Euskal Herriko gaur egungo musika politikoaren sustraiak

Euskal Herria 70eko eta 80ko hamarkadetan

Euskal Herrian nagusi izan den arte politiko eredu bat egon dela esan dezakegu, batez ere Euskal Nazio Askapen Mugimenduarekin lotuta egon dena. Kasu honetan, musikari erreparatuko diogu, baina bestelako arte adierazpenetan ere egon dira eredu horri jarraitu dioten artistak.

80ko hamarkadan Rock Radical Vasco deiturikoarekin garatzen hasi eta 90eko hamarkadan Negu Gorriak-en gisako taldeekin finkatu eta gaur egunera arte iritsi zaigun musika politikoaz ariko gara hemen. 70eko hamarkadarako, dagoeneko, arte ekoizpenaren eta politikaren arteko loturaren inguruko eztabaidak zein hausnarketa horietatik abiatutako praktikak ugariak izan ziren –musikaren kasuari erreparatuta, esaterako, protesta kantuak uzta emankorra izan zen Euskal Herrian– , eta hurrengo hamarkadetako artearentzako oinarriak jarri zituzten.

Musika taldeentzat haztegi aproposak izan ziren 70eko eta 80ko hamarkadak. Hain zuzen ere, 70eko hamarkada aldaketa politiko, ekonomiko, sozial eta kultural askoko garaia izan zen Euskal Herrian. 1973ko Petrolioaren Krisiak ordura arte indarrean egon zen ekoizpen ereduaren mugak agerian utzi zituen eta metaketa ziklo berri baterako eredu berriaren ezarpena hasi zen, langile mugimenduaren gainbehera nabarmena eraginez. 1982rako, agintea hartu berri zuen Felipe Gonzalezen gobernuaren birmoldaketa industrialak batez ere fabriken inguruan antolatzen zen Hego Euskal Herriko langileria erabat desegituratu zuen, langabezia-tasa oso altuak –gazteen artean %40 eta %50ekoa izatera iritsi zen– eta soldaten erosahalmenaren jaitsiera orokorra ekarriz. Horrek, heroinaren sarrerarekin batera, hiri-aldirietako gazteen marjinaltasunaren gorakada nabarmena ekarri zuen, batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan. Sistema politiko berriak ezarri nahi zuen bizi eredua ez zetorren bat egunerokoan errepresioa jasaten ari ziren eta aldi berean kontsumismoaren eta norbanakoaren autonomiaren baloreen arabera kontsumitu ezin zuten gazte haien errealitatearekin.

Eraldaketa ekonomiko hark eta klase borroka iraultzailearen zikloaren gainbeheraren hasierak ENAMen estrategia politikoan ere aldaketa nabarmenak ekarri zituen. Errebolta bidezko garaipenaren bideragarritasun estrategikoa gero eta murritzago ikusirik, estrategia berria Euskal Herriarentzako gutxieneko askatasun demokratikoen bide orria ezartzeko Estatuarekin negoziazio politikoa behartzean oinarritu zen. Borroka tresna gisa negoziazioa lehenetsiz, Herri Batasunaren sorrerarekin eta KAS alternatiba deiturikoaren bitartez, konfrontazioa eremu politiko militarretik politiko hutsera eramatea zen helburua.

Hala ere, eta nahiz eta haustura iraultzaile baten aukera pixkanaka apaltzen joan, Espainiako Estatuan Trantsizio deiturikoaren urteetan Ezker Abertzaleak Euskal Herrian oraindik ere gelditzen ziren mugimendu erradikalen erreferente bilakatzea lortu zuen, ordura arte bere siglen baitan egon ez ziren mugimendu askoren aterpe bihurtuz zein pixkanaka agertzen eta indartzen ari ziren gizarte mugimenduekin –feminismoa, ekologismoa, sexu askapenaren aldeko mugimendua, intsumisoena, eta abar– harremanak estutuz.

Rock Radical Vasco

Testuinguru horretan iritsi zen punk mugimendua Euskal Herrira. Hiri-fenomeno gisa hazi zen, langabeziari, drogei, poliziaren errepresioari eta itxaropen ezaren aurrean irtenbiderik ez zuten langile klaseko gazteen artean. Izan ere, krisialdi ekonomikoak, gatazka politikoaren gordintasunak eta sistema politiko berria ezartzeak sortutako esperantza faltak egoera ezin hobea sortu zuen Britania Handian krisialdi ekonomikoaren eta desmobilizazio politikoaren testuinguruan sortu zen punk mugimenduaren zabalpenerako. Do It Yourself filosofiari, irrati libreei, fanzineen argitalpenei, gaztetxeei, okupazio mugimenduari zein Trantsizio garaiko bestelako espazio eta mugimendu “kontrakulturalei” loturik, beren artean inolako lotura organikorik gabe, baina oinarri oso antzekoen bueltan, estilo eta genero ezberdinetako ehunka musika talde sortu ziren urte horietan Euskal Herrian. Ukazioa oinarri, punka musika genero gisa baino errealitatearen aurreko jarrera gisa sortu zen, teorizazio sakonik gabe, gizartea eraldatzeko proiektu osorik gabe. Ordena sozialarekiko desafioak ardazten zuen, gazte haiek ukatzen zituen gizartearen aurkako desafioak.

Euskal Herrian oso modu gordinean bizi zen gatazka politikoak ordena sozialaren aurka modu batera edo bestera altxatzen ziren askotariko sektoreek topo egitea ekarri zuen. Horrela, paradoxikoa dirudien arren, hasiera batean Ezker Abertzalearekin inongo lotura organikorik ez zuten musika talde horiek –haietako batzuek publikoki ukatu zuten Ezker Abertzalearekiko eta bestelako edozein alderdi politikorekiko atxikipena– izan ziren ondorengo urteetan, behin eta berriro, arte politiko gisa izendatu dugun eta Ezker Abertzalearen kultura politikoarekin lotura zuzena duen eredu horren oinarriak jarri zituztenak.

Fenomeno hori garai historikoaren eta hark eskaintzen zituen aukera politikoen isla dela esan dezakegu. Izan ere, Euskal Herriko garaiko testuinguru sozioekonomiko, politiko eta kulturalari erantzun gisa sistemaren aurkako mezu ezin zuzenagoak zituzten talde horiengan langile klasearen estratu baztertuengana iritsi eta, estrategia berriaren bidean, bere mezu politikoaren zabalpenean lagunduko zion mugimendu oso bat ikusi zuen Ezker Abertzaleak. Aldi berean, estrategia aldaketa, Trantsizioaren eta Frantziako zein Espainiako Estatuen aurkako diskurtsoa eta estatuen partetik jasaten zuen errepresio gogorra kontuan izanik ez da harritzekoa talde haietako asko Ezker Abertzalera gerturatu izana.

Noski, konbergentzia hori ez zen modu “automatikoan” gertatu, prozesuak gorabehera ugari izan zituen. Rock Radical Vasco terminoa bera lehen aldiz, 1983. urtean agertu zen, Egin egunkarian, Tuteran eginiko NATOren eta ZEN (Zona Especial Norte) eta PEN (Plan Energético Nacional) planen aurkako kontzertuaren kronikan. Sona handiko hainbat taldek hartu zuten parte entzule ugari bildu zituen jaialdi hartan: Zarama, Hertzainak, Eskorbuto, La Polla Records, RIP, Barricada eta Basura, besteak beste. Behin izendapena zabalduta, talde askok etiketari uko egin zioten –Eskorbutoren kasua izan daiteke ezagunena–, Ezker Abertzalearen nolabaiteko “instrumentalizazio” zantzuak ikusten zizkiotelako, “euskal” etiketapean identifikatuak sentitzen ez zirelako edota alderdi politikoetan sinesten ez zutelako. Bestalde, Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren barnean ere egon ziren harreman horren aurka altxatu ziren ahotsak. Mundu anglo-saxoitik zetorren eta Euskal Herriko tradizio musikalarekin zerikusirik ez zuen punkak “euskal” izaeraren errepresentaziorako balio ez zuela esaten zuen hainbatek. Beste batzuentzat, aldiz, arazotsua zen talde horien gehiengoak gaztelaniaz abestea euren letrak. Eta, azkenik, eszena horren bueltan elkartzen zirenetako batzuek drogen inguruan zuten diskurtsoa ere ez zetorren bat garaitsu hartan Ezker Abertzaleak auziarekiko zuen jarrerarekin.

60ko eta 70eko hamarkadetako esperientziak ikusita, esan dezakegu arte ekoizpenak mezu politikoen zabalpenean zein kultura politiko baten eratzean izan zezakeen indarraz jabetzen zela Ezker Abertzalea. Horregatik, eztabaida eta posizio ezberdinak gorabehera, agerikoa da apustu argia egin zuela RRVaren bueltako musika taldeak eta haien jarraitzaileak bere kultura politikoaren baitan txertatu eta lotura horren bidez bere proiektu politikoa harengandik urruntzen ari zen gazteriarengana eta lehenago heldu ezinezko sektoreengana heltzeko.

Garai hartan, beste hainbaten artean, bi faktore garrantzitsu eman ziren Ezker Abertzalearen eta punk talde horien arteko lotura hobeto ulertzen lagun diezaguketenak. Batetik, jai batzordeen sorrera. Izan ere, eta lehen esan bezala, Ezker Abertzalea gero eta indar handiagoa hartzen ari ziren mugimendu sozialetara gerturatzen hasi zen, “kalean” zeuden aldarrikapenei erantzunak emateko eta batzuetan horien gidaritza hartuz. Garaitsu horretan hasi ziren Ezker Abertzaleko militanteak zein udaletxeetako zinegotziak herrietako jai batzordeetan parte hartzen ere. Horrek kontzertuen eta ekitaldi kulturalen antolaketaren ardura, kasu askotan, euren esku gelditzea ekarri zuen. Bestetik, Jarrai gazte antolakundeak izandako ezinbesteko papera hartu behar da kontuan. 1983. urtean eginiko kongresuan, Euskal Herriko gazteengana “hurbildu” eta herri eta auzoetan “ideologizazio” lana egiteko beharra ondorioztatu zuen Jarraik. Horrela, lan politikoaz “paso” egiten zuten gazteen aldarrikapen espezifikoetara gerturatzen saiatu zen antolakundea. Punk eszenaren bueltako gazte askok borrokarekiko eta gatazka sozialarekiko konpromisoa eta estatuaren eta bere instituzioen aurkako jarrera irmoa zuen. Gazte masa horiek Herri Batasunaren bueltan artikulatu eta Ezker Abertzalearen proiektu politikoaren parte izango baziren RRV fenomenoaren sorrerak, sustapenak eta garapenak paper garrantzitsua jokatu behar zuen. Horregatik, kontzertuak eta jaialdiak antolatzen zein hauetara beren aldarrikapenak eramaten saiatu zen Ezker Abertzalea.

Saiakera horren adibidea da, esaterako, 1985ean Herri Batasunak antolaturiko Euskadi, alaitsu eta borrokan kementsu kanpaina. Euskal Herriko hainbat herritan eginiko ekitaldi politiko, kultural eta artistiko ugariz –eztabaidak, zinema emanaldiak, erakusketak, herri bazkariak…– osaturiko kanpaina horren xedea izan zen Herri Batasunaren eta ENAMen jarduna esparru “politiko” huts gisa ulertzen zen eremu horretatik atera eta bizitza sozialeko beste esparru batzuetara zabaltzen ahalegintzea. Kanpaina horren baitan antolatutako Martxa eta borroka jaialdiek ere, kontzertu, hitzaldi, eta eztabaidak biltzen zituztenak, xede bera zuten. RRVeko talde ugarik hartu zuten parte jaialdi haietan. Besteak beste, kanpainaren itxieran Zarama, Kortatu, La Polla Records eta Barricada taldeek jo zuten.

Ideia zabaldu

ENAMek aurreko hamarkadetan Euskal Herriko testuinguru politiko eta sozialean sorturiko polarizazioa interpretatu eta “sistemaren aurkako” jarrerak zituzten gazte haiek bere kultura politikoaren baitan txertatzen jakin zuen. Baina, horrez gain, eta bere proiektu politikoaren hutsuneak eta beharrak identifikatuz, saiakera handia egin zuen garaiko errealitate politikoari erantzungo zion arte ekoizpen bat antolatzeko, zeina, Ezker Abertzalearekin lotura organikorik izan ez arren, bere kultur hegemonian oso txertatuta iritsi zen hurrengo hamarkadaren hasierara. Talde horien ospeak, ordea, bere gailurra jo zuen 80ko hamarkadan eta haren amaieran, RRVaren eszena agortzen hasi zenean, aldaketa ugari eman ziren euskal eszenan.

Batez ere musikaren arloan, munduko herrialde ezberdinetan gatazka politikoei loturik ematen ari ziren askotariko arte politiko ereduak iristen hasi ziren eta horrek argi utzi zuen Euskal Herrian egiten zen musika politikoa eraberritzeko beharra. 90eko hamarkadan, RRVaren eredu estetiko, musikal eta politikoa oinarritzat hartzen eta gainditzen zuten eta jada bere proiektu politikoari ekarpen zuzena egiten zioten artisten agerpenarekin, Ezker Abertzalearen kultura politikoan erabat txertatutako arte politiko eredua gorpuzten hasi zen. Eredu horren paradigma gisa hartu izan da Negu Gorriak taldea.

Izan ere, 80ko hamarkadako musika taldeen artean, goiko lerroetan azaltzen saiatu garen konbergentziaren adibiderik garbiena, ziurrenik, Kortatu izan zen. Horregatik, ez da kasualitatea talde horrek bere ibilbidea amaitutzat eman ondoren, 90eko hamarkada hasieran, Fermin eta Iñigo Muguruza anaiek Negu Gorriak taldea sortu izana. Gaur egunera iritsi zaigun arte politiko ereduaren abiapuntua modu oso argian gorpuztu zuen, proposamen estetiko eta musikal berritu batez gain proposamen politiko oso bat baitzuen oinarrian.

Aurrez aipatu bezala, garai hartan mundu mailan ematen ari ziren eta politikari zuzenean loturiko arte ekoizpen esperientzia ezberdinek –AEBetako Public Enemy taldearen musika eta Spike Lee zinema zuzendariaren filmak, besteak beste– bat egin zuten Euskal Herrian pil-pilean zegoen eztabaida politikoaren beharrekin.

Negu Gorriak taldeak erreferentzia musikal zein politiko horiek hartu eta oso modu kontzientean ekarri zituen. Argi eta garbi, AEBetan afro-amerikarren eskubideen aldeko borrokaren testuinguruan hip-hopa eta rapa egiten zuten taldeen ereduak hartu zituzten lehenengo lanetan, hala nola, Radio Rahim kantan eta bideoklipean eta Bertso-hop abestian. Hautu erabat kontzientea eta erabat politikoa izan zen, halaber, lehenengo kontzertua Herrera de la Manchako presondegian eman izana, Amnistiaren aldeko aldarrikapenarekin urtero egiten zen martxarekin batera. Bestalde, aipatzekoa da NG Brigaden sorrera ere. Brigada edo talde horiek tokian toki sortzen ziren, Negu Gorriak taldearekiko gertutasun musikal zein politikoa zutenen artean. Fanzineak editatzen eta publikatzen zituzten, eta Negu Gorriak-en kontzertuen aurretik hitzaldiak eta bestelako ekintzak ere antolatzen zituzten. Esperientzia hori aipagarria da, hain zuzen ere, jende ugari oinarri politiko oso zehatz baten arabera politikoki inplikatzea publikoak eta modu aktiboan parte hartzea lortu baitzuten.

Argi dago Negu Gorriak ez zela proposamen musikal eta estetiko soila. Proposamen politiko bati zuzenean lotuta zegoen. Fermin Muguruzak berak esan zuen moduan:

«Jarrera diodanean esan nahi dut, rap-aren kasuan, adibidez, ez ditugula musika molde soilak kopiatzen. Jarrera bat dugu, nortasun bat, bai musika eta bai mezu aldetik. Honetaz gain, ez dugu nahi izan musika talde bat soilik. Ekintza desberdinak antolatu nahi ditugu. Hortxe dugu Public Enemy musika taldeak duen eragina. Esate baterako, beltz gazteen artean beren eskubideen alde borrokatzeko gogoa piztu dute. Batzuek diote ahotsa instrumentu bat dela. Niretzat ahotsa askoz garrantzitsuagoa da beste elementuak baino. Mezu bat botatzen duzu. Sarritan esan beharra dago potrotaraino zaudela. Musika arma bat da, nahiz ez beti. Beste kantu batzuk ondo pasatzeko ere egiten ditugu. Bestalde, benetan garrantzitsua da musika ona egitea, kalitatea ematea». (Lorea Agirrek Argian egindako elkarrizketa, 1990/07/01)

Euskal Herriko testuinguru politikoan eta ENAMen kultura politikoaren baitan erabat txertaturiko arte politikoaren paradigma gisa har dezakegu Negu Gorriak, hurrengo hamarkadetako musikagintzan berebiziko eragina izan zuena.

Ondorio gisa

Gure garairaino iritsi zaizkigu arte politiko eredu horren hondarrak, musikaren arloan zein bestelako diziplinetan. Arte ekoizpen horrek, ordea, modu anakronikoan erreproduzitzen du ENAMen kultura politikoari lotutako eredu hori. Euskal Herriko ziklo politiko iraultzailearen eta Nazio Askapen Mugimenduaren porrotarekin, eta horrek berekin ekarri zuen kultura politiko oso baten desintegrazioarekin, bere existentziarako baldintzak ere agortu egin zirelako. Hau da, egun ez da existitzen, 80ko eta 90eko hamarkadetako adibideetan ikusi dugun moduan, arte politiko horrek helarazten duen mezua defenda dezakeen politika errealik, agortu egin baita erreferentzia egiten dion proiektu politikoa.

Euskal Herriko testuinguru partikularra aztertzeko ere ezinbestekoa da gaur egungo koiuntura kulturalaren oinarriak proletalgoaren proiektu historikoaren porrotaren baitan kokatzea. Izan ere, ENAM-en porrotarekin batera eta nazioarte mailan proiektu komunistaren porrot historikoarekin batera Euskal Herrian erabat orokortu da apolitikotasunak, atomizazioak, epe luzerako perspektiba politiko ezak eta erreferentzia politiko iraultzaile faltak ezaugarritzen duen derrotismoa.

Derrotismo horren eta kultura politiko oso baten desintegrazioaren ondorioz gugana iritsi den arte politiko dekadente eta anakroniko baten aurkako erreakzio gisa uler daitezke egungo posizio artistiko eta politiko batzuk. Arte politikoaren formen eta edukien eraberritze bat proposatu dute batzuek, “garai berrietara” egokituko den arte ekoizpen baten beharra aldarrikatuz. Beste zenbaitek artearen autonomiaren aldarri sutsua egiten du, proiektu politiko batekiko lotura zuzenak arteari berea behar lukeen autonomia ken diezaiokeela esanez. Ugaritu egin dira, halaber, arteak politikarekin inolako zerikusirik izan behar ez duela aldarrikatzen duten ahotsak ere.

Kasu askotan posizio kontrajarriak diruditen arren, guztiek ideia bera dute oinarrian: “Bukatu dira arte politikoa egiteko arrazoiak, jada ez dago proiektu politikorik zeinari artea atxiki dakiokeen. Arte politiko eredu zahar horrek jada ez dauka zentzurik”. Ikuspuntu horrek badu zerbait egiatik. Izan ere, funtzio politiko errealik bete al dezake bere izateko arrazoi historikoak galdu dituen arte batek?

XX. mendean Europan garatu ziren abangoardia artistikoen esperientzia aski ezagunak zerbait erakutsi badigu, zera da: artearen arazoak ezin dira artetik konpondu. Artearen esparruko iraultza tekniko eta formalek zein eduki politiko “esplizituek” ez dute inongo aldaketarik ekarriko ez bada iraultza politiko, ekonomiko eta sozial baten eskutik. Hau da, artea ez bada proiektu politiko batekin lotzen. Beste modu batera esanda, helburuak ezin du izan artea testuingurura egokitu dadin eraldatzea, artea testuingurua eraldatzeko tresna bihurtzea baizik.

Bere izateko baldintzak agortuta dituen arte politiko eredu honen aurrean kritikoak izateak ez du esan nahi arte politikoaren beharrezkotasuna ukatzen dugunik, kontrara, hain zuzen ere. Derrotismo egoerari aurre egiteko modu bakarra eraldaketa kultural eta politikoa da eta artea eraldaketa horretarako tresna gisa ulertu behar dugu, potentzia politiko betea izango duen artea antolatu behar dugu.

Ziklo politiko zaharrari loturiko eredu horretatik askatu eta arte politiko eredu eraberritu bat sortu behar dugu, funtzio politiko errealak beteko dituena eta garaikidea izango dena, testuinguru historikoari eta momentu politikoari erantzungo diona. Argi baitaukagu estrategia sozialista dela epe luzera artearen garapen askerako berme bakarra, eta horretarako esparru guztiak, baita artea ere, antolatzea dela gure egitekoa.