Doinua: Haizea dator iparraldetik
1)
Bostak eta sei eta ni hemen
zain zebra-bide honetan.
Eta hamaika, atzoko gaua
gogorra izan zen benetan.
Gaur ere justu edo berandu,
horixe daukat geneetan,
denbora sobra zenuen, bada,
zertan egon zara, zertan.
Eta hamahiru, takillan kola
presaka naizen denetan;
garaiz heldu naiz autobusera
bostak eta laurdenetan.
2)
Atso batentzat altuegia
ei da lehen eskilara.
Gizon bat txartel gabe sartu da:
«benga, ba, lehiatilara».
Bere pareko lehen aulkian
etorkin baten hijaba.
Bi gazte eurentzat hartu dutenak
osorik azken ilara.
Autobusera sartu ondotik
dauzkat hainbeste kinada,
ez dira beti aurpegi berak
baina jende berdina da.
3)
Kaskoetatik une honetan
Laboa ari zait neri:
liburuetan errege izenik
baizik ez dela ageri.
Leiho ondoan eseri nahi dut,
ahal bada ez atzeregi,
hamalaugarren honetan ondo
hobe gehiago ez segi.
Motxila goiko apal txikian
nola ezin den eskegi,
ondoko aulkian utzi dut, beste
inor ez dadin eseri.
4)
Sei gurpiletan ia bostehun
zaldi hibridoren trosta:
instan sartu naiz, bi txiori like,
whatsapp, EHU posta,
egunean behin jokoan hamar,
poztasunerako koska.
Bidaia dena pantailari so
pasatu dut, ozta-ozta.
Irudipena egia dela
telefonoak diosta:
salataria bateriaren
ehuneko hamabosta.
5)
Lehen «geldialdi eskatuari»
nenbilena eragiten,
gelditu bezain laster atzeko
atetik kalera irten.
PESA berandu doanez aurrez,
nik ezin denborarik ken.
Hurrengo astean emango diot
hontan beste erabilpen,
nahiz bostak eta hamasei edo
hogei ez dugun jakiten,
badakigu nork badarabilgun
eta nork ez darabilten.