«Manifestua»: poemak eta bertsoak

Agurra

ekarri zaituztegunak
etsaiak eta lagunak
begi eta gogo argiak
dira behar ditugunak
oi, au, hustuak
beteko Manifestuak

teilatuetako kedarrak
airera hiri zaharrak
doinuak leundu ote
ditzake gure negarrak?
oi, au, laztuak
leundu Manifestuak

egoeraren zorrotzak
eguneroko morrontzak
ostu egiten dizkigu
gureak ziren ahotsak
oi, au, ostuak
itzuli Manifestuak

eta eskuak eskuari
emanaldi bat opari
zer kantatu behar zaio
kantuz ez dakienari?
oi, au, eskuak
dakargu Manifestua

Gaua heltzen da eta

Gaua heltzen da eta

ohartzen zara ez duzula bazkaldu

egunak badoaz eta

zure gogoa ezerk ase al du

asteartea baino ez da eta

asteak bost egun luze dirudi

gauarekin polizia dator eta

amorrua mina nazka basakeria

egunarekin datoz etxegabetzeak
amorrua mina nazka basakeria

erailketak bortxaketak irainak erasoak

zerrendatzen dugu miseria

berrogeita hamar urtez

itxaron beharko ote diogu

geuk ere soseguari
langile zaharraren gisara

eguzkia hartu artean 

zerbaiten esperoan

(Bertsoa: Aitor Bizkarra Ruiz)

Borrokarako molde berrien
ta zaharren azterketa,
errazkeria erreformisten
behin betiko bazterketa.
Galbahe baten modukoa da
gizaldien lasterketa.
Aieru baten eroale, gu,
joan goaz zangarteka,
gaurko urratsek letorkeenaren
ernemina dakarte ta!

Afalosteko eztabaidaren alegoria

Telebista piztuta afaltzen da gure etxeetan egunero
Platerek plateren aurka jotzen dute batzen direnean
Mahai gainean egoten dira afaritako hondarrak

Zigarro bat pizten da
Notiziek egunekoak errepasatzen dituzte
Bi figurak, mahaiaren alde banatan, notiziei begira
Errepasatzen dituzte munduari begiratzeko dituzten moduak

Telebista piztuta, zigarro baten kea, bi figura
Aitzakia perfektua gerrarako

Lehenengoak dio:

Nik hartuko dut hitza
Kostata agian baina hemen ez dago isilik gelditzerik
Notiziek hitz egiten dute gezurrekin
Eta isilik gelditzea haien ahotik hitz egitea da

Mundua zabala da:
Begien parean ikusten dut

Zein iritzi daukadan 130.000 langabeez?
Zer uste dudan suak hartutako kontainer batez?
Argi dago: neure burua ikusten dut haiengan

Mundua zabala da
Eta uste dut zabalago behar lukeela

Figura bana dago mahaiaren alde banatan
Bien artean kea
Bigarrenak, begiak telebistatik mahairatu
Eta honela diotso:

Zuk zer jakingo duzu munduaz
Mundua zabala da, bai: zabalegia zuretzat
Zuk langabeak ikusten dituzu, nik bizkarroiak
Zuk zeure burua ikusten duzu, nik besteak

Nik neure bizimodua ateratzen dut
Eta horrekin nahikoa daukat
Gu finean ez gara hain gaizki bizi

Ez dut uste gehiegi eskatzen dudanik
Nik neure iritzia edukitzeko eskubidea daukat
Eta nire kaleak pintadaz bete ez ditzatela eskatzekoa ere bai

Zuk zer jakingo duzu munduaz
Nik neure iritzia daukat eta horrekin nahiko
Ez dugu nostalgiarik behar

Lehenengoak amaituko du
Oraingoan ez dio begiratuko
Mahaiaren bestaldean dagoenari
Aurrerago begiratuko du eta esan:

Esaten dute gurea nostalgia dela
Baina guk badakigu ezinbesteko biharamuna dela
Nostalgia handiagorik ez baitago
Zure ingurua zatika erortzen ari dela ez ikustea baino

Esaten dute inozokeria dela
Baina guk badakigu inozokeriaren amaiera dela
Gure inguru guztiaz jabetu nahi dugu
Geure buruez jabetzeko

Bide horretan abiatu gara
Eta erre egingo ditugu itzulerako zubi guztiak

Zalditeria gorriaren kanta

zaldiak datoz urrundik
trostan datoz, handi, lasai
grina-begi, amets-bisai
oihan beltzaren barrundik

behor gorri, zaldi arre
berrogeien bat badira
oihan beltzetik argira
oin-hots, irrintzi eta barre

berrogeien bat badira
piztion arineketa
urrundik badatoz eta
beti urruna begira

azkar aurreratu ahala
zelaitzen doaz malkarrak
zituzten neke pixarrak
ere zelaituz bezala

behin utzitako mendiak
halakoan parez pare
topatutakoan, bare
jaso dituzte begiak

betiko muino berdean
jartzerakoan apatxa
mantendu dute arnasa
guztiek aldi berean

zaldiak urrundik datoz
beren abialekura
itzultzearen tristura
gailendu zaie lehenengoz

haatik behin behaturik
mendiak eta zelaiak
jaitsi dituzte bisaiak
ez da galtzeko astirik

hartu zuten helburu zahar
hura ez dezakete ahantz
handik eta beti harantz
mendi berrietan zehar

mendi berrienetatik
beti urruna begira
berrogei zaldi badira
den-dena dute aurretik

Gu nor garen

Geure izenean hitz egiten dugu
Lehenengo pertsonan, pluralean hitz egiten dugu
Ez garelako inoren izenean ari
Geure izenean ez bada
Geuk hitz egiten diegulako geure buruei
Eta zuk
Eta zuk
Aztoratuta galdetzen diguzu
Nor ostia ote den gu hori
Gu nor garen galdetzen diguzu

Erantzungo dizugu
Erantzungo dizugu
Erantzungo dizugu

Gu gara gaur
Gezurraren garaira jaiotako jendea
Ziurgabetasunaren sinonimo den etorkizuna
Salgai jarri genituen patrikako zuloak
Gu gara gaur
Elkarren antza daukagun milioika bakardade
Begiak, eskuak, lepoak, izterrak
Kaleetan eta plazetan elkar irakurtzen dugunak

Gu gara gaur
Helduleku bila altxatzen den eskua
Gu gara gaur
«Saiatu eta lortuko duzu» eta ez lortzea
Gu gara gaur
9.500 euro, hamabi paga
Gu gara gaur
Gezurraren garaira jaiotako jendea
Elkarren antza daukagun milioika bakardade
Sinetsarazi nahi zigutena hiltzen duen ideia

Geure izenean hitz egiten dugu
Lehenengo pertsonan, pluralean hitz egiten dugu
Geuk hitz egiten diegulako geure buruei
Eta oraindik harritu egiten zara
Eta oraindik galdetzen diguzu nor garen gu
Eta guk erantzun:

Ez gara soilik orain garena
Ez gara soilik orain garena
Ez gara soilik orain garena

Gu gara atzo
Langile-saldoak nagusiaren etxerantz korrika
Kontsigna bat iraultzaren gauzapenerako
15.000 pertsona obra bat antzezten

Gu gara atzo
Etsaiaren krudelkeria atergabea
Gu gara atzo
Oihal gorri bat hilkutxa baten gainean
Gu gara atzo
Porrotaren alabak gara
Iraultza fusilatuaren semeak
Berriz abiatzen direnak urduri
Zaldi-samalda baten trostan
Asmorik eta zaharrena berritzera

Eta oraindik galdetzen diguzu
Gu nor garen
Gu nor garen?
Erantzungo dizugu

Ez gara orain garena soilik
Noizbait izan gaitezkeena baizik
Noizbait izan gaitezkeena baizik
Noizbait izan gaitezkeen guztia

Gu gara atzo
Gu gara gaur
Gu gara bihar
Ahots bat tintaz oihukatzen:
«Nintzen, naiz eta izango naiz!»

Geure izenean hitz egiten dugu
Lehenengo pertsonan, pluralean hitz egiten dugu
Geuk hitz egiten diegulako geure buruei
Geuk sortu nahi ditugulako geure buruak

Mezu bat daukagu eta airean darabilgu
Ez daukagu gauza handirik
Eta asko da eskatzen duguna
Gu gara atzo, gaur, bihar
Eta ez gara galtzeko beldur
Ez gara irabazteko beldur
Izan diren porrot guztiak baitaramatzagu gurekin
Eta gurekin baitaramagu garaipenaren eguna ere

Geure izenean hitz egiten dugu
Gu nor garen galdetzen diguzu
Eta guk erantzun:
Gu manifestu bat gara

Kanta berri bat gara haizatzean
Bost hatz beste bost hatzi bilduta
Atzo gara eta gaur eta bihar
Asmorik zaharrena berritzera abiatu garenak

Mundu berria gara eraikuntzan
Kosmobisio oso bat
Manifestu bat
Manifestu bat
Manifestu bat
Eta manifestu bat da gure ekintza bakoitza