Falangearen etorrerari

Hispanitate egunez, hau da,
urriaren hamabian
Gasteizen pasa zenaren berri
izango duzu agian.
Badaezpada bertso sorta hau
jartzera noa abian
despistatua dezente dabil
eta azken aspaldian.

Euskal Herriko lurrera heldu
zen Falange Española
erakustera eurena zela
gure kaleen kontrola
zuten asmoa gauzatzeraino
hel ez zitezen inola
gazteek ondo erantzun zuten
azalduko dizut nola

Izan ez arren hirurogeita
hamabostgarren urtea,
jendaila bat da gura duena
“Cara al sol”-ka jardutea.
Norbaitek opa baldin badie
betiereko lurpea,
pentsaezina da horri berba
soilean erantzutea.

Esku bat zabal zeru altura
ta bestea paparrera,
“piperpotoa” lepora lotu,
arranoa bizkarrera…
Ez zuten baina, beroa izan
hiri zaharreko harrera:
Diputazio Plazara heldu
ta ezin egin aurrera.

Poliziaren jarrera askok
aurrez imajinatua
zein bandotan zen argi ta garbi
geratu zen filmatua.
Kasko gorridun faxista talde
ongi uniformatua
bake bidean den Zupiria
jaunak patrozinatua.

“Gaur egunean guk beste kode
etiko bat darabilgu”
hala gazteak ta Falangistak
zaku berberean bildu
deklaratzera atera ziren
PNV eta Bildu,
astakeriok kontatu baino
hobeto zuten ixildu.

Bigarren hauek egin zutenez
adierazpen arina
martxan ipini zuten kablea
kiribiltzeko makina.
Falangismoak ezin duela
zilegi izan, jakina,
pasa ostean tontoak daki
jakintsuenak adina!

Antifaxistei deitu ostean
“euskaldun faxista, sekta”
PNVko jendea nola
ez zen geratu aseta.
Eredutzat nor duten esaten
hasten dira erraz eta
hitzok sinetsi ezinda dago
hilobian Lauaxeta.

Bere burua ez duelako
ikusten pobretik salbu
diskurtso retro ta misoginoz
mingaina daukanak malgu
nahi dituenak mugak ezarri
eta pobreak zapaldu
kalera lasai ateratzeko
eskubiderik ba aldu?

Behera ta behera egin ahala
ongizate estatuak
iraultza eta reakzioa
ez daude isolatuak.
Gora ez dezan egin faxismo
zantarraren olatuak,
ez nostalgiko ezta ere gaur
egunera moldatuak,
gora ez dezan egin faxismo
zantarraren olatuak
kaleak hartu beharko ditu
gazteri antolatuak.