Euskara eta zeroak

Bi urte luze pasa ditut nik
apunteak ezin utzita
Astelehenetik ostiralera
mahai batean eserita
Baina selean euskararekin
pasa dena ikusita
Ta baten batek kontu honetan
ez badu arreta jarrita
Guztia ondo konta nahi nuke
hasieratik hasita.

Bi urte pasa ditugu beti
ondokoari begira
Bernarda Alba eta integralak
igaro dira erdira
Berdin historian iraultzekin zein
marrazketan perspektiba
Goiza apunte artean eta
gero liburutegira
Lehen eguna eta selea
euskararekin hasi da.

Azterketetan espero baino
zero gehiago egon zen
Emaitza denak atera eta
hasi ziren protestatzen
“Gu publika bat joan nahi badugu
ezin dugu” esan ozen
Kamera aurrean kexaka ere
ez dute bat buena jotzen
Ez da ulertzen hain zaila gero
zeroak nondik datozen.

Auzitegiak nota kenduko
diete, hau da nibela
Erabaki da euskal hiztunok
azpiratuak garela
Ikasgeletan eta etxean
nahiz igual ez den horrela
bizi osoan esan digute
ikasiz gainditzen dela
Baina argi da diruak ere
pixkat laguntzen duela.

Aipatu dut lehen protestan zeuden
ehun bat ikasle koitadu
Abokatuak ordaindu eta
egin dira honen kargu
Nota kenduta den-denak pozik
berdin zaie nor zapaldu
Jakin zazue hemen guztiok
arazotxo bat daukagu
Integral batek euskarak baino
gehiago balio badu.

Abokatuak euren lanetan
dabiltzanez nahiko trebe
Diruaren truke egiten dute
egi zein gezurra bere
Nahiz erakutsi diguten hemen
nor den morroi nor errege
Neurri honek ez dakit nori
egingo dion mesede
Gero C1a beharko dute
polizi sartzeko ere.