Urtarrilaren 31ri

Doinua: Saturne (George Brassens)

Oraina triste dabila eta
Kontu zaharrak bertsotan.
Horren zaharrak ere ez dira,
Oilar beltza ez da lotan.
Kantatua du han eta hemen,
Kantatu du herri hontan
Mundu honetan gerora ere
Mundu bat izaitekotan
Etorkizuna galdu ote zen
Iraganeko borrokan?

Inakzioa urtu zenean
Poteotako tragotan,
Onartu ziren elkarbizitza
Von Der Leyen eta OTAN.
Eskuinerazko bihurgune bat
Ez dena gelditzekotan,
Ez badiogu bidea mozten
Kolpatuz bere errotan
Noizbait betiko galduko gara
Historiaren errotan.

Piztu ezinik ibiltzen garen
Kalefakzio berotan,
Saltatzen diren apairuetan
Ile bat badago zopan..
Itxaropenik saltzen al dute
Kapitalaren azokan?
Soldata baten baldintzapean
Bizi oso bat kolokan,
Geratzen zaigun denbora ere
Kondatzen bada eurotan.

Bizirautea konta daiteke
Desokupatu auzotan,
Gose denaren tripa zorritan
Kalekoen oztopotan,
Gorroto hitzen hizki larritan
Karriketako margotan,
Poliziaren antzeko hitzak
Euskaldunaren ahotan,
Urtarril baten itxaropenez
Pasatako abendotan.

Bizirautea konta daiteke
Emandako erasotan,
Ekologia aipu dutenen
Jet pribatu erosotan,
Are gehiago zatitu nahi den
Klase arteko Europan.
Gu garen hori bestearengan
Ikusten dugu askotan:
Erbia zalu dabila baina
Sinesten dugu dortokan.

Beltzaren beltza soinean baina
Odol tanta bat arropan,
Ahotik kea negu hotzean
Gazteriaren orrotan,
Urtarrilaren 31z
Manifa baten pausotan.
Bada kondatu nahi dutena
Ta dena kondatzekotan,
Antolakuntza ez da kabitzen
Egunkariko lerrotan.

Zapalkuntzaren kate begiak
Maskulinisten tiktokan,
Kameraz josi kale ertzean
Eta loaren derrotan,
Gure gorputzez bete nahi diren
Etsaien armaden tropan,
Elkartzen gara muga faltsuen
Kontroletako susmotan,
Asmatzen dugun geroan eta
Gure geroko asmotan.

Orainaz triste zabiltzan horri
Gomendio bat bertsotan:
Nola batera egon zaitezke
Kexaka ta erdi lotan?
Mugitu gabe katerik ez da
Hausten ahal bizi hontan
Bizi ditugun garai ilunek
Zentzu bat izatekotan:
Oraina zer da? Ez baldin bada
Etorkizun bat borrokan.