1975eko irailaren 27an Gertatuei jarriak

1975eko irailaren 27an fusilatu zituen Francoren erregimen faxistak Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi ETAko militanteak eta FRAPeko Xosé Humberto Baena, Ramón Garciá Sanz eta José Luis Sánchez Bravo.

50 urte iraganda, haiek eta haien borroka oroitu nahi izan ditugu.

0)
Txiki ta Otaegi
ta FRAPeko hiru
fusilatu zituzten
mundua testigu
Hegaldan horrenbeste
putre eta miru...
goiz berririk ez zela
sortu badakigu.
1)
XX. mendeak
bere hiru laurdenak
ordutik joan dira
mende erdirenak
Grebak eta oihuak,
tiroak, sirenak...
ez daitezela ahaztu
gertatu zirenak.
2)
Gutxienez urte bat
lehenago hasita
langileen protestak
zeharo hazita
Aldaketa gogoa
borrokaz jantzita
ta Franco bitartean
ohean antsika.
3)
Eta urte hartako
apirilerako
salbuespen estatua
Euskal Herrirako
Ehundaka mila lagun
lanpostutik kanpo
tiroz esanda be ez
zeuden etxerako.
4)
Pikuak heldu ahala
amaitu zen uda
eta hamaika lagun
ataka estura
justizia militarra
zenaren eskura
ez zuten heldu behar
bizirik negura.
5)
Txiki Bartzelonan zen
harro eta tinko
inoiz izango al zen
beldur berekiko?
esanda utzi zuen,
esanda betiko
askatasun haizerik
ez zutela hilko.
6)
Otaegi Burgosen,
goizarekin tira
Senide ta lagunak
kanpotik begira
Bide laburrak ere
luzatzen baitira
gorpua gauez heldu
zen Euskal Herrira.
7)
Jende uholde batek
amorruz ta bare
itsaso eta mendi,
belar eta hare
besarkatu zituen
Zarautz ta Nuarbe
Hil kanpaiek behin ere
jo beharrik gabe.
8)
Kaleak ezin ziren
agudo bezatu,
enbaxadak zarratzen
hainbeste estatu...
Nahiz ta epaiketetan
ez ziren luzatu
tiroek ezin dute
haizerik zulatu.
9)
Francok azken biderrez
ahul eta ubela
Madrilgo plaza baten
bota du horrela
Hil dituztela bostak
behar den bezela
bere ondoan nor ta
Juan Carlos duela.
10)
FRAPeko hirurak ta
Txiki ta Otaegi
Franco hilurrenaren
azken katebegi
Nahiz eta goiz berriek
ez zioten segi
zeren kontra zebiltzan
gogoratu bedi
Nahiz eta goiz berriek
ez zioten segi
zeren alde zebiltzan
gogoratu bedi.