Alferdo Migelenari

Notizia gordin bat
dudala zergati
bihotza geratu zait
erdi minberati,
sorta bat jarri diot
moztu ta ebaki
basaurin gertatu den
ateraldi bati.
kontra edota alde
zuek erabaki.

Nahiko bagenu poza
ta ongizatea:
kartzelak lepo eta
kalean bakea.
Besteontzako estu
daukate katea,
baina haienen batek
nahi badu joatea
zabalik ahazten zaie
atzeko atea.

Orain lanera joan
behar egunero,
bere sekretaria
ta bere bulego.
Lanean itotzerik 
ez zazu espero,
agintean urteak 
pasa eta gero
aspaldi ezagutu
zintugun Alferdo!

Bestela kartzelatik 
irten nahi duenak
sinatu behar ditu
damu eta penak,
egindako ekintza
guztien kondenak,
ama birjinaren ta
jainkoen baimenak
ta alderdiko karneta
aski Migelenak.

Koltxoipeko diruek
zenbat erabilpen:
santu bihurtzen dute
mila astakirten.
Lapur txikiak sartu
ta handiak irten.
Komeni den garaian
ze ondo dakiten
horma handienetan
zuloak egiten.

Berrikuntza handirik
 ez dakar mendeak:
zutik lege zaharra
eta erregeak,
pobreak barrurantza
kanpora berdeak,
beste behin erakutsi
digu botereak
besterentzat direla
norbere legeak.