Olinpotik fokupera

«Poetak Olinpotik jaitsi dira». Olinpotik fokupera eta fokupean bateria bat, baxu bat, teklatu bi eta bost mikro oin. Ikusleek hartu dute platea eta argiak itzali ahala piztu dira fokuak. «Hauek dira gure lehen hitzak, zerbait esan nahi genizueke» eta jarraian poemak, bertsoak eta abestiak bata bestearen atzean.

Bizi gaituen garaiaren nolakotasunaz ez ezik, etorkizunean biziko gaituenaren bideaz ere ari den ikuskizuna da hau. Airera botatako galdera erantzun gabeen ordez galderak erantzunen eskutik botatzen diharduena. Manifestua ez baita «airean gazteluak eraikitzearen» edertasun hutsalean hilko, Manifestua hausnarketarako jaio den ikuskizuna da, mundua beste era batekoa izateko beharrizanaz ari dena. «Errealitate makurraz eta horri aurre egiteko moduez hausnartzeko» ikuskizuna. Hori guztia da Manifestua, eta «manifestu bat da gure ekintza bakoitza».

Mikrofono oinetatik hitzak eta abestiak «trostan datoz, handi, lasai, grina-begi, amets-bisai», platearaino. Hitzak eta abestiak trostan datoz platearaino txaloetarako tarterik utzi gabe eta txalotzera gindoazela «guri beha den fusila jarri zapaltzaileari begira» diote eta txalotzera gindoazela «hodeietako poesiari lur irmoaren poesia kontrajartzen diogu» diote eta txalotzera gindoazela «esaten dute gurea nostalgia dela, baina guk badakigu ezinbesteko biharamuna dela» diote.

Hitz zuzen eta zainduak zaindu gabeari zuzenduak. «Poetak Olinpotik jaitsi dira». Olinpotik fokupera eta fokupean lehenengo pertsona plural bat, kosmobisio oso bat, manifestu bat.

«Bide horretan abiatu gara
Eta erre egingo ditugu itzulerako zubi guztiak».

Ez dakit zuk zer egingo duzun, baina ni konbentzitu naute bide honetan abiatzeko. Baina ez bazatoz, zubi bat utziko dizut etor zaitezen, badakidalako damutuko zarela.