«Porrota errebantxaren zain dago»
Eugène Pottier
Gaur eguna zabaltzen zaigu parez pare
Poliki hedatzen da etxeetara, kaleetara
Eta harrituta begiratzen diogu geure garai honi
Guri ez dagokigun zerbaiti bezala
Nola ulertu ezinegona, mina, miseria
Zeri heldu heldulekurik ez daukanak
Nondik abiatu inora
Galderek bilatu eta aurkitu egiten gaituzte
Eta susmoa da ezingo ditugula erantzun gabe utzi
Gaur eguna zabaltzen zaigu parez pare
Aurrekoaren hurrengoa baino gutxi gehiago
Itxuraz betiereko bezpera bat besterik ez
Porrot zaharrak ditugu abialeku
Bizi oroitzen ditugu gu baino lehenagokoak
Grina sinesgaitzez saiatu eta huts egin zutenak
Langile erailak, kondenatuak, fusilatuak, gosez hilak
Dena eman eta dena galdu zutenak
Nondik abiatu inora
Nola ulertu geure egun hau gaur ulertu gabe
Porrot bakoitzak beregan daramatzala
Garaipenaren aukera guztiak
Eta gaur eguna zabaltzen zaigu parez pare
Historiak egoskor guretzat gorde duen tarte bakarra da hau
Gure garaiaren galderek bilatzen eta aurkitzen gaituzte
Eta ez ditugu erantzun gabe utziko
Geuregan daramatzagu garaipenaren aukera guztiak:
Eskutan hartutako oihal gorriek urratzen dute zerua
Geure ekinak kolpatzen eta eraisten du mundu zaharra
Geure borrokak ematen dio esanahia mundu berriaren ametsari
Nondik eta norantz abiatu
Hemendik eta harantz ez bada:
Historiak guretzat egoskor eta zehatz gorde duen
Eginbeharraren azken muturrerantz
Eguna parez pare zabalik daukagu
Gaurkoa ez da ezeren Lehena
Baina izan liteke datorren guztiaren hasiera