1931ko maiatzaren 27an zazpi grebalari erail eta hamarnaka zauritu zituen Guardia Zibilak Ategorrietan.
95. urteurrenean Donostiako eta Oarsoaldeko Kontseilu Sozialistek borrokan aritu ziren langileei egindako omenaldian irakurritako poema da hau.
Irudian, 2025ean Markoa Apurtu arte taldeak egindako koadroa.
Argazkia: Nagore Calvo
27ko mareagora
Ze zeru aukeratzen du itsasoak,
ez bada galernarena,
portutik datozenean greba oihuak?
Non dira halakoetan urkatzen kaioak,
amarratzen iruzurrak?
Zuen izerdia saldu zuten enkantean,
a máis absoluta miseria-k
zulatu arren zuen poltsikoak.
Ezkatatutako, kezkatutako larruak
geroz eta zaharragoa zirudien
hamabost orduz gaindiko
lanaldi bakoitzaren ostean,
itsaso nahasiaren islan.
Zuen atzaparrak, ideiak saretuz
erre nahi izan zenituzten haien sareak.
Promesa faltsuak, injustiziak.
Aldarrikatuz,
eztarrian iltzatuta izanagatik arrain hezurrak,
atseden egun –ziztrin– bat.
Hiriaren oinak busti, kolpatu, irentsi zituen
mareagora izan zineten maiatzaren 27 hartan:
pankarta atzean zihoazen
emakume siluetak,
esnerik gabeko bularrak;
haur bat gose intziriz
negarrez.
Zuek…
Zuek distantzian txikiak irudi,
baina gerturatu ahala aztoragarriak diren
olatuak zineten.
Zerbait itotzeko grina,
zerbait hondoratzeko beharra:
ez inoiz gutxietsi itsasoaren indarra, esaten zidaten
ez inoiz gutxietsi itsasoaren indarra, esaten didate.
Etsia eta etsaia sartzen denerako
beharrezkoak zaizkigun erantzunak
besterik ez ziren izan zuenak;
haien tiroak ziren izan erasoak,
eroso dagoenak bere burua defendatzen duen maneran.
Urteak doaz egunak, minutuak, olatuak etorkizunera.
Mamuak eta amuak
aurpegiz doaz aldatzen; formaz.
Eduki, botere eta jazarpena
hezurdura berdinak eutsi arren.
Ekaitza…
Ekaitza bortitza eta zekena izangatik, ordea,
ur-azalean iraunen du(te)
langileria antolakuntza
manifestazio, mobilizazio, irrintzi, aldarriek;
zuk, nik…
bai eta lili gorriek.

