Gizarte kapitalistak, errealitate sozialaren gainontzeko alderdi guztiak bezala, ahistorizatu egiten du artearen kontzeptua. Naturalizatu egiten du artearen egungo eredu konkretua eta, horrela, betikotu. Posizio horretatik abiatuta eraikitzen da artearen inguruko pentsamendu oso bat, zentzu komun arruntenaren esparruraino eragiten duena: artea, zentzu horri jarraituta, bere legeen araberako jardunbidea da, funtzio sozialik betetzen ez duena eta bete beharko ez lukeena, artistaren jeniotasunari soilik lotua, ekoizpen-modu eta lanaren banaketa konkretu orotik bereizia.
EKIDAtik, artea kategoria sozial eta historiko gisa birkokatu nahi dugu, eta horrek arte-ekoizpenaz hitz egitera garamatza, ekoizpen sozialaren adar bezala ulertuta; artea prozesu sozial gisa ulertzera, alegia. Arteak badu bere osagarri kulturala –klaseen esperientzia sozialen adierazpen estetikoa denez gero–, baina baita osagarri teknikoa ere. Artearen garapen teknikoa ezin da ekoizpen-harremanen eredutik aparte ulertu, ez lan artistikoa lanaren banaketa sozial zehatzetik aparte. Artea fenomeno historikoa da: haren ekoizpena ez da beti gaur egungoa izan eta, beraz, ez da beti halakoa izango. Gizarte kapitalista aurreratuetan, ekoizpen sozial orok bezala, arte-ekoizpenak merkantzien ekoizpenaren logikari erantzuten dio. Bestela esateko, merkantzien ekoizpenak artearen izaera eta barne-mugak dinamizatu eta zehazten ditu modu gordinean.
Prozesu iraultzailea berrabiatu nahi duen orok berrirakurri behar ditu aurreko mendeetako langile-mugimendu iraultzailearen esperientziak, baita arteari dagozkionak ere. Abangoardiako proposamen artistikoek –haietako asko proiektu komunistarekin lerrokatuak– gizarte burgesari zegozkion arte-formak behin betiko eraistea promestu zuten, baita langileen emantzipaziorako balioko zuen arte-ekoizpena prozesu sozial gisa garatzea ere. Mugimendu iraultzailearen porrotarekin batera egin zuten kale, ordea, mugimendu horren kosmobisioa errepresentatzeko saiakerek ere, eta langile-mugimenduaren arte-espresioak, merkantilizatuta eta obra gisa kosifikatuta, kultura kapitalistaren modernizazio-bide ere bihurtu ziren. Kontua hauxe da: estrategia sozialistaren bidezko eraldaketa tekniko eta ekonomikorik gabe, espresio iraultzaile horiek guztiak prozesu sozial kapitalistak asimilatuak izango dira, merkantzia-formara makurrarazita; kosifikatuak eta kontrairaultzarako baliatuak izango dira esanahia eta eduki kontzeptuala.
Arte sozialista, beraz, eduki iraultzailea izatetik harago doa. Artearen kontzeptuari esanahi berri bat ere eman beharko dio, lan artistikoa antolakuntza-eredu sozialistaren arabera antolatuta. Horrela, arte sozialistak ez du bilatzen entretenimendu edo gozamen estetiko hutsa, are gutxiago burgesiaren botere sozialaren legitimazio-bide bihurtzea merkantzia-forman. Arte sozialistaren izatea langile-boterearen eraikuntzatik soilik eratorri daiteke, merkantziaz kanpoko esanahi-ekoizpen prozesu sozial handi gisa, eta egitura sozial tekniko-estetiko berri gisa. Horretarako antolatu behar ditu, estrategia sozialistaren baitan eta lanaren banaketa eta disziplina etiko berriaren baitan, arte-ekoizpenerako baliabideak: sorkuntza artistikoaz gain, lan teknikoa, egokitasun politikoa, azpiegituraren kudeaketa, zein formakuntza politikoa eta estetikoa. EKIDAtik gure ekarpen xumea egin nahi genioke eginbehar horri.