kapitalistaren espresio gisa ulertzen badugu, ebatzi beharreko auzi gisa agertzen zaigu zeinek beharko lukeen izan proletalgo komunistaren –hau da, gizarte kapitalista gainditzeko subjektu politikoaren– forma kulturalak. Osotasun kapitalistako kultura orokorra kosmobisio kapitalista izendatu dugun bezala, kosmobiso komunista izendatzen dugu proletalgo iraultzailearen kultura politikoa: osotasun bat beste batekin parez pare. Proletalgo iraultzaileak independentzia politikoa eta ideologikoa beharrezkoak ditu, baita horretan oinarrituta garatutako kultura politiko propio bat ere. Horri esaten diogu kosmobisio komunista: proletalgo komunistaren ulermen-markoari –etsaia zehazki ezagutzea ahalbidetzen diona, baita hura gainditzen ere– eta etika iraultzaileari.

Artea: kultura eta teknika

Kulturaren kontzeptuarenak bezainbeste arazo eman ditu artearen definizioak. Hala ere, gure artearen kontzeptua azaltzeko, behar-beharrezkoa zen lehenbizi kulturarenarekin hastea. Artea, orokorrean, bi alderdi nagusiri erreparatuz defini dezakegu: batetik, kultura baten dimentsio estetikoaren espresio gisa eta, bestetik, ekoizpen sozialaren adar gisa. Ez dago arterik kulturarik gabe, eta ez dago kulturarik bere testuinguru historiko eta ekonomikotik kanpo. Traparena adibide kanoniko bihurtu da: nekez uler daiteke trap musikaren sorrera eta bere eboluzioa langile-auzoetako bizimoduari eta ulermen-markoari, mundu-ikuskerari, ideiei, asmoei eta abarri lotuta ez bada. Kasu honetan ere, beharrezkoa da irakurketa sinplistetatik eta mekanizistetatik urruntzea, artelanen eta praktika artistikoen interpretazioak konplexuak izan baitaitezke, eta askotan ez baita erraza haiek politikoki aztertzea. Dena dela, arte-praktikak ezin dira banandu ulermen- eta jokabide-markoetatik: artistak ezin du bere mundu-ikuskerari erabat bizkar emanda sortu eta hartzaileak ere, ulertu, ezin dezake ulertu bere posizio kulturaletik ez bada. Artea ekoizteko, ulertzeko eta interpretatzeko beharrezkoak diren ulermen-egiturak, beraz, kulturalki determinatuta daude eta, aldi berean, egitura horiek egun klaseak determinatzen ditu, lehen azaldu bezala.

Baina testuinguruari edo ekoizpen-moduari buruz ari garenean, ez gara soilik dimentsio kulturalari buruz ari, dimentsio teknikoari ere bagagozkio. Artelanen nolakotasuna, nahitaez, indar produktiboen garapenarekin loturik dago: hau da, artearen esparruko garapen teknikoari lotuta. Hori azaltzeko adibide historikorik argiena zinemarena izan liteke: zinemarik ez legoke XIX. mende amaieran bideokamera sortu izan ez balitz eta, halaber, zinemaren garapena ere kamerarenari loturik dago erabat. Nobela bera ere har genezake adibidetzat: nobela, egungo forma literario hegemonikoa, burgesiaren garai gorakorrean sortzen da, klase horren beharrei eta aspirazioei lotuta. Baina sakonago ere begira dakioke artearen osagai/alderdi teknikoaren auziari. Gaur egunera ekarrita, musika-ekoizpena –eta zer esanik ez kontsumoa– ere erabat baldintzatzen du, esaterako, streaming plataformen konfigurazio teknikoak. Musikariek, besteak beste, jakin dezakete zein ezaugarri formal behar dituzten beren abestiek gehiago entzunak izan daitezen eta, horren ondorioz, egun ekoizten diren abestien konposizio-egitura aldatu egiten da.

Artea ez da bere arauen arabera funtzionatzen duen praktika zerutar eta autonomoa. Praktika soziala da eta, beraz, klase-borrokak zeharkatzen du. Aipatu ditugun artearen alderdi kulturalak eta teknikoak, bi-biek, funtzionatzen dute gaur egun logika kapitalistaren arabera. Ideia horiek dira gure ustez egungo arte-praktikak ikuspuntu sozialistatik aztertzeko oinarriak.

Arte sozialistaz

Artea kulturari lotuta soilik uler badezakegu, posizio sozialistak kosmobisio kapitalistaren eta klase-kulturen espresioetatik harago joatea eskatzen digu. Horregatik, arte sozialista ez dugu definitzen kultura proletarioaren espresio gisa, ezpada kosmobisio komunistarekin lotuta, proletalgo iraultzailearen kultura politikoarekin. Zentzu horretan, arte sozialistak osotasun kapitalista du jomugan, hura gainditzea du helburu: ez du termino kulturaletan eztabaidatzen, kosmobisio oso bat ordezkatzen du. Kulturarekin esan dugun bezala, osotasun bat da beste batekin parez pare, kasu honetan artearen esparrura eramanda. Kosmobisio komunistaren espresio eta hura erreproduzitzeko eta hedatzeko bide izan behar du arte sozialistak, beraz.

Politika sozialistarentzat funtzio politikoak beteko dituen arte batez ari gara. «Sozialista» izendapena auzi politikoa baita, ulertzen dugu arte sozialistak irizpide orokor batzuk betetzea ezinbestekoa dela, funtzio politiko horiek betetzen dituen ala ez determinatuko dutenak.

Arte sozialistak, esan bezala, kosmobisio komunistaren elementuak artera eramaten ditu, proletalgo iraultzailearen ulerkerak eta esanahiak. Klase-borrokaren alderdi kulturala osatzeko baliabide egoki bat izan daiteke artea, zentzu horretan, osotasun kapitalista problematizatu dezakeelako eta funtzio ideologikoak bete ditzakeelako politika sozialistarentzat. Horrek, bere horretan darama artistaren konpromiso politikoaren auzia: artista sozialistak bere buruarengandik haragoko interesei erantzun beharko die, proletalgo osoaren interesei finean, bere kasuan «sozialista» izendapenak zentzu militante bat izan behar lukeelako. Arte sozialistak, halaber, garrantzia aitortu beharko lioke formaren auziari. Alde batetik, artelan baten kalitatea zehazten duten irizpideak aztertu eta ezagutu beharko lituzke eta exekuzioaren bikaintasuna bilatu. Hala ere, aurretik garatu dugun ikuspegiari jarraituz, ez lituzke irizpide horiek naturalizatu eta betikotu behar: ez baitira irizpide neutral eta zerutarrak, historikoki determinatutako irizpideak baizik. Horregatik, arte sozialistak, garrantzia aitortzen dion hein berean problematizatu beharko luke auzi formala, jakitun izanda irizpide formalek ere badutela eduki politikorik. Arte-irizpideon izaera historikoa ezagututa, aldarrikatu beharko luke beste modu batekoak ere izan daitezkeela.

Laburki aipatu ditugunak, esan bezala, arte sozialistak izendapen hori izan dezan bete beharko lituzkeen oinarrizko irizpideak dira. Arte sozialistarena kontzeptu zabal gisa darabilgu, ez dago diziplina bakarrarekin edo genero batekin lotuta. Horregatik, era berean, proiektu politiko gisa ere ulertzen dugu: garatu beharreko proiektua da arte sozialistarena, mugimendu politiko orokorrarekin batera garatuko dena.